Uzta berria ondu du BERRIAk

Besteak beste, Joan Mari Torrealdaik zendu aitzinetik idatziriko azken liburua eramango du BERRIAk Durangora: 'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta'.

Aurten ere BERRIAk postu bat izango du Durangoko Azokan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko abenduaren 2a
11:51
Entzun

Hizkuntza eta nazioa. Bi ardatz horiek oinarri hartuta, liburu uzta mardula eramango du BERRIAk Durangoko Azokara. Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta Joan Mari Torrealdai Nabeak hil aitzinetik idatziriko azken lana da azokan izango diren liburuetariko bat. Egunkaria-ren sorrera gatazkatsutik Guardia Zibilak kazeta itxi eta hainbat arduradun atxilotu, torturatu eta kartzelara bidali zituen arteko kontaketa egiten du liburuan Joan Mari Torrealdaik, zeinak prozesu hori dena bertatik bertara bizi izan zuen. Sorreratik hartu zuen parte Egunkaria Sortzen-en; hasieratik izan zen Administrazio Kontseiluko kide, bertako lehendakari ere izan zen azken urteetan, eta atxilotutakoen artean zegoen. Liburu honetan hori dena kontatzen du: sorreratik itxierara, eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidea. Haren bizipenetik abiatutako kontaketa bat da, gogoeta pertsonalekin osatu eta aberastua. Euskal kulturaren ekintzaile eta protagonista baten lekukotasuna, zintzoa bezain jantzia, gure iragan hurbila ezagutzeko ezinbesteko tresna. Imanol Murua Uriak egin dio liburuari hitzaurrea, eta Torrealdairen lagun Joanmari Larrarte izan da liburua bukatzeko arduraduna.

Hizkuntzaren eta naziotasunaren ingurukoa da BERRIAk Durangora eramango duen bigarren liburua ere: Izan ala ez izen. Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan. 2019an Martin Ugalde beka irabazi zuten Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza eta Zuriñe Maguregi Sanchez Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko kideek, eta orain argitaratutako liburua da horren emaitza. Azkenaldian kezka iturri izan da euskal hedabideek Euskal Herria nola irudikatzen duten, eta horixe da, hain zuzen, bekak ikertzeko eskatzen zuena. Horri lotuta, hainbat galdera egin dituzte liburuan: Izenik ez duenak ba al du izanik?, Izen asko dituenak, berriz, izan bakarra ote du? Euskal Herria, Euskadi, Nafarroa, Vasconia, Euskaria, euskal lurraldeak, euskararen lurraldeak, EAE, Baskongadak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa/Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa… Ikerketak agerian utzi du euskal hedabideek nola irudikatzen duten Euskal Herria, nola izendatzen duten euskal lurraldea, eta erabiltzen dituzten izenen azpian zein eremuz ari diren. Errealitatearen argazki hori erakusteaz harago, ikertzaileek arreta jarri dute arazo horren zergatietan, eta konponbide posibleetarako hainbat errezeta edo jorratzeko moduko bide seinalatu dituzte.

Zerura begira

Oso-osorik euskaraz idatzitako eta gure paraleloan, hau da, 43 º ipar latitudean kokatutako lehen planisferioa da BERRIAk azokara eramango duen hirugarren nobedadea: Elkano euskal planisferioa. Munduari emandako lehen itzuliaren 500. urteurrenaren harira sortua da. Hala, zerura begiratzean ikusten dituen izar guztiak identifikatu ahal izango ditu planisferioa eskuratzen duenak. Baina baita beste hiri batzuetatik ikusten direnak ere: Madril, Paris, Londres, Erroma, New York, Vancouver, Jerusalem, Beijing, Tbilisi, Sapporo eta beste batzuetatik.

Horiez gain, urteroko kontuak ere eramango ditu kazetak Durangora: egutegiak eta eguneko nahiz asteko ikuspegia duten agendak. Aurtengoan Ane Pikaza ilustratzaileak egin du azal koloretsua, eta lehenengoz asteroko ikuspegia duen agenda koloretsua ere egin dute. Horrekin batera izango dira BERRIAren erakusmahaian Aleka bildumako liburuak eta Anjel Lertxundiren zutabeak biltzen dituen Hitz beste 2003-2017 testu bilduma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.