Diplomazia

Frantzia eta Italia, Europako Batasuneko botere balantza aldatu nahian

Merkelen agurrak utziko duen abagunea baliatzeko, Macronek eta Draghik beren herrialdeen arteko lankidetza sustatzeko akordioa sinatu dute. Quirinaleko Hitzarmena «historikotzat» jo dute bi agintariek.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Mario Draghi Italiako lehen ministroa, gaur, Quirinale jauregian. PAOLO GIANDOTTI / EFE
ander perez zala
2021eko azaroaren 26a
17:32
Entzun

EB Europako Batasuneko bikote historikoa Alemania-Frantzia izan da, baina baliteke oraingoan beste batek hartzea protagonismoa. Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak datorren hilabetearen hasieran utziko du politika —baita hutsune bat ere—, eta, haren ordezko Olaf Scholzek bere burua kokatzeko denbora beharko duela kontuan harturik, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Mario Draghi Italiako lehen ministroa abagune hori baliatzeko asmotan dira, EBn buruzagitza berri bat finkatzeko eta, bide batez, talde komunitarioko botere balantza aldatzeko. Baita azkarrago ekiteko eta, agian, gehiago xahutzeko ere. Asmo eta helburu horien erakusle bilakatu da, hortaz, bi agintariek gaur sinatu duten Quirinaleko Hitzarmena, zeinaren bidez bi herrialdeen arteko lankidetza sustatuko duten hainbat arlotan.

Macronen eta Draghiren artekoa elkar ulertzearen eta ideiak, interesak eta lehentasunak partekatzearen istorio bat da: EBren suspertze plana martxan jartzeko lan —eta presio— egin zutenen artean egon ziren, talde komunitarioaren gastu araudiak aldatzeko asmotan dira, proiektu industrial bateratuak sustatu nahi dituzte, eta geroz eta pauso gehiago eman dituzte migrazioaren auzian erantzun komuna helarazteko, besteak beste. Sintonia horren erakusle da Italiako lehen ministroak Frantziako presidentearekin afaltzea erabaki zuela bere urtebetetze bezperako gauean.

Agintarien profilek ere zerikusia dute horretan: bankari ohiak dira, europazaleak, erabakiak azkarrago hartzearen aldekoak —batez ere EBn—, eta beren burua «zentristatzat» daukate biek ala biek. Finean, bat etortzeak askotarikoak dira, eta koordinazio hori talde komunitariora eraman nahi dute, momentum-a ez galtzeko. «[Bi herrialdeen arteko] Harremaneko momentu historiko bat da», adierazi du Draghik akordioa sinatzeko Erromako Quirinale jauregian egindako agerraldian. Macron ez da gutxiago izan, eta izaera bera aitortu dio itunari.

Bi herrialdeen arteko lankidetza indartzeko hitzarmenaren oinarrian «subiranotasun europarra» dago, eta, horretarako, harremana sustatuko dute atzerri politika, segurtasun, defentsa, justizia, hezkuntza eta kultura arloetan, esaterako.

«Subiranotasun europarra bilatzeak esan nahi du guk nahi dugun Europaren etorkizuna diseinatzea, ez besteek nahi dutenarena», azaldu du Italiako lehen ministroak. Frantziako presidentearentzat, berriz, Paris eta Erroma bat datoz «Europa demokratikoago, subiranoago eta integratuago bat» nahi dutela, eta horren ondorio da akordioa sinatzea.

Hauek dira bi aldeek adosturiko neurrietako batzuk: hiru hilabetean behin herrialde bateko zenbait ministrok besteko Ministroen Kontseiluan parte hartzea; «batzorde zibil bat osatzea mugaz gaindiko lankidetzarako, kontuan harturik EBn migrazio fluxuak kudeatzeko politika bateratu baten beharra» dagoela; eta segurtasun indarrak laguntzeko «unitate operatibo bat sortzea».

Egoera desegonkorrean

Bi agintariek egungo egoera desegonkorrari aurre egiteko pausotzat aurkeztu dute lankidetza sustatzea. Krisi ekonomikoaz gain, koronabirusaren pandemia kudeatu behar dute, baita beste hiru gai ere: Errusia, zeina geroz eta erasokorragotzat daukaten; Txinaren gorakada, zeina mehatxutzat daukaten; eta Ameriketako Estatu Batuak, zeinak pixkanaka aldentzen ari diren.

Gainera, Frantzian bost hilabete barru egingo dituzte presidentetzarako bozak, eta, beraz, Macroni kanpain(aurrea)n are gehiago sartzeko balioko dio itunak; zer esanik ez EBra begira, haren herrialdeak datorren urtarrilean hartuko baitu EBko Kontseiluko presidentetza.

Draghiren kasuan, akordioak haren ospea eta agintaldiko egonkortasuna elikatuko ditu, oraindik ez baitu argitu Italiako lehen ministroaren karguan jarraituko duen ala herrialdeko presidentearen kargua onartuko lukeen baldin eta alderdiek hori proposatuko baliote datorren urteko otsailerako —kontsentsua handia da haren izena aipatzerakoan—.

Quirinaleko Hitzarmena ontzeko lehen pausoak 2018an eman zituzten, Paolo Gentiloni Italiako lehen ministro zela, baina bi herrialdeen arteko harremana erabat gaiztotu zen urte hartab, bozen ondoren 5 Izar Mugimenduak eta Legak osaturiko koalizioa agintera iritsi zenean —Giuseppe Conte buru zuela—.

Draghirekiko harremana, berriz, bere horretara itzuli da, Macronek eta hark antzeko ikuspuntuak eta jarrerak baitituzte hainbat auzitan —sei aldiz batzartu dira iragan otsailetik—; are, hilabeteek aurrera egin ahala, bi agintariak geroz eta gehiagotan aritu dira elkarlanean, eta horri segida emateko pauso naturaltzat aurkeztu dute ituna sinatzea.

Hori bai, Macronek gaur azaldu du akordioa ez dela erronka bat Frantziaren eta Alemaniaren arteko harremanarentzat: «Horren osagarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.