Zahartzaroa

Artolazabal: «55 eta 64 urte bitarteko emakumeak dira zahartzaroaz gehien kezkatzen direnak»

'Adinkeria, zahartzeari eta erretiroari buruzko pertzepzioak' txostenaren arabera, adineko pertsonei buruzko estereotipo negatiboak handitu egin dira azken hamar urteotan.

Beatriz Artolazabal, gaur, Adiskidetasunari buruzko Europako Praktiken V. Jardunaldian. EUSKO JAULARITZA
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abenduaren 1a
16:52
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko «55 urtetik gorako biztanleriaren erdia baino gehiago» dago zahartzaroaz «kezkatuta», adierazi du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Nabarmendu du emakumeak direla «gehien» kezkatzen direnak; bereziki «lanean ari diren 55 eta 64 urte bitartekoak». Era berean, azaldu du «hezkuntza maila handiagoa eta egoera ekonomiko hobea» dutenek zahartzaroari «kezka txikiagoarekin» egiten diotela aurre.

Adinkeria, zahartzeari eta erretiroari buruzko pertzepzioak txostena aurkeztu du gaur Artolazabalek, Adiskidetasunari buruzko Europako Praktiken V. Jardunaldian. Adinkeria «adinaren arabera pertsonekiko estereotipo, aurreiritzi eta jarrera diskriminatzaileen multzo gisa» uler daitekeena da, eta, sailburuak nabarmendu duenez, gaur egun, «gizarteak adinekoak gaizki tratatzen dituen pertzepzioa handitu egin da».

Euskadi Lagunkoiak eta Matia institutuak egin dute txostena, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ikerketan ondorioztatu dutenez, «55 urtetik gorako biztanlerian oraindik ere adineko pertsonen irudia negatiboa da". Pertzepzio hori «nabarmen» handitu da azken hamar urteetan: «Gaur egun, hamar pertsonatik hiruk adierazten dute gizarteak gaizki tratatzen dituela adineko pertsonak, eta duela hamar urte, errealitate hori hamarretik bakar batentzat hautematen zela».

Artolazabalek azaldu duenez, adineko pertsonekiko dagoen «irudi negatiboa» osasunarekin du lotura, hau da, adinekoak menpekoak, gaixoak, ahulak eta sexualki ez-aktiboak irudikatzearekin, eta parte hartzaile gisa «herritar pasibo» moduan ikustearekin. Izaera eta segurtasuna, ordea, adinekoen «irudi positiboarekin» daude lotuta. Estereotipo horiek «jarrera negatiboak» eragiten dituzte adinekoen «zahartze prozesuaren inguruan», eta «ondorioak» eragin ditzakete; «independentzia galera goiztiarra, desgaitasun handiagoa, eta depresio eta heriotza indize handiagoak» eragin ditzakete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.