Iran

Iranek eta AEBek elkarrizketak hasi dituzte berriz, itun nuklearra salbatzeko

Zeharkako negoziazioari ekin diote Vienan, bost hilabeteko etenaren ostean. Teheranek bermeak eskatu dizkio Washingtoni, eta Etxe Zuriak ohartarazi dio amaitzen ari dela akordio bat lortzeko denbora.

Zentral nuklear bat Irango Buxehr hirian. ABEDIN TAHERKENAREH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 29a
16:36
Entzun

Iranek eta munduko sei potentzia handik elkarrizketei ekingo diete berriz gaur Vienan, islamiar errepublikaren jarduera nuklearra mugatzeko 2015ean sinatu zuten akordioa berriro ere indarrean jartzeko. Mesfidantza giroan bildu dira. Horren erakusgarri, Iranek uko egin dio AEBekin zuzenean negoziatzeari, hark herrialdearen kontra indarrean dituen zigor ekonomikoak kendu artean. Beraz, Teherango ordezkariak Txinako, Errusiako, Alemaniako, Frantziako eta Erresuma Batuko negoziatzaileekin bildu dira Austriako hiriburuan, eta AEBek bitartekarien bidez izango dute elkarrizketen berri. Europako Batasunak egin ditu koordinatzaile lanak.

Iranek eta sei potentziek urte hasieran ekin zieten negoziazioei, Joe Bidenek AEBetako presidentearen kargua hartu ondoren, baina elkarrizketak eten egin zituzten sei saioren ostean, Irango hauteskundeetan Ebrahim Raisi kontserbadoreak garaipena lortu zuenean. Islamiar errepublikako presidenteak bi baldintza ezarri dizkio Washingtoni harekin mahai berean esertzeko: AEBek Irani jarritako zigor ekonomikoak bertan behera uztea eta Etxe Zuriak bermeak eskaintzea, ziurtatzeko ez dela berriro ere itun nuklearretik irtengo.

Teheranek bonba nuklearra ekoitzi nahi zuelako kezkak bultzatuta sustatu zuten Mendebaldeko potentziek 2015eko ituna. Haren bidez, bermatu nahi zuten helburu baketsuetarako erabiliko zuela soilik jarduera nuklearra. Beti hala egin duela ziurtatu izan du Irango Gobernuak. Jarduera mugatzearen truke, herrialdeko ekonomia zamatzen zuten zigor ekonomikoak kendu zizkioten.

AEBek 2018ko maiatzean utzi zuten ituna, aldebakarreko erabakiz, eta Donald Trump orduko presidenteak zigor ekonomikoak ezarri zizkion Teherani, akordioa «muinean okerra» zela argudiatuta. Ordutik, ezerezean gelditzeko arriskuan da JCPOA Ekintza Plan Bateratu Zabala izendatu zuten akordioa.

Bidenek negoziazioei berriz ekiteko nahia agertu du bere diskurtsoetan, eta Robert Malley Etxe Zuriaren Iranerako ordezkari bereziak prestasuna berretsi du Trumpek islamiar errepublikari ezarri zizkion zigorrak indargabetzeko. Baina, Malleyk Teherani ohartarazi dionez, «negoziaziorako leihoa ez da betiko zabalik egongo».

Mendebaldeko potentziek Irani esan diote amaitzen ari dela irtenbide bat negoziatzeko tartea, azken hilabeteetan bere programa garatzeko egin dituen urratsengatik. «Une jakin batean, JCPOA higatuegi egongo da agian, Iranen aurrerapausoak ezin izango direlako desegin. Egoera horretan, ezin izango dugu hitz egin. Ezin daiteke hildako gorpu bat berpiztu», adierazi zuen Malleyk joan den hilean, prentsaurreko batean.

Itunetik kanpoko urratsak

Washington itunetik irten ostean, eta urtebetez «pazientzia estrategikoari» eutsita, Teheranek ahalmen nuklearra indartzeari ekin zion 2019an. Hainbatetan urratu ditu itunak herrialdeko jarduera nuklearrari ezartzen dizkion mugak. Uranioa ekoitzi eta aberastu du gehieneko kopuruetatik gora. Uranio aberastua zentral nuklearretan erabili ohi da erregai gisa, baina baita arma nuklearrak egiteko ere. Aurten, uranioa %60 aberastea lortu du, eta hurbildu egin da arma nuklearrak egiteko behar den %90eko mailara. Horrez gain, zentrifugatzaile garatuagoak jarri ditu martxan, eta azken hilabeteetan sarbidea mugatu die zenbait azpiegitura bisitatu behar zituzten IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ikuskatzaileei.

Elkarrizketak ekainean gelditu ziren tokitik hasi nahi dituzte AEBek. Aldeen arteko konfiantza hauspotzen ari zirela nabarmendu zuten orduan hainbat iturrik, eta landua zutela Washingtonek eta Teheranek eman beharreko pausoen eta horien segidaren gaineko akordioa. Iranen Hassan Rohani zen presidente, sektore moderatukotzat jo ohi dena. Hark negoziatu zuen 2015eko ituna Barack Obama AEBetako orduko presidentearekin.

Raisik presidente kargua hartu zuenetik, baina, bestelako jarrera bat erakutsi du Teheranek. Washingtonek «errua aitortu» behar duela nabarmendu du. Raisik, gainera, baztertu egin du negoziazio saio honetan Iranen programa nuklearrari buruz hitz egitea. Elkarrizketek AEBen zigor ekonomikoak indargabetzeari buruzkoak izan behar dutela nabarmendu du.

Mendebaldeko potentzien kezka da ez dutela argi zein den Teheranen azken helburua: egiaz itzuli nahi ote duen itunera, ala uranioa aberasten jarraitzeko denbora irabazi nahian ari ote den.

Europako Batasunak «azkar» eta «jarrera eraikitzailearekin» negoziatzeko eskatu die aldeei, eta elkarrizketak ekainean utzitako puntu berean berreskuratzera deitu du, AEBek eskatu bezala.

Errusiak «baikortasun zuhurra» agertu du Vienan duen ordezkari Mihail Ulianoven ahotik. Konfiantza agertu du akordioa berreskuratzeko aukeran, ez dagoelako «alternatibarik».

Israelek ere hizpide izan ditu elkarrizketak. Naftali Bennett lehen ministroa bere «aliatuei» mintzatu zaie: «Ez ezazue amore eman Iranen xantaia nuklearraren aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.