Eguraldia

Euriak eta haize boladek kalte ugari eragin dute zenbait herritan

Elurrak jadanik zuritu ditu Euskal Herriko hainbat eremu. A-15 autobidea itxi egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, botatako kazkabarragatik.

Donostiako kale bat, gaur goizean. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 27a
13:42
Entzun

Iragarria zegoen elurra, haizeteak eta beste ailegatuko zirela asteburua hasterako, eta erdiz erdi bete dira aurreikuspenak. Goiz goizetik, prezipitazioak eta tenperatura apalak izan dira nagusi Euskal Herrian. Zenbait tokitan, gainera, indarrez jo du haizeak, kalteak eragiteraino. Besteak beste, eguraldiaren iragarpenak ikusirik, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ere ezarri du euriagatik lehorrean, eta olatuen tamainagatik itsasoan. Aktibatu egin du, gainera, Uholdeei Aurre Egiteko Larrialdietarako Plan Bereziaren alerta fasea. Nafarroan ere piztuak dira alarmak: gobernuak aurre-alerta ezarri du elurragatik. Iparraldean ere alerta laranja dago ezarrita.

Euskalmet eta Eusko Jaurlaritza datozen orduetako egoerari buruz hausnartzeko bildu dira gaur goizean, eta, ondotik, adierazpenak egin ditu institutuko zuzendari Fernando Izagirrek. Euriteei dagokienez, zehaztu dute oraingoz ibai bakar batek ere ez duela gainezka egin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ordea, ez dute baztertu datozen orduetan halakorik gertatzea, prezipitazioek bere hartan segituko baitute, baita indartu ere. Are, arratsalderako abisu laranja dago aktibatua, espero baita prezipitazioek ez ezik izotzaren urtzeak ere arazoak ekartzea. Zuhurtzia eskatu dute.

Izan da kalterik dagoeneko. Esate baterako, Donostian gogor jo du haizeak, eta boladek behera bota dituzte, adibidez, zenbait arbola eta Gabonetako apaingarri. Ez da izan zauriturik, eta suhiltzaileak eta poliziak ari dira kaleak garbitzen.

Edonola ere, ohi bezala, eguraldiak errepide sarean ekarri du korapilo gehien. Atzo iragarri zutenez, elurra hasi bezain laster itxi dute A-15 autobidea; hetsia da oraindik. Bestalde, Nafarroako Gobernuak hiru errepide itxi ditu dagoeneko; hirurak bigarren mailako sarekoak dira. NA-7510 Aralar inguruan, NA-2012 Otsagabia eta Irati aldean, eta NA-137 Izaban. Halaber, ibilgailuetako gurpiletan kateak ezarri beharra agindu du gobernuak, segurtasuna bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.