Futbola

Munduko Kopako antolatzaileak gogorarazi du Qatarren ez daudela onartuta sexu bereko pertsonen arteko harremanak

Nasser al-Khater antolaketa batzordeko arduradunak esan du LGTBI kolektiboko pertsonak joan daitezkeela Qatarrera, baina maitasunik ezin dutela adierazi.

Nasser Al Khater. EFE
jon ordonez garmendia
2021eko abenduaren 2a
12:40
Entzun

Jakina zen, 2010. urtetik jakin ere, ez zela erabaki ona Qatar aukeratzea Munduko Futbol Txapelketa bat antolatzeko. Hala gogorarazi zioten Joseph Blatter FIFAko presidenteari urte horretan, erabakia hartu berritan, prentsaurreko batean: herrialde horretan bost urtetik gorako espetxe zigorra ezartzen diete sexu bereko pertsonekin harremanak dituztenei, eta gay eta lesbianei heriotza zigorra ere ezar diezaiekete lege islamikoa argudiatuta. Hala eta guztiz ere, Munduko Futbol Federazioak aurrera egin zuen erabakiarekin, France Football aldizkariaren arabera, diru truke: harreman sexualak alde batera utzi beharko dituztela erantzun zuen Blatterrek orduan, irribarretsu.

Baina 11 urte pasatu dira, eta, munduko txapelketa jokatzeko urtebete besterik falta ez den honetan, hori bera gogorarazi du Nasser al-Khater txapelketako antolaketa batzordeko arduradunak, CNN telebista kateak egin dion elkarrizketa batean, galderarekin deseroso: Qatarren ez dira onartzen sexu bereko pertsonen arteko harremanak. LGTBI kolektiboko pertsonak Qatarrera joan daitezkeela esan du, horri buruz galdetuta, baina ezingo dutela publikokimaitasuna adierazi. Azpimarratu du maitasun adierazpenak egiteko debekuak harreman mota guztiei eragiten diela, baina bada aldea heterosexualen eta LGTBI kolektiboko pertsonen artean, esan ez badu ere: espetxe eta heriotza zigorrak.

Josh Cavallo futbolista australiarraren adierazpenei erantzunez hitz egin du Al-Khaterrek. The Guardian egunkarian Cavallok esan du beldurra ematen diola Qatarren jokatzeak gaya dela esan ostean. Munduko txapelketako antolaketa batzordeko zuzendariak erantzun dio ez duela zertan beldurrik izan. Baina kazetarien galderei erantzunez gaineratu du heterosexualak ez diren maitasun adierazpenak egitea «muga bat» gainditzea litzatekeela. Esan du Qatarrentzat «arazo bat» litzatekeela sexu bereko pertsonek maitasuna adieraztea jendaurrean. «Maitasun adierazpenak gaizki ikusiak dira, eta, guk beste kulturak errespetatzen ditugun bezala, gureak ere errespetatuak izatea espero dugu», adierazi du.

2022ko azaroaren 21ean hasiko da Qatarren Munduko Futbol Txapelketa, eta ez da hori horren inguruan dagoen eztabaida bakarra. The Guardian-ek salatu du eraikuntza lanetan 6.500 migratzaile hil direla azken urteetan. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, aurten soilik 50 pertsona hil dira, eta 500 inguruk lesio larriak izan dituzte lanean. Gehienak asiarrak dira. Horri buruz Al-Khaterrek esan du ez direla aintzat hartu lan legedian egiten ari diren lanak. Duela bi aste, ordea, Amnesty Internationalek salatu zuen arlo horretan iragarri zituen aldaketak ez direla gauzatzen ari, eta Munduko Txapelketaren hasiera hurbildu ahala iraganeko gehiegikeriak areagotzen ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.