Astronomia

Zer gertatu zaio 'Leonard'-i?

C/2021 A1 Leonard kometa datorren astean begi hutsez ikusgai izatea espero zen, baina magnitude eskalan indarra galdu duela dirudi, eta adituek iragarri dute agian hautsi egin dela.

Leonad kometa, azaroaren 19an, Mungiatik ateratako argazkian. ALEX ESCARTIN
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 30a
11:51
Entzun

Urtarrilean aurkitu zuten Greg Leonardek Arizonako (AEB) Lemmon Mountain behatokitik eta bere deitura eman zion: C/2021 A1 Leonard. 80.000 urtean behin pasatzen da Lurraren ingurutik, eta astronomiaren zaleak haren esperoan ziren. Izan ere, ez da nolanahiko kometa. Magnitude eskalan hirugarren maila zegoen, eta gerturatu ahala, mailaz igotzea eta abenduaren erdialdean begi hutsez ikusgai egotea espero zen. Azken orduetan, baina, zerbait gertatu da. Kometaren magnitudea gelditu egin da, ez da handitzen ari, eta, adituen arabera, agian hautsi egin da. «Zer gertatu zaio Leonard-i?» da orain argitu beharreko galdera.

Ikusi gehiago: Leonard kometa ez da hautsi eta datorren astean begi hutsez ikusi ahal izango da

Ez da ezohikoa kometa bat puskatzea edo norabidez aldatzea. Virginia Garcia Aranzadiko Astronomia saileko kideak BERRIAri azaldu dionez, asteroideak ez bezala (harriz osatuak dira horiek), kometak izotzez eta hautsez osatzen dira. «Horregatik dute isatsa: ur eta hauts partikulak askatzen dituztelako. Eguzkira hurbiltzean kometa urtu egiten da, eta forma aldatzean puskatu egin daiteke, edo norabidea aldatu dezake», azaldu zuen joan den astean Leonard-engatik galdetuta, zuhur. Astelehenean ohartarazi dute Leonard-en magnitudea geldirik zegoela, eta datozen egunetan baieztatuko dute zer gertatu den, eta azkenean begi hutsez ikusi ahal izango den edo ikusteko gailuren bat beharko den.

Alex Escartinek joan den astean, azaroaren 19an, argazki bat atera zion Leonard-i Mungian (Bizkaia), teleskopio batekin eta argazki kamera berezi batekin. Bizkaiko Astronomoen Elkarteko kidea da, eta Espainiako toki batean modu finko batean jarri nahi duten teleskopioarekin ari zen probak egiten argazkia atera zionean. Guztira hamabost argazki atera zizkion, goizaldeako 04:17ean. «Kurba bat zuen iragarria, eta hautsi egin dela dirudi», dio orain. «Kometa bat elur bola zikin baten tankerako zerbait da, baina konpaktatu gabekoa. Eguzkiaren beroa eta radiazioa nabaritzen duenean gasa eta partikulak askatzen ditu, horregatik du isatsa. Baina kohesioa galtzen du, eta puskatu egin liteke».

Ipar Hemisferiotik begi hutsez ikusgai izan den azken kometa C/2020 F3 Neowise izan zen. Iazko udan ikusi ahal izan zen. Leonard abenduan espero zen begi hutsez ikusi ahal izatea, lehen iragarrita zegoen bezala hurbiltzen bada. Garciak BERRIAri azaldu dio berez abenduaren 12an, 13an eta 14ean espero zela begi hutsez ondoen ikustea, betiere zerua oskarbi badago, «oso garbi». Aranzadiko kidearen arabera, iluntzean eta egunsentian ikusiko da, gailuren batekin edo gabe, eta, horretarako, Hartz Nagusirantz begiratu beharko da, handik gertu pasatuko baita. Une honetan Hartz Nagusia oso behean dago, zeruertzean. Horregatik toki altuetara igotzea gomendatzen zuen Garciak: «Bestela mendiek oztopatu egin baitezakete kometa ikustea». Escartinek zehaztu du egunsentian Arturo izarrak lagundu dezakeela Leonard aurkitzen, eta iluntzeetan abenduaren 11tik 29ra izango dela ikusgai, «zeruertz oso garbietan».

Kometa ikusi ahal izateko lagungarria izango da baita Aranzadiren Elkano euskal planisferioa. Planisferio bat zeru sabaiko izarren mapa bat da, plano batean proiektatua, eta konstelazioak eta izarrak ezagutzeko erabiltzen da. Oso-osorik euskaraz idatzita dago, eta Euskal Herriko paraleloan, hau da, 43 º ipar latitudean kokatutako lehen planisferioa da. Hain zuzen, larunbatean 16:00etan aurkeztuko du Virginia Garciak Durangoko Azokan.

Munduari emandako lehen itzuliaren 500. urteurrenaren harira sortu du Aranzadik, eta BERRIA Dendan dago salgai. Ingurumenari eta zientziari lotutako jakintza euskaraz zabaltzea da BERRIAren eginkizunetako bat. Hori dela eta, irakurleek zerua ere euskaraz irakur dezan sustatu nahi izan dugu euskaraz idatziko planisferioaren bidez.

Datorren astean, gainera, BERRIAk behaketa astronomiko bat egingo du Aranzadirekin, eta izena eman duten irakurleekin Arbailungo behatokian, Usun (Nafarroa). Bi ordu iraungo du, eta 50 lagunek hartuko dute parte. Eguraldiak laguntzen badu (behaketa azaroan zen egitekoa baina eguraldiagatik atzeratu egin behar izan zuten), begi hutsez ez bada ere, Leonard kometa ikusi ahal izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.