Albistea entzun

Zuzenekoa

Horrela jarraitu du BERRIAk Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala

Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hura eta Eneko Lazkoz Martinez aritu dira txapelaren lehian, buruz burukoan. Haien atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Julio Soto Ezkurdia, Joanes Illarregi Marzol, Xabier Silveira Etxeberria, Xabat Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri eta Eneko Fernandez Maritxalar. Zuzenekoa da hau.

Alkaiza, amaierako agurra abesten txapeldunaren txapelarekin.
Alkaiza, amaierako agurra abesten txapeldunaren txapelarekin. Idoia Zabaleta / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Hodei Iruretagoiena -

2021eko azaroak 28

Zuzeneko kontakizuna

21:29

Txapeldunaren agurra, bazterretara

Horra Saioa Alkaiza Guallarrek botatako agurra:

"Besarkada bat langile auzoetako aldera
erdaldunen seme-alabok hor ikasi dugu euskera
eta mundu bat da jaso duguna horrekin batera
euskerak behar du ofiziala, Lesakatik Cascantera
eta orain musu handi bat iraultza den gorputzera
ez-bitarra, queer-a, transa, marika eta bollera
mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera"

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

21:28

Halaxe kantatu du Estitxu Arozenak, Alkaizari txapela jantzi ondoren: "Xabi zurekin lehen pausoak polit bildu zun Sakana / sanfermineko mutiko harek burua altu darama /Leitzan bi anai bixi bihurru ta Enekok egin du lana / Josu etxean jaiotakoa, Saioa Ezkaban barna / orain zu zara txapeldun handi ta hor zaudeten beste andana / alaba gisa hasi nintzen ni gaur aunitzen bertso-ama ohore bat da familia hau hazten ikusi izana".

21:22

Eneko Lazkozek umorez hartu du bigarren postua: "Berriro ere Poulidor berriro ere mekauen / mila zorion Saioa txapeldun handi ta lerden / nigatik egin dutenei negar, irri ta hasperen / milesker beste bigarren bat dut zuretzat bederen / ta txapela zer duzu buru brillante ta garden / bat duzu deika ta deika ta ez zara pausatzen hemen / eskerrak bertsoa hori baino askoz gehiago den".

21:21

Gaurkoan hirugarren egin du Julio Sotok. Horra haren agurra: "Biba saioa txapeldun berri saio erabatekoa / biba Eneko ze bigarrena berdin da aurrenekoa / egia esan kezkagarria zait gure gizartekoa / otsoak artzain badira nor ez da haien artaldekoa / dena bihurtu denean moral joku baten antzekoa / baldintzaturik dakusat gure begiraden atzekoa / nahiz ta iritzi askatasuna den aldarrikatzekoa / horren aurretik aldarrikatu behar da pentsatzekoa".

21:15

Saioa Alkaiza Guallar txapeldun

Halaxe geratu da sailkapena:

-Saioa Alkaiza Guallar 995 puntu

-Eneko Fernandez Martinez 992

-Julio Soto Ezkurdia 627,5

-Joanes Illarregi Marzol 596

-Xabier Silveira Etxeberria 592,5

-Xabat Illarregi Marzol 582,5

-Josu Sanjurjo Altzuri 580,5

-Eneko Fernandez Maritxalar 573

21:01

Oholtzan da Estitxu Arozena

Hamasei urterekin lehen plaza egin ondoren, 1992an hartu zuen parte lehen aldiz txapelketan, eta 1995koan txapeldun irtenda, Bertsolari Txapelketa bat irabazten zuen lehen emakumea izan zen. Iaz bete zen mende laurdena ordutik, eta pandemiak txapelketa atzeratu bazuen ere, egingo diote keinu mugarri hari. Arozenak, gainera, bide luzea egin du bertso irakasle gisara.

Gaur, berak jantziko dio txapela irabazleari.

20:57

Txapeldunaren izenaren zain

Amaitu dute buruz burukoa Alkaizak eta Lazkozek. Lan ederra egin dute biek ofizioetan nahiz bakarka. Puntu guztiak bildu eta txapela nork jantziko duen jakitea falta da. Estitxu Arozena Albizu bertsolariak jantziko dio irabazleari.

