AHT

Eusko Jaurlaritzak egingo ditu AHTa Gasteizera eta Bilbora lur azpitik sartzeko lanak

Espainiako Gobernuak eta EAJk akordioa lortu dute Eusko Jaurlaritzak kudea ditzan abiadura handiko trena Gasteizen eta Bilbon sartzeko lanak. Hiriburu bietan lur azpian eraikiko dira geltokiak.

AHTak Donostian izango duen geltokiaren eraikuntza lanak. GORKA RUBIO/ FOKU
Unai Etxenausia-Edurne Begiristain
2021eko abenduaren 3a
13:12
Entzun

Abiadura handiko trena Bilbora eta Gasteizera lur azpitik sartzea eta lan horien kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratzea adostu dute EAJk eta Espainiako Gobernuak. Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak eman du akordioaren berri, Gasteizen. Akordioaren arabera, AHTaren Gipuzkoako zatiarekin egin den moduan, Jaurlaritzak hartuko du Gasteizko eta Bilboko zatien ardura, eta, beraz, Jaurlaritzak lanak eta dirua aurreratu beharko ditu; gastatutako dirua kupotik kenduko da gero. EAJk «historikotzat» jo du akordioa. Espainiako aurrekontuen negoziazioaren barruan lortu dute akordioa.

Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira Arkautiko lotunearen obra eta Arabako hiriburuan lur azpian eraikiko den geltokia. Bilbon, Jaurlaritzak kudeatuko ditu hiriburura sartzeko tunelak egiteko lanak, bai eta lur azpiko geltokia egiteko lanak ere. Zehaztu dutenez, Basauriko behin-behineko geltokia ez da martxan jarriko Bilboko tunelak egiten hasi arte.

Jeltzaleek adierazi dute bultzada erabakigarria dela akordioa, eta «mugarri» bat dela esan du Estebanek. Haren ustez, orain Bilbon eta Gasteizen egin ahal izango da Gipuzkoan «arrakasta handiz» egin dena. Gainera, azpimarratu du «erraztuko» duela obrak lehenago egitea, eta ziurtatuko dela obrak egin egingo direla.

Akordioa lortuta, orain bi protokolo sinatuko dituzte parte hartzen duten erakunde guztien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.