Albistea entzun

'Mantangorri'

'Kuikui', Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria

Bihar zen estreinatzekoa emanaldi berria, Amurrion (Araba), baina udalak iragarri du atzeratu eginen dela. Euskararekiko duten kezkatik sortu dute ikuskizuna. Gai hori ardatz hartuta, ipuin bat, disko bat eta ikuskizun bat prestatu dituzte.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Margarita oiloarekin. /
Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Margarita oiloarekin. / Maialen Andre/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2021eko azaroak 27

Aurten, Kuikui ikuskizunarekin saio handiak egingo dituzte, baina kopuruz gutxiago izango dira. Dena den, Kuikui saioarekin ez ezik, Zorionak, Marimotots formatu txikikoarekin ere jarraituko dute, Amaren intxaurrak heriotzari buruzko ikuskizunari jarraipena emateko. Hona hemen Kuikui ikuskizuna zer den, zazpi galderatan:

1. ZER DA 'KUIKUI'?

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen proiektu berria da Kuikui, eta euskararekiko duten kezkatik abiatuta sortu dute, Joxe Mari Agirretxe Porrotx-en arabera: «Beti diogu euskaldunok izokinak garela, gurea bezalako hizkuntza txiki batek aurrera egiteko parean korronte handi bat daukalako». Txorien kantuaren bidez irudikatu dute euskara, eta, hizkuntzaz bezala, balioez ari dira, beste mundu bat irudikatzeko asmoz: «Irudikatzen dugu mundu bat non denok izango dugun toki bat: pertsonak, herriak, kulturak...». Ohi bezala, gai hori ardatz hartuta, ipuin bat, disko bat eta ikuskizun bat prestatu dituzte.

2. ZEIN DA IKUSKIZUNAREN ABIAPUNTUA?

«Zabaldu besoak, astindu hegoak, adi belarriak, ireki begiak!» esanez hasiko da pailazoen ikuskizuna. Txoria nintzela kantua abestu, eta etxeko sukaldean hegan egiten ikasiko dute. Izan ere, txoriek altueratik, zerutik, urrutira ikusteko duten gaitasuna miresten du Marimototsek, ikuspuntu zabalago bat izateko modua ematen dielako: «Txoriei begirada horrek gaiei heltzeko beste modu bat eta askatasunez bizitzekoa ematen die», azaldu du Porrotxek.

3. ZER GAI LANDUKO DITUZTE?

Goitik duten urrutirako begirada horri esker, pailazoek hainbat pertsonaren errealitatearekin egingo dute topo. Plastikoz betetako balearekin elkartuko dira, eta, hari lagundu nahian, Txomin ikusiko dute, Ameriketako indioa. Balearekin bezala, Tiderrekin egingo dute topo geroago, Afrikatik Euskal Herrira ezkutuan datorren migratzailearekin, anaia Baionan daukalako zain; eta, geroago, Ilargi baserritarrarekin eta Margarita oiloarekin. Margaritak koloretako arrautza bat errun du, eta Txitakolorea jaioko da bertatik, «ostadarraren koloreak munduan zabaldu nahi dituena».

4. ZER KONTATUKO DU IPUINAK?

Miren Amurizak idatzi du Kuikui ipuina, eta Irrimarrako Irene Irureta eta Karmele Gorroño ilustratzaileek jantzi dute irudi koloretsuz. Txorien kantuaz mintzo da, bakoitzak bere abesteko modua baitu: zozoak kui-kuikui egiten du, tukanak kerrek-kerrek, hontzak bu bururu uru-uru. Txorien kantuak baliatuz, munduko hizkuntzez ari da Amuriza: «Hizkuntza aniztasunaren inguruko testu bat da, txorien bidez geure jarrerak islatu gura dituena, askotan imitazioz hizkuntza handien musika horri jarraitzeko joera dugu, eta geurea galduz joaten gara». Paperean argitaratzeaz gain, ipuinaren ahozko grabazioa ere egin dute, eta ikus-entzunezko gisa ere ikus daiteke.

5. NOLAKOA DA DISKOA?

Hamabi abestiko diskoa ondu dute pailazoek, eta Xabier Zabala aritu da horiek sortzen edo egokitzen. Izan ere, hamabi abesti horietatik bost grabatu berriak dira: Kuikui, Txoria nintzela, Bakarrik eta libre, Xoxoak galdu du eta Itsasoa laino dago. Istorio baten bidez josi dituzte kantuak, eta, protagonistak txoriak izanik ere, gaur egun gertatzen diren hainbat gairi buruz hitz egiten dute: munduko hesiei buruz eta Bidasoan hildako migratzaileei buruz, kasurako.