20:55

Lazkozen bakarkakoa:

"Nire seigarren tourrera iritsi nintzen beti gisa baikor / entrenamendu pila eginda bide eta bidezidor / gaurko etapan Pirinioak eta han ze malda gogor / kirolariak gabiltzan arren beti ongi beti jator / gaur pilula hau derrigor / hau hirugarren aukera dut ta bitan izan naiz Poulidor / baina gaurkoan nere aurretik ez da geratuko inor".

"Ume garaiko hasera hartan inork ez lezake pentsa / Eliseoan zapaldu behar nuenik podium ertza / maillot atzean poltsikoan dut gorderik pilula beltza / gaur jan behar dut nahiz ta lehenago eman diodan ezetza / ez bedi entera prentsa / tranpak eginda izan behar da bestela ez zen erreza / baina gaurkoan bete behar dut nere aspaldiko ametsa"

"Astinaldi bat eman ondoren bakarrik joan naiz aurrera / lau minutuko bentajarekin irabazi dut karrera / maillot horia jantzita egin didate denek harrera / ta argazkitan ikus daiteke nere zorion jarrera / baina nago sentibera / nahiz ta behingoan iritsi naizen nere ametsa lortzera / tranpak eginda irabaztea, irabaztea ote da?"

20:47

Eneko Lazkozen txanda kartzelako ariketan. Gai bera izango du bakarkako lanerako: "Pilula hartu duzu, aurrera jarraitu ahal izateko"

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:45

Alkaizaren bakarkakoa:

"Hilekoak eman zidan tripa barnean alarma / ez baitzen odol bildurik mina ez baitzen nere arma / etor dadila nahi nuen nahiz berez ez daukan xarma / ama izatea ez baitzen gazte garaiko afana / baina ai mutil laguna xirria eta laztana / predictorrak baietz dio, nik pilula nere barna / erabakirik ezean, ez baitut izan nahi ama".

"Hartu dut eta ostean eguna minez igaro / kimikoa izan baita zainen barnetako dardo / eta ni bizi irauten errutinaren naufrago / baina behintzat pentsatu dut 'hau amaitu da akabo' / hasieran malkoz bete masail, begi eta aho / baina neroni hizketan aritu behar dut klaro / 'Saio ez da deus pasatzen, zutaz oso harro nago'".

"Hamazazpi urte dauzkat berez naiz neska gaztea / eta haur batek lekarke nere baitan desgastea / ikasketak utzi behar eta hori desastrea / fardelak aldatzen pasa beharko nuke astea / baina akabo problema ta orain normalitatea / irri erdi bat eginez utzidazu esatea / zeinen gauza polita den pertsona libre izatea".

20:37

Saioa Alkaiza hasiko da bakarka. Hauxe du gaia: "Pilula hartu duzu, aurrera jarraitu ahal izateko".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:36

Hitz joko finak egin ditu Lazkozek seiko motzeko bigarren eta hirugarren bertsoetan:

-"Nik jende mordoa mindu / eta izena zikindu / nereak egin ditut ta orain nereak egin du".

-"Ta ni aurretik bi zango / nautenean eramango / ez naiz deskantsu hartuko duen bakarra izango".

20:33

Seiko motzean ari dira Lazkoz eta Alkaiza. Ospitaleko gela berean heriotzaren atarian dauden bi pertsona dira. Lazkoz, damu da bere bizitzan hainbat gauza egin izanaz. Alkaiza, aldiz, egin gabekoez da damu.

Nor bere paperean, dotore ari dira.

Lazkoz: "askotan sartu izan dut hanka belaunetaraino / atzean hainbeste laino / dut behin helduta honaino / bizitzeari beldur gehiago hiltzeari baino".

Alkaiza: "Erdi monja erdi sosa / nahiz puritana arrotza / kontra egiteko baino ez baitut altxatzen ahotsa / ez baitakit zer den poza / bizitza hau nola goza / carpe diem-a iritsi aurretik heldu da heriotza".

.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:23

Saioa Alkaiza eta Eneko Lazkoz, buruz burukora

Saioa Alkaiza eta Eneko Lazkoz ari dira txapelerako lehian. Zortziko txikian hasi dira, puntuka, eta seiko motzekoan egin beharko dute hurrengo afizioa. Amaitzeko, bakarkako gaia, hiruna bertso botatzeko.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:17

Amaitu dira zortzi bertsolariek egin beharreko lanak. Epaileen zain, buruz burukorako pasatuko direnen izenak laster esango dituzte.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:15

"Bortz urte dira alargundu zinela. Berriz ere bertze pertsona batenganako desira sentitzen hasi zara", jarri diote gaia Silveirari. Bigarren pertsonan maite izandako hari hitz eginez, lan hunkigarria osatu du lesakarrak. "Zuk konfiantza niregan zeneukan eta nik zugan / ta badakizu negua joateak sartu nau udan / espero dut ulertzea zergatik egiten dudan", amaitu du lehenengoan.

