Albistea entzun

Osasun larrialdia bihar sartuko da indarrean.

Urkulluk jakinarazi du gaur bertan sinatuko duela osasun larrialdia deklaratzeko dekretua, eta bihar arratsalderako bilerara deitu du Labi

Osasun larrialdia bihar sartuko da indarrean.
Osasun larrialdia bihar sartuko da indarrean. Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2021eko abenduak 2

Asteartean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragarri zuen COVID-19aren datuen eboluzio «txarra» zela-eta berriz deklaratuko zuela Iñigo Urkullu lehendakariak osasun larrialdia; gaur arratsaldean, Lehendakaritzak jakinarazi du lehendakariak gaur bertan izenpetuko duela osasun larrialdia ezartzeko dekretua, eta ondorioz bihar bertan sartuko dela indarrean. Bihar arratsalderako, Urkulluk bilerara deitu du Labi, izurria kontrolpean hartzen ahalegintzeko neurriak ezartzen dituen batzordea. 16:30ean izango da. Ondoren emango dute ezarriko dituzten jarraibideen berri. Gaur goizean, Urkulluk esan du «neurrizkoak» izango direla. Pandemien aurkako legea onetsi zuten Eusko Legebiltzarrean, eta han ezarritako irizpideen araberako neurriak izango direla gogorarazi du.

Urkulluk osasun larrialdia ezartzen duen hirugarren aldia izango da hau. 2020ko martxoan ezarri zuen lehenengo, hilak 14 zituela, COVID-19aren lehen olatuaren hasieran. Handik hilabete batzuetara, maiatzaren 18an, bertan behera utzi zuen; «zaintza eta kontrolerako» fase batera igaro nahi izan zuen. Baina abuztuan ezarri egin behar izan zuen berriro, datuek okerrera egin zutela eta. Osasun larrialdi hura indarrean egon zen orain bi hilabete arte; urriaren 5ean, datuak apalduta zeudela ikusita, bertan behera utzi zuen berriro. Baina ez du luze iraun.

Neurriak espero dira aurki osasun ziurtagiriari dagokionez ere. 50 bezero baino gehiagoko jatetxeetan eta gaueko aisialdian eskatzen hasteko baimena emana dio Espainiako Auzitegi Gorenak Jaurlaritzari, eta Jaurlaritzako iturriak esaten ari dira auzitegiaren ebazpen ofiziala eskura izan orduko indarrean jarriko dutela. Are gehiago, gaur Iñigo Urkulluk iragarri du aztertzen ari direla ziurtagiri hori beste alor batzuetara ere zabaltzen hastea. Onartu du, hala ere, ez dela egun batetik besterako kontua izango: auzitegien babesa beharko lukete berriz. Nafarroako Gobernuan ere ziurtagiriaren erabilera hedatzeko asmotan dabiltza; Maria Txibite lehendakariak gaur iragarri du zahar etxeetan eskatzen hastea aztertzen ari direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gasteizko mugimendu feministak aurre egin zien atzo abortatzeko eskubidearen aurka ari zirenei. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Abortatzeko eskubidearen aurkako protestak, gutxienez ehun metrora

Edurne Begiristain

Askabide klinikara doazenei jazartzen dietenen aurka kautelazko neurriak hartu ditu epaileak
Euskaltzaleen Topagunearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia, atzo, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

E(ra)giten jarraitzeko asmoz

Irati Urdalleta Lete

Euskaltzaleen Topaguneak 25 urte bete ditu, eta ospatzeko ekitaldia egin du Donostian. Azken urteetako lorpenak nabarmendu dituzte, baina uste dute euskararen erabilera bultzatu behar dela

AHTaren atzerapenak iritzi kontrajarriak eragin ditu Jaurlaritzan

Gotzon Hermosilla

Arriolak esan du iragarpenak ez duela «ezustean» harrapatu. Azpiazuk, berriz, «40 urteko atzerapena» salatu du. Espainiak 24,1 milioi euro jarriko ditu Gipuzkoan espetxe berria eraikitzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...