Migratzaileak

Mexikok hartuko ditu, behin-behinean, AEBetatik kanporatutako asilo eskatzaileak

Trumpen agintalditik datorren neurria da. Tramiteak 180 egunean egiten «ahaleginduko» dela esan du Washingtonek.

Migratzaile talde bat Ciudad Acunan, AEBeako mugatik gertu. ALLISN DINNER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 3a
11:31
Entzun

Aurreko legealdian, Donald Trump errepublikanoa agintean zela jarri zuten indarrean Geratu Mexikon politika. Joe Bidenek bertan behera utzi zuen neurria presidentetza hartu eta lehen egunean. Joan den abuztuan, ordea, Gorenak atzera eginarazi zion, Texasko eta Missouriko gobernuek jarritako helegiteak onartuz. Hainbat astetako negoziazioen ondoren, Mexikoko Gobernuak atzo onartu zuen AEBek kanporatutako asilo eskatzaileak «behin-behinean» herrialdean hartzea. Washingtonek esan du tramiteak 180 egunean egiten «ahaleginduko» dela.

Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute asilo eskatzaileak «baldintza txarretan» egoten direla Mexikon, eta, besteak beste, ez dutela abokatu bat izateko aukerarik ere. Haien aurkako erasoak ere ohikoak bilakatu dira mugaz hegoaldera. Salaketak, baina, ez ditu deportazioak geldituko. Astelehenean hasiko dira migratzaileak AEBetatik kanporatzen, El Paso, Laredo eta Brownsvilleko pasabideetatik. Kanporatutako migratzaileei COVID-19aren aurkako txertoa jarriko diete: dosi bakarra helduek eta bi dosi adin txikikoek.

Migratzaile guztiak ez dira kanporatuak izango. Mexikok eskatu du neurritik at uzteko zaurgarrienak, emakume haurdunak eta muga bakarrik igaro duten haurrak. Horrez gain, AEBeei eta migratzaileei laguntzen dieten erakundeei eskatu diete inbertsio handiagoak egin ditzatela herrialdean dauden asilo eskatzaileei laguntzeko eta «aterpe duin bat» emateko.

NBEren kritika

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gogor kritikatu du neurria, eta salatu du prozedurak irauten duen bitartean kolokan jartzen duela asiloa eskatzeko eskubidea eta eskatzaileen segurtasuna. Aldi berean, ohartarazi du ez duela babestuko neurria, nahiz eta eskertu AEBetako Gobernuari hura bertan behera uzten ahalegindu izana legealdi hasieran. «Prest gaude alde guztietako agintariekin elkarlanean aritzeko mugen kudeaketak eta asilo eskaerek nazioarteko legedia betetzen dutela bermatzeko», nabarmendu du erakundeak komunikatu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.