Bigarrenean: "Zorrak zor nere bihotza zureari mintzo zaiona / ezin mugatu nezake ta beste bat dator hona / zoritxar hau ea hola bihurtzen den zoriona". Bide beretik, azkena: "Hau ez hartu traiziotzat ez zaitut deusen truk saldu / baina nik uste nahikoa direla bortz urte galdu / berriz pozik bizitzeko ezin du izan berandu".

20:07

"Betidanik izan zara aktiboa sare sozialetan. Sortzen dizun estresarengatik, guztia kentzea erabaki duzu". Horixe zen Xabat Illarregirentzako gaia. "Behin fama ailegatu zen / lehen gustora baina ondoren hasi berri naiz damutzen / naute egunero ikusten baina inork ez nau ezagutzen", bota du bigarrena. Azkena, berriz. "Ez dut ordurik gastatu behar ikusten nautenentzako / orain denbora bat hartu nahi dut nere jendearentzako"..

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:01

Bakarkako sinesgarri eta indartsua egin du Sanjurjok. Gelara sartu eta negarrez lehertu dela azaldu ondoren, halaxe bota du bigarrena: "Faltan sumatzen ahal dut norbait pertsona baten laztana / .../ txikia etorri ta hau erran dit: aitatxo non dago ama". Azkena, berriz: "Baina halere izango dugu etxean une ederrik / eta etzazu ahaztu inoiz nahiz orain bota negarrik / bizitza hontan ez zaretela inoiz egongo bakarrik".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:53

"Eskolako jantokian bazkaltzera gelditzen zaren nerabea zara. Egunero aitzakiaren bat ateratzen duzu jan gabe gelditzeko", Lazkozen gaia. Lehengoa halaxe amaitu du: "Irakasleak politak izan arren klasean teoriak / gizarte honek bazter batean gauza pertsona lodiak".

Irudiak eta arrazoia ondo erabili ditu bigarrenean: "Aspaldi hontan itxia daukat nere ahoko atea / pentsa zazue nahiz ta ona ez den hemen deus ez jatea / hobea al da jan eta gero komunera joatea".

19:44

Joanes Illarregiri jarritako gaia: "Lantegi bateko enkargatua zara. Bertako zuzendariak, ekoizpena handitzeko, langileak estutzeko agindu dizu”. "Langile hauek nik diodana nahiz ta ez ulertu berez / lana egitea ez da errexa, baina agintzea ere ez”, kantatu du lehenengoan. Beste ideia batekin amaitu du, baina bidea behartu gabe: "Tona ta tona trailer barruan nahiko balute papela / lan egiteko jende gehiago kontratatu dezatela”.

 

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:34

"Telebistan elkarrizketa bat egin zizuten duela egun batzuk. Bideoa sarean zintzilikatu dute, eta elkarrizketaren zati bat moztu dutela jakin duzu", jarrio diote gaia Fernandezi. Biribiltzea falta izan zaio agian, baina egoki bota ditu lehen bi bertsoak.

"Covid pasean inguruan zen hitza nahi nuen disfruta / aurkezleakin eduki nuen mila hitz eta disputa / telebistako joku zikinak horrelakoak ditu ta / egirik ezin azaldu baina gezurrik ezin izkuta", hasi da. Bigarrena: "Nire bi hitzek euren hamasei izaten zuten segida / gaur telebista piztua dut ta amorruz nabil begira / arrazoia eurek baldin badute zeren beldur ote dira?".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:29

Aurreko ariketetan egindako saio bikaina ongi amaitu du Alkaizak bakarkakoan. "Gasolindegi bateko langilea zara. Gaueko txandak luzeegiak egiten zaizkizu", jarri diote gaia. Halaxe hasi da: "Uztea nahiz ta litzaken arimak leukaken nahia / gaua gasolindegian ez baita gauza alaia / nire bizitza delako saltzen dudan erregaia".

