Austria

Karl Nehammer Barne ministro ohia izango da Austriako kantziler berria

Errefuxiatuen eta migratzaileen kontrako diskurtso gordina erabili du ministro karguan.

Karl Nehammer Austriako kantziler berria, OVP alderdiak gaur egin duen bileraren ostean. CHRISTIAN BRUNA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 3a
13:43
Entzun

Sebastian Kurz Austriako kantziler ohiaren ordezkoa hautatu du OVP Austriako Alderdi Popularrak. Karl Nehammer 49 urteko soldadu ohiak hartuko du estatuburu ardura. Nehammerrek Alexander Schallenbergen eskutik jasoko du kantziler ardura. Atzerri ministro ohia izendatu zuten Austriako behin-behineko agintari, Kurzek ustelkeriarekin lotutako akusazioengatik dimisioa eman zuenean.

Nehammerrek 2015ean hasi zuen bere ibilbide politikoa OVPn, alderdiko langileen antolaketan. Zinegotzi hautatu zuten ondoren, Vienako eskualdeko barrutietako batean, eta alderdi kontserbadoreko idazkari nagusi izan zen 2018tik 2020ra bitartean.

Dena den, Barne ministro karguan egin da ezagun, 2020tik aurrera. Bereziki, errefuxiatuen eta migratzaileen kontra erabili duen diskurtso gordinarengatik. Kurzek 2017an ezarri zuen ildoari jarraitu zion: ultraeskuineko indarren mezuak bere egin zituen arlo horretan. Hala, Mediterraneoan erreskatatutako migratzaileak Libiara itzularaztearen alde agertu izan da, giza eskubideen aldeko elkarte ugarik Magrebeko herrialdean migratzaileen eskubideak larriki urratzen direla salatu arren.

Jarrera horrek berak bultzatuta, Austrian jaiotako bost eta hamabi urteko bi ahizpa herrialdetik kanporatzeko agindu zuen, horien guraso georgiarrak legeztatu gabeko egoeran bizi izan zirelako, aurkeztu zituzten asilo eskariak hainbatetan baztertuak izan ostean.

Kontra egin zion, halaber, Afganistango gerran NATOrekin elkarlanean aritu ziren herritarrei Europako Batasunean babesa emateari, talibanen agintepean horien bizitzak arriskuan baziren ere. Kolaboratzaile horiek Afganistanen estatu mugakideetan kokatzearen alde agertu zen.

Dena den, 2020ko azaroaren 2an bizi izan zuen une politikorik zailena. Erasotzaile batek lau hildako eta 22 zauritu eragin zituen Vienan, atentatu batean. Oposizioak arduragabekeriaz jokatu izana leporatu zion orduan Nehammerri, bere ministerioaren agintepeko inteligentzia zerbitzuek entzungor egin ziotelako Eslovakiako zerbitzu sekretuen ohartarazpen bati, nahiz eta jakinarazi zieten Vienako erasotzailea munizioa erosten ahalegindu zela herrialde horretan.

Kantziler berriak master bat du komunikazio politikoan, eta lau urte egin zituen armadan derrigorrezko zerbitzu militarra amaitu eta segidan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.