Espainiako kopa

Amorebietak eta Realak, aurrera; Tudelano eta San Juan, Kopatik at

Amorebietak 0-1 irabazi dio Europari, eta Realak 0-4 Pulidori. Tudelanok Bergantiñosen kontra 2-0 galdu du, eta San Juanek 1-2 Reyesen aurka.

jarraia206723.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 1a
23:21
Entzun

Egun bete-betea izan da euskal taldeentzat Espainiakon Kopako lehen kanporaketan. Denetariko emaitzak izan dituzte. Amorebieta eta Reala hurrengo kanporaketarako sailkatu dira; Tudelano eta San Juani, ordea, amaitu zaie Kopako ibilaldi laburra.

Tudelanok 2-0 galdu du Bergantiñosen aurka, Galizian. San Juanek ere ezin izan dio irabazi San Sebastian de los Reyesi, etxean. Nafarrak atzetik hasi dira markagailuan, baina 36. minutuan, Buruscok etxekoen aldeko gola sartu du, eta lehia berdindu. 73. minutuan, ordea, Oier Retegik bere atean sartu du. Partida amaitu arte San Juanek bereak eta bi egin ditu gola sartzeko, baina ez dute atea zulatzea lortu. Gisa horretara esan diote agur Kopari.
Amorebietak 0-1 irabazi du Europa talde mitikoaren zelaian, Bartzelonan. 35. minutuan heldu da bizkaitarren gola, Iker Amorrortuk sartuta.

Realak ez zuen ezustekorik nahi, eta goitik behera menderatu du Panaderia Pulido, Las Palmasen (Espainia). Imanol Alguacilen taldeak bikain ekin dio neurketari; izan ere, 7. minuturako markagailua 0-2koa zen, donostiarren alde. Portuk sartu du lehena, eta Aihen Muñozek bigarrena. Bigarren zatian, 60. minutuan Sorlothek sartu du txuri-urdinen hirugarren gola. Djouahrak bigarren taldeko jokalariak sartu du laugarrena 71. minutuan, Isakek eginiko pasea jaso ondoren.

Sei euskal taldeak
Gainerako sei taldek bihar izango dituzte Kopako lehen kanporaketako partidak: Gernikak eta Eibarrek derbia jokatuko dute, Urbietan; Osasunak San Agustin de Guadalixen zelaian ariko da, Madrilen; Peña Sportek Malaga jasoko du Tafallan (Nafarroa); Real Unionek Cristo Atleticoren aurka neurtuko ditu indarrak, Palentzian (Espainia); eta azkenik, Leioak Elx hartuko du Sarrienan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.