Emakumea dela zehaztu du bigarrenean: "Aizto zait bihotzean kamioneroaren broma / zein desberdina litzaken izanen banintz gizona". Eta, nahi ezta ere, itzuli egin beharko duela kantatuz biribildu du lana "Halere bueltatuko naiz nahiz eta hau dudan bortitza / bihar ere argituko du, aterako da argi-printza / tamalez horrela baita langilearen bizitza".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:21

Bakarkako ariketekin hasi dira, gaia emanda hiruna bertso bota beharko dituzte. Julio Sotok lan ederra egin du, kartzelaren inguruan. Hauxe zuen gaia: "Mendi buelta bat emateko aitzakian, Ezkaba mendira igo zara. Bertatik, Iruñeko kartzela berriari begira ari zara".

Lehen bertsoan ez dugula ezer ikasi esan ondoren, halaxe bota du bigarrena: "Gizarte libre, gizarte aske, lagun, kide, denak mahaiko / barkabera ta bihozbera ta ez pekatu ta ez Jainko / herrialde bat zigorgabea ez printzipioz arkaiko / egon behar du modu bat baina batzuek ez dute nahiko".

Hirugarrenean, lortu du gaiari beste buelta bat ematea: "ta bapatean akordatu zait gaurko maskarilla, Covi / nola eskubidez gabetu garen nola ez garen bat o bi / kartzela denak dira ospelak barrote beltz tetxu hori / ta kartzelarik arriskutsuna ikusten ez dugun hori".

19:08

Pixkanaka umorerantz jo dute Sanjurjok eta Silveirak hamarreko txikiko azken ofizioan. Lagunak dira: Sanjurjori eguberrietako loteria oparitu dio Silvierak. Ez onartzea erabaki du hark.

"Ez zaitez egon diru berri esperantzan / Xabi mundua jarri ohi duzu zuk dantzan / ba loteria ere jartzazu zalantzan", zirikatu du Sanjurjok laguna. Haren erantzuna: "Selekzioa gustoko du nahiz espainola / baina loteria ez niri bost axola / ordainduko dizkizut hiru euskal-kola".Kirol apustu bat egitea proposatuz amaitu du Sanjurjok, hitz joko ederra eginez: "Bertan jarri dezaegun biok daukaguna / diruaren gainetik dago Osasuna".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:00

Lazkoz eta Xabat Illarregi gaztetxoen futbol talde bateko entrenatzaileak dira. Atsedenera heldu da partida, eta 11-0 irabazten ari dira. Enekok, lasaiago hartzeko esan nahi die, Xabatek, berdin lehiatzen segitu nahi du. Arrazoiak egoki bota du Lazkozek: "Hezkuntza da jokoan hemen dagoena / irabaztea ez da kirolean dena". Eutsi dio, dena den, Illarregik: "Irabazten ikasi, zein da arazoa / galtzen ikastea da hurrengo pausoa".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:53

Gurasoak dira Alkaiza eta Joanes Illarregi. Seme-alabak unibertsitatean daude, eta asteburu batzuetan etortzen dira soilik. Gaur, Alkaizak, etxera heldu denean, seme-alabak txikiak zireneko jostailu batzuekin jolasten aurkitu du Illarregi. Goitik beherako bertsoak bota ditu Alkaizak, eta sinesgarriago aritu da. 

“Hemen nabil Saioa joku hau hurbila / aspaldi galdu nuen semaren bila”, bota du Illarregik. Alkaizaren erantzuna: "Ez duzu galdu, utzi pena atakea / ta adore bihurtu zure antsietatea / eskatu etortzeko ta ez joatea / zaurgarri izan zaitez behingoan maitea / falta botatzea ez da ahul izatea".
.

18:45

Txirrindularien azaletik, errepidearen arriskuez ari dira hamarreko txikian Soto eta Fernandez.Zuhurrango lehenengoa, "unea bizitzearen" alde, aparteko kezkarik gabe bigarrena. Irudiekin ondo jolastu du Sotok: bide bazterreko lore sortak, barra energetikoak…

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:37

Hamarreko txikiaren txanda. Orain artekoan, ariketaz ariketa, hutsik egin gabe ari da Soto. Alkaiza eta Joanes Illarregi ere eroso ari direla dirudi; puntu erantzunetan ere fresko aritu dira biak. Silveira ere ari da ale politak uzten.

18:22

Joanes Illarregi eta Sotoren, eta Alkaiza eta Fernandezen ofizioek sortu dute txispa gehien zortziko txikian. Puntu erantzunetan ari dira orain bertsolariak, bakarka.