Ikuskizun berriaren disko-liburua eskuratu nahi duzu? Bidali zure marrazkia mantangorri@berria.eus helbidera, eta eskuratu zozkatuko ditugun bost sortetako bat.

6. HABIA KUTXAK, NORI?

Kuikui ikuskizuna egiten duten herrietan, euskalgintzan aritzen diren taldeei txorien habia kutxak oparituko dizkiete pailazoek. Aranzadi zientzia elkartearen Txoribox proiektuarekin bat eginez, elkarte horien eguneroko lana aitortuko dute: «Munduko txoriek habiak behar dituzten bezala, munduko hizkuntzek habiak behar dituzte. Euskal Herrian herri guztietan ari dira elkarte eta pertsonak euskararentzat habiak sortzen, euskarak izan ditzan espazioak egunerokoan txoriak bezala modu askean bizitzeko». Nafarroan ekoizten dituzte habientzako kutxak, eta jendea animatu nahi dute horiek egitera eta jartzera, txoriek babeslekuak izan ditzaten. Gero, Aranzadi elkartekoek jarraipena egiten diete txoriei, haiei buruz gauza gehiago jakiteko asmoz; azken batean, ikasketa prozesu bat da.

7. EMANALDIAK, NOIZ ETA NON?

Hauek dira oraingoz iragarri dituzten datak:

Abenduaren 3an: Irurtzungo kiroldegian.

Abenduaren 8an: Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean.

Abenduaren 12an: Zizur Nagusian.

Abenduaren 19an: Barakaldoko antzokian.

Abenduaren 26an: Durangon, Landako Gunean.

Abenduaren 27an: Azkoitiko antzokian.

Abenduaren 29an: Bermeoko frontoian.

Abenduaren 30ean: Ondarroako frontoian.

Hasieran, Pirritx, Porrotx eta Marimotots bihar ziren Kuikui ikuskizuna lehen aldiz ematekoak, Amurrioko (Araba) Buñueta kiroldegian. Ordea, COVID-19ak ekarritako egoeraren eraginez, emanaldia bertan behera utzi eta aurreragorako uztea erabaki dute antolatzaileek. Amurrioko Udalak ohar batean jakinarazi du atzeratzeko erabakia, «zuhurtziagatik eta erantzukizunagatik» egin dute urratsa.

ZORIONAK, MARIMOTOTS

Abenduaren 10ean: Pasai Donibaneko Juanba Berastegi kulturgunean.

Abenduaren 15ean: Argantzonen.

Abenduaren 17an: Donostian, Okendo kultur etxean.

Abenduaren 23an: Villabonako Gurea antzokian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Nagore Legarreta

«Sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Mitxelenak esan du sagardotegi garai "berezia" datorrela aurten; izan ere, lehen asteetan, behintzat, ezingo da zutik kontsumitu. Mahaira ekarriko dute sagardoa, pitxerretan edo botila gardenetan, iaz bezala.

Bizikleta zuri bat jarri dute istripua gertatu zen toki berean. ©URTZI URKIZU

Behar ez zuen ezbeharra

Urtzi Urkizu

Mila txirrindularik baino gehiagok Jon Rodriguez omendu dute: aurreko asteburuan hil zen, errepidean. Bizikleta zuri bat jarri dute istripua izan zen tokian, Gaintxurizketan, Irunen.

1 ©GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

«Arrano Etxearen historia amaitu egin da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

«Bizi proiektu bat» animalien zaintzari emana. Horixe da Albisu eta Garcia senar-emazteek Igeldoko euren etxean sortu eta jorratu dutena: teilatupea eta babesa. Aitortza nahikorik gabeko boluntario lana.
<em>Sin huellas</em> telesailaren grabaketak. Hori izango da euskarara bikoiztu edo azpidatziko duten lanetako bat. ©AMAZON PRIME

Espainiako Amazonek fikzio berriak euskaratuko ditu

Urtzi Urkizu

Ordainpeko plataformak iragarri du lan berriek euskarazko, katalanezko eta galegozko bikoizketak edo azpidatziak izango dituztela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.