Zesta punta

Azken tantoak jokatu dira «bihotzeko plazan»

Atzo itxi zuten Floridan (AEB) Dania Jai Alai pilotalekua, 68 urteren ostean. Emozioa borborka izan zen eta une hunkigarriak bizi izan ziren.

Piloariak atzo, Dania Jai Alain. KEVIN COX, @BROOKLYNCOWBOY1
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 29a
12:15
Entzun

Azken kiniela. Azken partida. Eta azken tantoa. Guztia izan zen atzo azkena Dania Beacheko (Florida, AEB) Jai Alain. Pilotalekuaren azkena baitzen, 68 urteren ostean. Euskal Herriko puntistei luzaroen eta egonkorren jokatzeko aukera eman dien frontoia izan da, eta agurrekoa ezin zen bestelakoa izan: emozioa borborka izan zen, eta pena txaloekin nahastu zen.

Barandika, Ladutxe, Arrieta, Zulaika, Yeche, Iturbide, Erik eta Johan. Pilotaren atal baten itxieraren izen eta deiturak dira, haiek jokatu baitzuten azken kiniela.

Zaleek agur esan diote Dania Jai Alairi, eta tristura agerikoa zen atzo batzuengan. Ez da Floridako azken pilotalekua, baina Miamikoa horren aldean barregarria dela salatu duenik ere izan zen atzo.

Agurraren lekuko zuzena izan zen atzo Amaia Uribe EITBko kazetaria, eta hark ere tristura nabarmendu zuen, pilotariena eta zaleena. Ez baitziren bakarrik egon puntistak atzo Danian. Familiak lagunduta egon ziren, eta seme-alabek sinatutako pilotak eman zizkieten.

Jokalariek eskerrak eman zituzten 68 urteko ibilbidearengatik. «Eskerrik asko 68 urte hauetan emandako babesagatik. Eskerrik asko pilotalekura etortzeagatik». Eta zin egin zuten gogor lan egingo dutela etorkizunean ere zesta puntaz gozatu ahal izan dezaten zaleek.

Joan den astean BERRIAn ere hala aitortu zuten jokalariek: Euskal Herrian jokatzen jarraitzeko asmoa dute, eta «oso argi» dute une hau «mugarri» izan daitekeela zesta puntari bultzada bat emateko. «Lehen aldiz, pilotari guztiok gaude eskuragarri, nahi dutenean jokatzeko prest. Aukera ederra da urte osoko egutegi zabalago bat antolatzeko», zioen Ibon Aldazabalek.

Une hunkigarria izan zen atzo zaleek eta pilotariek bizi izan zutena. Arrieta bertsolariak joan den astean pilotariek egin zuten agurreko afarian esan zuen bezala, agur esatea ez da izan erraza, baina «betiko izango zara/ gure bihotzeko plaza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.