18:21

Azken zortziko txikia, Silveira eta Lazkozena. Bikotea dira. Lazkozek goizeko bortzetan deitu dio parrandara bere bila joateko. Etxera ailegatu, eta ohean sartu da Silveira, lotarako asmoz, baina Lazkoz etengabe ari zaio gaueko abenturak kontatzen.

Behetik gora egin dute. Bertsoa goitik behera josiz, zirikatzaile amaitu du Silveirak. “Ba ni goxo nengoen goxoago ezin / zuri pijama jarri zaizun arte erpin / nik larrutan egin dut gaur beste birekin / esan dizut ta orain nahi haina hitz egin”. Lazkoz ez da atzean geratu: “Lasai ni ere prest naiz hasteko lanean / ea gozatzen duzu hirugarrenean”.

18:10

Zortziko txikian, giroa berotzen ari da. Alkaizak eta Fernandezek ere lortu dute jendea barrez jartzea. Alkaiza hamasei urteko gaztea da. Autobustean sartu, aulkian eseri eta musika jarri du bozgorailu batean. Fernadez alboan eserita, eta muturra okertu duela nabaritu du. Adibide bana jarri du Alkaizak bertso bakoitzean, eta ederki erantzun ditu Fernandezek.

C-tangana entzuten hasi dela esanda, hitz jokoa egin du lehenengo Alkaizak: “Bilatu nahi al duzu zuk ere tangana”. “Diskotekan zaudela pentsatzen al duzu”. Fernandezek. Azkenengoan ere, jendea algaraka: “Joseba Tapia orain modernoa da ai / eta berak ahal badu igual zuk ere bai”.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:03

Illarregi eta Soto hasi dira zortziko txikian. Luxuzko hotel batera autoz iritsi den bezeroa da Joanes Illarregi. Soto, auto aparkatzailea. Illarregik, giltza berriz hartzera joandakoan, autoa zikina dagoela ikusi du. Ateraldi ederrarekin hasi da: "Gau batean izan nahi al duzu laguna / bizi osoan izan ezingo duzuna". Sotoren erantzuna ere, bikaina: "Eraman garbitzera etzazu hartu su / nik baino errexago pagatuko duzu". Gogoan hartzeko ofizioa egin dute, bizi-bizi.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

17:57

Osasun langileak dira Xabat Illarregi eta Silveira. Laguntza eske joan zaie emakume bat. Lan orduetan ez dauden arren, lagundu egin behar dietela aipatu du gazteenak. Bide berari heldu dio Silveirak: "Pertsona gisa ere hain juxtu horretarako baikaude". Illarregik eman dio segida: "Guk bera lagun dezagun Xabi beti gure asmo onaz / ta beste norbait arduratuko da eraso egin dionaz".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

17:48

Diru aldetik justu dabilen bikotea dira Lazkoz eta Sanjurjo. Berriz ere erabilitako arropaz betetako kaxa bat aurkitu dute. Eman diote garapena gaiari, elkarrizketan. Nor izan ote den galdezka hasi da Lazkoz, dotore "Baina kaxa hau utzi duenak zertan du hainbat interes / guri bizkarrik ez emateko ta aurpegirik ere ez". Bizilagunarengana bera joan zela erantzun dio Sanjurjok.

17:43

Bi pertsona lodi dira Fernandez eta Joanes Illarregi. Lodifobiaren aurka zerbait egin behar dela uste dute. Nor bere argudioekin hasi arren, Illarregik asmatu du bertsokideari erantzuten azken bi bertsoetan.

17:36

Hasi dira ariketa puntuagarriak. Irakasle paperean hasi dira Soto eta Alkaiza, zortziko nagusian. Erabiltzen dituzten eskola liburuetan ez da Euskal Herriaren maparik ageri. Ofizio polita osatu dute, elkarri bidea irekiz, eta gaia mapetatik euskararen aferara ekarri dute bien artean.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

17:31

1.750 zale Anaitasunan

1.750 entzule bildu dira gaur Anaitasunan.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

17:27

Eneko Lazkoz, entzuleekin duen zorra kitatu nahian datorrela esanez: "Gaur sekula ez bezala egin nahi dut bertsotan".

Josu Sanjurjo: "Bertsoa beti hortxe zaude zu ni goxatu beharrean / orain mesedez lagun nazazu Nafarroaren aurrean".

