Marifran Aranjuelo

«Gezur asko esan dizkigute metroari buruz»

Donostiako metroaren aurkako borrokak eta migratzaileen eta presoen aldekoak bizi dute, gaur egun, Aranjuelo. Ez zaio batere gustatu Donostiak azken urteotan izan duen eraldaketa.

Marifran Aranjuelo. MAIALEN ANDRES, FOKU
unai zubeldia
2021eko abenduaren 3a
12:00
Entzun

“Matematikaria naiz ni”. Marifran Aranjuelok (Donostia, 1947) hala deskribatu du bere burua, baina gizarte mugimendu askotan aritu da eta ari da lanean buru-belarri. Satorralaia Donostiako metroaren aurkako bizilagunen mugimenduko kidea da egun, eta oso kritiko hitz egin du proiektu horri buruz. Presoak eta migratzaileak ere oso gogoan ditu. “Ez gara ari gauzak ondo egiten”.

“Borrokalaria da emakume hori, oso borrokalaria”. Zure ezagun askok esandakoa da. Hainbesterako al da?

Ez, ez. Normal-normala naiz ni, baina, gustatzen ez zaidan zerbait ikusten dudanean, kontra egiten saiatzen naiz, besterik ez.

Matematika, Filosofia eta Zuzenbidea. Unibertsitateko hiru ikasketa dauzkazu eginda.

Matematikaria naiz ni. Betidanik asko gustatu izan zait matematika, eta oso gustura egin nituen ikasketa horiek. Logikan-eta sakontzeko, beharrezkoa nuen Filosofia, eta horregatik egin nituen ikasketa horiek, ez naizelako neure kabuz liburuak lantzearen zalea. Zuzenbide ikasketak, berriz, badaezpada egin nituen, neure burua babesteko. Baina tituluek ez daukate garrantzirik; ez dute ezer esan nahi. Titulurik eta ia eskolarik gabeko jende interesgarri asko ezagututakoa naiz.

Donostian ekin zenien ikasketei. Ikasle garaitik zeneukan gizarte mugimenduekiko interes berezi hori?

Baliteke… Ama nahiko gorria zen alde horretatik; erregeek ez zeukatela meriturik, aberats guztiak lapurrak zirela, Eliza ere bai… Aitarekin, berriz, arrazoia nuenean ez isiltzen ikasi nuen. Aita ez zen ezkerrekoa, nahiz eta gerora aldatu egin zen.

Frankismo garai betean, zerekin topo egin zenuen Zaragozan?

Etxean ez zegoen dirurik, eta Donostian egin nuen Matematika ikasketetako lehen urtea, Jesuitetan; Carlos Santamaria izan nuen irakasle, oso maisu ona. Ondoren, jada, Zaragozara [Espainia] joan nintzen ikasketak amaitzera. Batzar askoko urteak izan ziren, manifestazioak, protestak… PCEn sartu nintzen 1968 amaieran, alderdi komunistan. Euskal Herrian salbuespen egoera deituta zegoen orduan, eta erbesteratu asko zegoen. Erbesteratuen zerrenda bat geneukan guk, eta larunbat-igandeetan binaka joaten ginen bisitan. Jende asko ezagutu nuen horrela, Juan Cruz Unzurrunzaga tartean.

Parisen harrapatu zintuen 1968ko maiatzak?

Ez. 1969an joan nintzen Parisera, baina artean nabari zen 1968ko maiatzeko giro berezi hura. Euskal Herriko jende asko ezagutu nuen Parisen, eta pixkanaka nabaritu nuen PCE ez zela nire tokia. Bekarik ere ez neukan, eta Bilbora joan nintzen, Matematika Fakultatea egiten hastekoak zirela esan zidalako lagun batek. Irakasle laguntzaile gisa hasi ginen lanean han. Batzar askotan parte hartu genuen orduan ere. Justo Mañas zen dekanoa, gogoan daukat oraindik ere. 1970eko abenduan hasi zen Burgosko Prozesua, eta borroka urte garrantzitsuak izan ziren haiek. Bilboko unibertsitatean urtebete eginda, gutun bat iritsi zitzaigun udan, kontratua ez zigutela berrituko esanez.

Gehiegi pentsatu gabe, Parisera joan zinen berriz ere, ezta?

Unibertsitate inguruan, Casa Italian bizi izan nintzen Parisen, eta izugarrizko giroa geneukan; libanoarrak, palestinarrak, siriarrak, irandarrak… denetik zegoen han. Frantsesez hitz egiten genuen denok. Soraluzekoa zen nire ama, eta Akizen bizi zen haren lagun min bat. 11 urte nituela, kanpalekuetara joaten hasi nintzen amaren lagun horren alabekin, frantsesa ikastera. Alemana ere ikasi nuen gerora, baina ez frantsesa bezain ondo.

