Ermuko zahar etxe batean egoiliar bat hil da, eta beste 25 kutsatu

Birusa berriro sartu da zahar etxeetan: agerraldi bat atzeman dute Ermuko Abeletxe egoitzan; Arabako zahar etxeetan bost positibo eta hildako bat izan dira. Gipuzkoako egoitzetan, zazpi kasu positibo atzeman dituzte.

Adinekoen egoitza bat, artxiboko irudian. GORKA RUBIO/ FOKU
2021eko azaroaren 30a
16:32
Entzun

Berriro sartu da birusa adinekoen egoitzetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek jakinarazi dutenez. Araban, bost positibo eta hildako bat izan dira; Bizkaian, 25 kasu eta heriotza bat zenbatu dituzte; eta Gipuzkoan, zazpi kasu positibo atzeman dituzte.

Bizkaian, birusaren agerraldi bat atzeman dute Ermuko Abeletxe zentroan: egoiliar bat hil da, eta beste 25 erabiltzailek eman dute positibo. Kutsatutako egoiliarretako bat ospitaleratu egin dute, baina egonkor dago. Positibo eman duten gainerako egoiliarrak bi solairutan bakartuta dauzkate, ondo daude, eta txertoaren hirugarren dosia hartua dute, foru aldundiak jakinarazi duenez. Agerraldiaren ondorioz, egoitzako bisitak bertan behera utzi dituzte, eta komunikazio sistema telematikoa jarri dute martxan.

Gipuzkoan, berriz, lau egoitzatako zazpi egoiliarrek positibo eman dute, eta guztiak Eibarko erreferentziazko zentrora eraman dituzte; ez dute aparteko sintoma larririk. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu du transmisioak gora jarraituz gero eta neurriak zorroztu behar badira beste erakundeekin elkarlanean egingo dutela.

Araban, bestalde, bost kasu atzeman dituzte egoiliarren artean hiru egoitzatan, eta positibo eman duten horietako bat ospitalean dago. Gainera, egoiliar bat hil da gaitzarekin, baina, diputazioak jakinarazi duenez, heriotzaren arrazoiak beste batzuk izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.