'DA Pro!'

Profesionalei bidea errazteko

Lau eguneko jardunaldiak egingo dituzte 'DA! Pro' izenpean. Helburua profesionalizazioa bultzatzea da

Durangoko Azoka eta BBK-ko ordezkariak, aurkezpenean. ARITZ LOIOLA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko abenduaren 2a
11:36
Entzun

Sortzaileei bide profesionalean laguntzea. Asmo hori bete nahi du aurten eraberrituta datorren DA! Pro sortzaileentzako azoka profesionalak. Duela hiru urte egin zuten lehen proba, eta sarea zabaltzea erabaki dute orain. Egun bakarreko jardunaldia zena lau eguneko topagune profesional bihurtuko da, eta, orain artean musika landu badu ere, ateak zabaldu eta bertze eremu batzuk hartuko ditu aurtengoan: musika bera, formatu txikiko familia ikuskizunak, literaturatik zinemara egiteko jauzia, eta sortzaileek bide profesionalak egiteko baliabideak.

Eremuak zabaldu ditu, baita formatua ere. Abenduaren 1ean hasi zen, eta 4an bukatuko da, azoka bete-betean. Lehen hiru egunak topaketak izango dira, eta beharrezkoa da izena ematea parte hartzeko —azaroaren 11n bukatu zen epea—. Azkena, aldiz, solasaldi irekia izango da, eta nahi duen orok parte hartzen ahal du. Azokaren programazioaren barruan, Landako guneko Areto Nagusian eginen dute solasaldia, eta zuzenean emango dute streaming bidez.

Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzailearen hitzetan, harrera ona izan du programak —41 sortzailek izena eman dute—, eta jardunaldiak egin aurretiko balorazioa «positiboa» da. Hemendik aitzinera ere, bidea egingo duen programa izango dela uste du Gaztelurrutiak: «Egonkortu nahi dugun programa bat da. Horregatik zabaldu dugu aurten. Zabaltzeak berak esan nahi du egonkortzera doala, eta asmoa etorkizunean programarekin jarraitzea dela».

Jardunaldiak diseinatzeko orduan, sortzaileen interesak kontuan izan dituztela nabarmendu du Gaztelurrutiak, eta jardunaldiek helburu argi bat dutela azaldu: «Beren ibilbide profesionalean aliantzak lortzeko eta hartu-eman berriak egiteko gunea izatea nahi dugu; finean, sortzaileei bide profesionalean laguntzeko programa bat izatea». Orain artean bezala, azokaren aurreko egunetan egingo dituzte jardunaldiak, azoka egunak ekitaldiz gehiegi ez kargatzeko, eta sortzaileek egun horiek bertze jardun batzuetarako bideratu ditzaten.

Lau gune, lau arlo

Lau egun diferente, lau arlo eta lau topagune izango ditu DA! Pro-k. Durangoko San Agustin kulturgunean egin zuten lehen jarduna hilaren 1ean, eta musika izan zuen ardatz. Musika Bulegoaren lankidetzarekin, 09:00etatik 14:00etara hamar minutuko aurkezpenak egin zituzten programan parte hartzeko izena eman duten musikariek, sektoreko profesionalen aurrean.

Hilaren 2an, formatu txikiko familia ikuskizunen eta tailerren txanda izango da Bizenta Mogel bibliotekan. Bezperako formatu bera izango du jardunaldiak, eta aurkezpenak izango dira eguneko ardatz.

Ikus-entzunezkoetara egingo du jauzi 3an jardunaldiak. Literatur sorkuntza lan batek zinemara eramateko egin beharreko urratsak eta osagaiak aletuko dituzte Durangoko Zugaza zineman egingo den jardunaldian. Helburua euskaraz jarduten duten eragileak harremanetan jarri, eta azokatik bertatik euskarazko literatura pantailetara egokitzeko lan ildo berezirik zabaltzeko aukerarik dagoen aztertzea izango da. Horretarako, Unai Elorriaga idazlea, Joanes Urkixo gidoilaria, Aizpea Goenaga zinema zuzendaria, Ander Barinaga Rementeria ekoizlea eta Gaizka Izagirre zinemazale eta kazetaria bilduko dituzte jardunaldi bakarrean.

Larunbatean, hilaren 4an, izango da azken eguna. Landako guneko Areto Nagusian Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak izeneko topaketa egingo dute. Hiru alor landuko dituzte. EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoak egile eskubideen ingurukoak aletuko ditu, Amaia Ocerin, kultur eta sormen arloko komunikazio aholkularia, marketin eta komunikazioaz mintzatuko da, eta Euskal Herriko Musikarien Elkarteko Myriam Miranda, berriz, sortzaileek lan bat egitean egin beharreko kontratazioez. Azken jardunaldi horretan, sortzaileek egunerokoan dituzten kezkak landu nahi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.