Bilbon Txurdinagako institutuan sartu-irtena eginda, 1974an Madrilera joatea erabaki zenuen azkenean. Zer giro zegoen orduan Espainiako hiriburuan?

Euskal Herrian ezinezkoa zen hezkuntza publikoan lan egitea, eta nik ez nuen lan egin nahi eremu pribatuan. Irakasle asko ezagutu nuen Parisen, eta haiek, agian, Madrilen lagunduko zidatela pentsatu nuen. Ama gaixotu egin zen, Donostiara itzuli nintzen momentu batean, eta une horretan Juan Cruz Unzurrunzagak deitu zidan, ea Madrilen bi lagunentzako tokirik ba ote nuen galdezka. Irailaren 18an tinbre joka hasi ziren Donostiako gure etxean, 05:00etan. ETAkoa nintzen susmoa zeukaten poliziek.

Madrilen bizi zen nire anaia, eta handik ateratzeko esan nion, baina, trenean zetorrela, bi gizon eseri zitzaizkion ondoan. Bost-sei orduz eduki zuten anaia polizia etxean, eta jarraian atxilotu zituzten Unzurrunzaga eta Jose Ignacio Mugika Ezkerra. Ni ere Madrilera eraman ninduten, eta hamar egun egin nituen han. Jende asko zeukaten atxilotuta. Yeseriasera eraman gintuzten preso, eta han ezagutu nuen, besteak beste, Eva Forest [idazle eta militante katalana]. Espainiako Gobernuko buruzagi garrantzitsuren batekin egin zituzten mugimenduak tarteko, ez genuen denbora askorik igaro kartzelan. Handik aterata, unibertsitatera joan nintzen berriz.

1981 inguruan, nolatan erabaki zenuen Alemaniara joatea?

Buruan bueltaka nerabilen Alemanian nolatan gertatu ote zen nazismoaren kontua, eta horregatik erabaki nuen migratzaileekin irakasle gisa lan egitera joatea. 1984an Kolonian nengoen ni, eta azaroaren 20an Santi Brouard [Herri Batasuneko buruzagia] hil zuten Bilbon. Hurrengo egunean atentatu bat izan zen Madrilen, Luis Roson Espainiako armadako buruaren aurkakoa. Gau hartan bertan, azaroaren 21etik 22rako gauean, 01:00etan, Madrilgo etxean lanean ari zen nire bikotekidea, eta hots ozen bat entzun zuen. Zazpi-zortzi polizia zeuzkan parean; nire bila joan ziren. Ni Gabonak arte ez nintzen ezertaz konturatu, baina nire bila zergatik joan ziren jakin nahi izan nuen gero. Haiek bazekiten ni ez nintzela ETAko kidea, baina lege antiterroristagatik izan zen dena. Eskarmenturen bat eman nahi zuten, eta, pentsa, hurrengo urtean hil zuten Mikel Zabalza.

Joan-etorrian ibili ondoren, 2008an Donostiara itzultzea erabaki zenuen azkenean. Zerikusi gutxi izango zuen zuk utzi zenuen Donostia harekin, ezta?

Donostia oso aldatuta zegoen ordurako. Joan-etorrian ibiltzen nintzen, eta ikusita nengoen aldaketa, baina izugarria izan da.

Zer ez zaizu gustatzen gaur egungo Donostiatik?

Turismoa. Aldatu egin da Donostia; turistaz eta hotelez beteta dago dena. Ezin dut ulertu udal gobernuaren jarrera. Hauteskundeena bihurtu da lau urtez behin botoak uzteko tresna; bakoitza bere inguruan mugitzen ez bada, alferrik ari gara.

EH Bilduk egindako ikerketa baten arabera, 2016tik 2021era Donostian 34 hotel eraikitzeko lizentzia eman zuen udalak.

Eta berdin jarraitzen dute! Begira zer egin duten Santa Teresa komentuarekin [Japoniako fundazio bati saldu diote zati bat]. Parte Zaharra jada ez da Parte Zaharra; Madrilen, Amsterdamen edo Moskun aurki daitezkeen denda berberak daude. Eta zer esanik ez tabernekin; berdinak dira denak, eta mafia handi bat dago atzean.

Metroaren aurkako borrokan, buru-belarri sartuta zabiltza Satorralaia bizilagunen mugimenduan, baina aurrera jarraitzen dute lanek.

