Eusko Legebiltzarra

Udalen eskumenak urratzen dituzten lege aldaketak arbuiatu ditu oposizioak

EAJk eta PSEk Ingurumen Administrazioaren lege proposamenari aurkeztutako zuzenketaren aurka agertu dira  EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-C´s taldeak Eusko Legebiltzarrean.

Araba Birizik plataformakoen protesta gaurko bilkuran. EDURNE BEGIRISTAIN
Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 2a
13:03
Entzun

Ingurumen Administrazioaren Legearen inguruan sortu den eztabaida Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara iritsi da gaur, EH Bilduren mozio baten bitartez. Izan ere, lege proposamenari zuzenketa bat aurkeztu berri diote EAJk eta PSE-EEk, eta, haren bidez, figura berri bat sortu nahi dute: interes orokorreko proiektua. Horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat «interes orokorrekoa» dela baieztatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ezin izango diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari. Zuzenketa horrekin toki erakundeen eskumenak «urratuko» direla salatu du EH Bilduk mozioan, eta haren kritikekin bat egin dute gaurko eztabaidan Elkarrekin Podemos-IUk eta PP-C's-k ere. Hala, EH Bilduk eta EP-IUk erdibideko zuzenketa bat adostu dute gobernuko bazkideen asmoen aurka. Testuak ez du nahikoa babes lortu gaurko bilkuran, eta atzera bota du plenoak: aldeko 31 boto lortu ditu (EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP) eta aurkako 41 (EAJ eta PSE-EE).

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri eta PSE-EEri aurpegiratu die zuzenketa «atzeko atetik» onartu izana, eta haren bitartez botere banaketak «birrindu» nahi izatea. «Gure herrian aspalditik ezarrita dauden botere orekak apurtu nahi dituzue, boterea zentralizatu nahi duzue udalak ahulduta eta eskumenak urratuta». Antzera mintzatu da Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea ere, eta galdera egin die Jaurlaritzako bazkideei: «Nola azaldu diezaiekezue herritarrei udal hauteskundeetan bozkatzen dutenak ez duela balio eta Eusko Jaurlaritzak erabakitzen duena inposatuko dela?». Kritika horiekin bat egin du Muriel Larrea PP-C´sko legebiltzarkideak. Salatu du zuzenketak «errotik» aldatzen duela lege egitasmoaren edukia, eta udalen iritzia aintzat hartu gabe «inposatu» nahi dela.

EAJk eta PSE-EEk, berriz, egindako kritikak alboratu dituzte. Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, zuzenketa horren edukiak bat egiten du legearekin eta «ezinbesteko tresna» da klima aldaketari lotutako erronkei lehenbailehen erantzuteko. Bide beretik Alberto Alonso PSE-EEko parlamentarioa: «Euskadik tresna eraginkor eta garantista bat behar du aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko».

Protesta kanpoaldeanp>

Osoko bilkurari kasu egitera joan dira gaur Araba Bizirik plataformako eta beste hainbat taldetako kideak, eta kanpoan elkarretaratzea egin dute. Gainera, eztabaida amaitzear zela Jaurlaritzaren lege egitasmoaren aurkako kartelak erakutsi dituzte palkoan, protesta gisa. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak aretotik bota ditu segituan.

Plataformako kideek agerraldia egin dute gero, eta gogor salatu dute EAJk Ingurumen Administrazioaren lege proiektua «maltzurki aldatu» nahi duela. Jeltzaleei leporatu diete aintzat ez hartzea herritarren iritzia, eta herri eredua «hazkundean» oinarritzea. «EAJk boteretsuak defendatzen ditu, parte hartzeko arauak eta tresnak mespretxatzen ditu, eta tokiko autonomia eta subiranotasuna baliorik gabe utzi», salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.