Iberdrola

Ignacio Sanchez Galanek urtarrilaren 18an deklaratuko du 'Villarejo auzian'

Epaileak izendatu zuen ikertu gisa Iberdrolako presidentea, eroskeriagatik, pertsonen intimitatearen kontrako delituengatik eta merkataritza agiriak faltsutzeagatik. 

Ignacio Sanchez Galan, artxiboko irudian. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2021eko abenduaren 3a
11:35
Entzun

Hilabeteak pasatu dira, baina, itxura guztien arabera, azkenean Villarejo auziko epailearen aurrean deklaratu beharko du Ignacio Sanchez Galan Iberdrola konpainiako presidenteak. Urtarrilaren 18an izango da, eta ikertu gisa deklaratuko du Galanek, hala izendatu zutelako ekainean, eroskeria, pertsonen intimitatearen kontrako delituak eta merkataritza agirien faltsutzea leporatuta.

Iberdrolako presidenteari egozten diote enkarguak egin izana Jose Villarejo polizia komisario ohiarekin lotura zuen Cenyt enpresari, hain zuzen politikariak, talde ekologistak, eta enpresa lehiakideak zelatatzeko helburuz.

Presidentearen aurretik Iberdrolako beste bi kargudunek deklaratuko dute urtarrilaren 17an: Francisco Martinez Corcoles konpainiako negozioetarako zuzendari nagusiak eta Rafael Orbegozo presidentearen kabinete buru ohiak, haiek biak ere ikertu gisa. Haiez gain, Galanek deklaratzen duen egun berean agertuko da epailearen aurrera Fernando Becker Espainiako Iberdrolako presidente ohia. Urtarrilaren 20an, berriz, Iberdrola Renovables Energia filialaren txanda izango da.

Sanchez Galan ez da izango Villarejo komisarioa kontratatzeagatik auzitegietan deklaratzen duen lehen enpresaburua. Ikertu gisa epailearen aurrean deklarazioa egin behar izan dute dagoeneko Repsolen presidente Antoni Brufauk, Caixabankeko presidente ohi Isidro Fainek eta Francisco Gonzalezek, BBVAko presidente ohiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.