Enplegua

Azaroan, 1.076 langabe gutxiago Hegoaldean

Gizarte Segurantzak beste 2.614 kotizatzaile irabazi ditu, eta inoizko kopururik handiena du.

Lanbideren bulego bat, Barakaldon. LUIS JAUREGIALTO¡ZO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 2a
09:19
Entzun

Azaroak ez du etenik ekarri lan merkatuaren hobekuntzari. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, hilaren amaieran 149.481 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. Urrian baino 1.076 gutxiago dira, eta duela urtebete baino 22.482 gutxiago.

Azaroa hilabete ona izan ohi da lan merkatuarentzat, Gabonetako kanpainarako langile batzuk kontratatzea eragin ohi duelako merkataritzan, baina egia da lanpostu horietako asko galdu egiten direla urtarrilean. Gauzak horrela, zerbitzuetan jaitsi da gehien langabe kopurua (-873). Beste datu batean ere ikusten da merkataritzak azaroko datuetan izan ohi duen eragina: sektore horretan emakume gehiago aritu ohi dira lanean, eta haien artean gehiago txikitu da langabezia. Dena dela, emakumeak dira langabe erregistratuen %56,9 (urrian, %57,2 ziren).

Edonola ere, industrian ere oraindik jaisten ari da apurka-apurka langabe kopurua (-217), eta behera egin du aurretik lanik ez zutenen artean (-74). Hilabete okerragoa izan da, berriz, lehen sektorean (+55) eta eraikuntzan (+3).

Langabe kopurua jaitsi egin da Nafarroan (-426), Bizkaian (-401) eta Araban (-302); pixka bat igo egin da, ordea, Gipuzkoan (+53).

Inoiz baino langile gehiago

Langabeen zerrenda laburtu egin bada ere, luzatu egin da lanean daudenen zerrenda. Izan ere, Gizarte Segurantzak batez beste urrian baino 3.543 kotizatzaile gehiago izan ditu. Batez beste, 1.273.749 afiliatu ditu sistemak Hego Euskal Herrian, inoizko kopururik handiena.

Hego Euskal Herriko lan merkatuak urte eta erdi behar izan du konfinamenduari eta hark eragindako krisi ekonomikoari buelta emateko, kopurua osoetan behin-behinik. Urrian egin zuen, 2020ko otsaileko datuak hobetuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.