Athletic 2-2 Granada

Partida biribiltzeko ezintasuna, agerikoa

Athleticek 2-2 berdindu du Granadaren aurka, San Mamesen. Zuri-gorriak aurreratu dira, Raul Garciaren golari esker, baina bi gol sartu dizkiete berehala. 74. minutuan, berdintzea lortu dute. Iñigo Martinezi txartel gorria atera diote. 

jarraia206508.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 26a
23:56
Entzun

Athleticek lehortean jarraitzen du: emaitza bolada txarrean dago. Granadari irabazita, onbidera itzuli nahi zuen, baina puntu bakarra urratu du, San Mamesen: 2-2. Gisa horretara, zuri-gorriek bost partida daramatzate irabazi gabe, eta, Europako postuetan egoteko, ezinbestekoa da garaipenak lortzea.

Partidaren atarian, San Mames morez jantzi da, indarkeria matxistaren aurkako keinu gisa. Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzaileak bi aldaketa egin ditu aurreko jardunaldian Levanteren aurka jokatutako lehian zelairatu zuen hamaikakotik, eta biak aurreko lerroan: Nico Williamsek Alex Berenguerren lekua hartu du eskuin hegalean; Oihan Sancetek, berriz, Iñaki Williamsen ordez jokatu du aurrelari gisa, Raul Garciarekin batera.

Bizia izan da neurketa hasiera. Bi taldeak goian hasi dira presioa egiten, eta erasora begira. Bada, Athleticek izan duen lehen aukerari ondo baino hobeto atera dio zukua. 9. minutuan, Angel Montoro erdilariak ahul urrundu du baloia areatik, eta, hutsegite horretan, Iker Muniain erne ibili da. Athleticeko kapitainak baloia lapurtu, ezker hegaletik erdiraketa egin, eta Raul Garciak bikain biribildu du jokaldia. Denboraldiko hirugarren gola du nafarrak.

Hortik aurrera, Athletic lasaitu egin da, eta Granadak etxekoek baino gehiago izan du baloia, nahiz eta zuri-gorrien arean arriskurik ez sortu. Bai, ordea, 24. minutuan, eta nahikoa berdinketa ezartzeko markagailuan. Dani Garciak baloia galdu du erdian. Zumarragakoa makal ibili da, eta Jorge Molinak berreskuratu du. Hark, burua altxatu, eta Darwin Machisi sakonean jarri dio baloia. Venezuelakoak, erritmo aldaketa azkar batekin Lekue atzean utzi, eta, ezkerrez, jaurtiketa gurutzatua eginda, sarera bidali du baloia. Unai Simonek ezer gutxi egin zezakeen.

Gol horri esker, hauspoa hartu dute erabat espainiarrek, harik eta 33. minutuan Athletici dema aldapan gora jarri zaion arte. Hain zuzen, Muniainek baloia galdu du erasoan, eta Granadakoak azkar atera dira kontraerasora. Horretarako, Machisen abiadura baliatu dute eskuin hegaletik. Erdiraketa gaiztoa egin duen arren, Athleticeko atzelariek astia bazuten baloia urruntzeko. Baina, ustekabean, Molinaren oinetara heldu da baloia, eta espainiarrak ez du barkatu Simonen aurrean. Etxekoek larrutik ordaindu dute akatsa. Kolpe latza izan da bisitarien gola.

Suspertu egin behar zuten Marcelinoren jokalariek. Baloia alde batetik bestera mugitu dute, jokaldiak ongi eratzeko, baina Granadakoak sendo zeuden atzean. Bi taldeek aparteko aukera argirik izan gabe, bisitariak abantaila zutela heldu da atsedenaldia.

Bigarren zatiaren hastapenean, Marcelinok aldaketen beharra sumatu du hamaikakoan; Oier Zarraga eta Iñaki Williams zelairatu ditu, jokoari bizitasun handiagoa emateko. Zuri-gorriek pauso bat eman dute aurrera, eta sarriago heldu dira Granadaren areara. Lehen abisua Raul Garciak eman du; urrunetik boleaz egindako jaurtiketa batek Luis Maximiano atezaina ezustean harrapatu du, baina baloiak langan jo du.

Jokalariek etenik gabe egin dute erasora, berdinketaren bila. Zarragak ezker hegaletik barneraldia egin eta eskuinez indartsu jaurti duen arren, Maximianok bikain erantzun dio. Hurrengo jokaldian, ordea, Granadakoak ez du behar bezala urrundu, eta, jokaldi nahasi baten ostean, bere atean sartu du. Athleticeko jokalariak eta jarraitzaileak indartu egin dira, eta partidako azken minutuetan bereak eta bi egin dituzte hiru puntu lortzeko.

Arauzko denbora beteta zegoela, Iñigo Martinezek gola sartzeko aukera izan du, baina, beste behin, Maximianok atea giltzarrapoz ongi lotua zuen. Handik gutxira, gainera, atzelari ondarroarrak zaplazteko galanta hartu du; azken jokalaria zela eta, sarrera itsusia egin dio Granadako aurrelari bati, eta Adrian Cordero Vega epaileak, bideo epaile laguntzailea erabilita, txartel gorria erakutsi dio Martinezi, eta aldageletako bidea hartu du. Denboraldi honetan bigarrenez izan da kaleratua. Azken minutuetan, ez batak eta ez besteak ez dute aukera baliatu, eta markagailua bere horretan geratu da. Athletic zortzigarrena da sailkapenean, hamalau partida jokatuta.

Athletic: Unai Simon; Lekue, Yeray, Iñigo Martínez, Balenziaga (Petxarroman, 76. min); Nico Williams, Vencedor, Dani Garcia (Zarraga, 59. min), Muniain; Sancet (Iñaki Williams, 59. min) eta Raul Garcia.

Granada: Maximiano; Quini, German (Abram, 45. min.), Torrente, Escudero; Gonalons, Montoro, Rochina (Yan Eteki, 65. min), Machis (Carlos Neva, 53. min.); Luis Suárez eta Jorge Molina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.