Inoiz ikusi dudan zentzugabekeriarik handienetakoa da Donostiako metroarena. Aurrera doa, eta bukatuko dute ziurrenik, Gijonen [Espainia] gertatu zaiena gertatzen ez bazaie behintzat; han urez beteta daude tunelak, eta ez dago metrorik. Hemen ere, agian, zorte pixka batekin, urez beteko da dena, eta argazki hori izango dugu. Baina, lanak amaituta ere, Donostian metrorik ez dela behar esaten jarraituko dut nik.

Izan zarete Donostiako udaletxean, izan zarete Eusko Legebiltzarrean, egin dituzue manifestazioak, protestak… Baina jendea zergatik ez da gehiago mugitzen horrelakoetan?

Komunikabide batzuek izugarrizko lana egiten dute metroaren alde. Zer borroka dauden, borroka eginda zer lortzen den… Ez dago interesik horrelako kontuak jakinarazteko.

Metroaren aldekoek defendatzen dute azpiegitura hori ezinbestekoa dela autoak hirigunetik ateratzeko.

Oso ideia polita da hori, baina gezur hutsa da. Autobus geltoki asko kenduko dituzte metroa egiten dutenean. Oxala autoak kenduko balituzte, baina ez da gertatuko halakorik.

ETS Euskal Trenbide Sarean ere oso ondo ezagutzen zaituzte.

Bai. Bilera asko eskatu dizkiegu, baina errespeturik gabe ari dira. Ez dago eskubiderik. Metroaren proiektuaren dokumentua eskatu eta ezin digutela eman esan izan digute, segurtasunagatik. Zer segurtasun eta zer demontre? Beste alde batetik lortu genuen azkenean. Horrela gertatu zaigu gauza guztiekin; oztopoa oztopoaren atzetik. Gezur asko esan dizkigute metroaren inguruan. Pio Barojako larrialdi irteera, esaterako, ez da larrialdi irteera bat, jendea hiltzeko tranpa handi bat baizik. Laurehun eskailera baino gehiago daude, eta desnibel ikaragarria. Stuttgarteko [Alemania] aditu bat ekarri genuen, eta ezin zuen sinistu ikusten ari zena, baina baldintza guztiak betetzen dituztela erantzuten dute eurek. Ez daukate lotsarik.

Zer esango zenioke Eneko Goia Donostiako alkateari?

Lotsarik ez daukala. Bera maneia dezaten uzten du, baina, bere seme-alabek egunen batean bizimodu hobe bat izan dezaten nahi badu, pentsatzeko eskatuko nioke; metroarekin, hotelekin… zer egiten ari den pentsatzeko. Ez dezala pentsatu boterean eta diruan bakarrik; koronabirusarena baino birus arriskutsuagoak dira boterearena eta diruarena.

Presoen eskubideen aldeko borroka, desjabetzeena, migratzaileena… Nondik ateratzen duzu denbora eta indarra?

Denok daukagu denbora eta indarra, nik ez daukat ezer berezirik; lehentasunak jartzea da kontua. Presoak ezin ditut ikusi horrela. 70 urte baino gehiago beteta, ia 30 urte kartzelan jada, gaixo, koronabirusaren konfinamenduarekin… Horiek bai daukatela indarra, eta ez nik!

Gertuenekoari helduta, amaitu berri da COP26 goi bilera, Glasgown.

Dena gezurra da; ez dut ezer sinisten. Iberdrola-eta dira beti garaile. La Vanguardia-k, El País-ek… egunkari horiek ere zer-nolako propaganda egiten dute energia berriztagarrien alde? Oso ekologistak gara denok hitzez, baina gure telefono, ordenagailu eta gainerako gailuak mantentzeko mineralak Afrikatik hartzen ditugu, eta eurei hondakinak itzuli.

Koronabirusaren pandemiaren kudeaketarekin ere kritiko zara oso. Nola ari zara bizitzen errealitate berria?

Oso gaizki. Ez naiz aditua, baina modu bateko konfinamendua izan genuen Donostian, eta bertatik 20 kilometrora, Ipar Euskal Herrian, bestelakoa izan zuten. Baina birusa ez al da bera? Eta nork esan dezake ona dela jendea egun guztian etxetik atera gabe egotea? Etxe guztiak ez dira ehun metro koadrokoak eta bistak dauzkatenak. Egoera ez da erraza, baina barruraino sartu digute beldurra, eta hori ez da ona.

Zer gelditzen zaizu egiteko?

Presoak eta migratzaileak falta zaizkit. Ez gara ari gauzak ondo egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.