Zahar etxeak

Greba eginen dute Bizkaiko zahar etxeetan abenduaren 14an, ELAk deituta

Sindikatuak ezinbestekotzat jo du zahar etxeetako «zaintza eredua aldatzea» eta «ratioak hobetzea»

Bizkaiko zahar etxeetako langileak protestan, Barakaldon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 29a
13:13
Entzun

ELA sindikatuak grebara deitu du abenduaren 14rako Bizkaiko zahar etxeetan. Sindikatuaren arabera, «gabezia larriak» ditu sektoreak, eta horiek are ageriago gelditu dira izurriaren eraginez: «Negozioari lehentasuna ematen zaio pertsonen gainetik, eta propaganda instituzionalaz harago, ez dago hori aldatzeko benetako borondaterik».

Horren adibidetzat jo dute egoitzetako langileen hitzarmenaren negoziazioa, «patronalak ez baitu inolako borondaterik oinarrizkoak diren neurriei heltzeko, hala nola langileak lehen egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratuak egitea, soldata eta lan baldintzak IFASerekin ekiparatzea». Horrez gain, patronalak murrizketak ere planteatu dituela azaldu du sindikatuak ohar batean. «Ugazaben jarrera autoritarioak erakusten du pandemian funtsezkoak zirenak orain arazo bat direla haien onurarako».

Sindikatuak uste du asistentziaren kalitatea okertzen ari dela, «kaleratzeen, pribatizazioen, langile faltaren eta lanaldi murriztuko kontratuen ondorioz». Are: sektoreko langileen lan kargak «jasangaitz» bihurtu direla salatu dute.

Hori dela eta, grebara deitu dute abenduaren 14rako. Hala, 11:30ean Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean elkartuko dira zahar etxeetako langileak, «patronalari eta foru aldundiari eskatzeko benetako eredu aldaketa bat, lan baldintzak hobetzea, lantaldeak handitzea eta pertsonak negozioaren aurretik jartzea». Lanuztea luzatzeari atea zabaldu dio ELAk, bestalde, abenduaren 14koa «lehen greba eguna» izanen dela azpimarratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.