Xabat Illarregi: "Ni bertsotara bainator nere hitza hartuz gaitzat / ta hala egin egin ezkero izango dira emaitzak".

Xabier Silviera, halaxe hasi da: "Arratsalde on garen jainko bakoitzari / gaur gol bat sartzen ari gara eliteari / .../ jarriogun txapela norbere buruari / jarriogun txapela norbere amari".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

17:24

Hasi dira agurrekin. Julio Soto lehenengoa: "Ahaleginduko gara umiltasun handian / ekarpen bat egiten forman ta mamian".

Aldarri ugari aipatuz hasi da Alkaiza, Anaitasuna kiroldegiaren izenarekin jokoa eginez: "Baina anaidia daukazu sobran ta faltan ahizpatasuna / arratsaldeon gaurko hesia izan dadila gure gezia / … / iritsi baita eguna / kantatzeko nahi duguna".

Presoak gogoan, Eneko Fernandez: "Cordobatik Darocara, Darocatik Iruñara / Porttu lehen aldiz finala aditzen ariko zara / ia hemengo berotasuna iristen zaizun ziegara".

Joanes Illarregi, eskaladarekin alderaketa eginez: "Soka batetik zintzilik nago tentsioz baina patxadan / azken pausoa soilik falta zait gailurra uki dezadan".

17:12

Ander Aranburu Arriola hasi da aurkezle lanetan. Ordena honetan arituko dira bertsolariak:

-Julio Soto Ezkurdia. Hamargarren finala du, eta horietatik bostetan jantzi du txapela.

-Saioa Alkaiza Guallar. Lehenengoz kantatuko du gaur final batean.

-Eneko Fernandez Maritxalar. Bost aldiz hartu du parte txapelketan, eta guztietan iritsi da finalera.

-Joanes Illarregi Marzol. Aurtengoa du hirugarren Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta bigarrenez arituko da finalean.

-Eneko Lazkoz Martinez. Zazpigarren finala du gaurkoa.

-Josu Sanjurjo Altzuri. Laugarrenez hartuko du parte Nafarroako txapelketan, eta lehenego finala du gaurkoa.-

-Xabat Illarregi Marzol. Bitan hartu du parte txapelketan, eta bietan iritsi da finalera.

-Xabier Silviera Etxeberria. Gaurko bertsolarien artean, final gehienetan kantatu duena da: hamaseigarrena du. Zazpi txapel ditu.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

17:08

Ohotzan dira bertsolariak

Txapelketako sintoniarekin batera, oholtzara igo dira bertsolariak. Giroa bero Anaitasunan.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

16:51

Hauxe da gaurkoan zortzi bertsolariek egin beharko duten lana: 

-8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso

-8ko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso

-Banaka, 3 punturi erantzun

-10eko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso

-Kartzela banaka, gaia emanda hiruna bertso

Puntuazio altuena duten bi bertsolariek buruz burukoa kantatuko dute. Hauxe da bi bertsolariek egin beharko duten lana: 

-8ko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso

-6ko motzean ofiziotan binaka, hiruna bertso

-Kartzela: Gaia emanda hiruna bertso

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

16:45

Ordu laurden barru hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñeko Anaitasunan. Pixkanaka ari da betetzen kiroldegia.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena


Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alaitz Arenzana, Zinegoaken zuzendari berria. ©Zinegoak

Alaitz Arenzana izendatu dute Zinegoak jaialdiko zuzendari

Berria

Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo dute

Jon Artano kazetaria. ©Anartz Izagirre / Urola Kostako Hitza

Jon Artano kazetariak irabazi du Tene Mujika beka

Andoni Imaz

Ameriketan ibilitako euskaldunen istorioak eta Euskal Herrira migratu duten amerikarrenak kontatuko ditu bere lanean, elkarrizketa, kronika eta bidaia liburuen osagaiak izango dituen kontakizun batean.

Marieta Diaz de Toledo eta Bertol Arrieta saridunak, Mikel Martinez aktore eta Cafe Bar Bilbao tabernaren jabearekin (ezkerrean), gaur, Bilbon. ©Raul Bogajo / Foku

Bertol Arrietak eta Mikel Fernandinok irabazi dute Cafe Bar Bilbao saria

Andoni Imaz

Arrietak kasualitatez topo egin duen bikote ohi baten istorioa kontatu du Zure sotoko ardoa lanean, eta Fernandinok «maitasunaren komenigarritasunari» buruz hitz egin du Deus ex twingo-n.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.