Espainiako Kopa

Aurkari gogorrenak Eibarrentzat eta Amorebietarentzat

Almeria izango du aurkari talde bizkaitarrak, eta talde gipuzkoarrak Tenerife. Lehen Mailako taldeen kanporaketak ondorengoak dira: Zamora-Reala, Deportivo-Osasuna eta Linares-Alaves.

ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 3a
15:01
Entzun

Aurreko denboraldietan bezala, bizi doa Espainiako Kopa. Atzo amaitu ziren lehen kanporaketako partidak, eta jada zozketatu dira bigarrenekoak. Bost ziren bertan zeuden euskal taldeak, Athleticek ez baititu lehen bi kanporaketak jokatutako, Espainiako Superkopa jokatuko duelako. Espero bezala, arerio xamurragoak egokitu zaizkie Lehen Mailako taldeei: Realari Zamora, Osasunari Coruñako Deportivo eta Alavesi Linares. Hirurek etxetik kanpo jokatuko dute, goragoko maila batean jokatzeagatik. Amorebietak eta Almeriak, berriz, ez dute zorterik izan zen. Euren maila bereko aurkariak egokitu zaizkie: Amorebietari Almeria eta Eibarri Tenerife. Bi aurkariak sailkapenaren goialdean daude. Almeria Bigarren Mailako liderra da, eta Tenerife hirugarren dago. Bizkaitarrek etxean jokatuko dute, eta gipuzkoarrek Kanaria Uharteetan. Kanporaketak abenduak 14 eta 16 artean jokatuko dira, berriro ere partida batera.

Lehen Mailako hiru taldeen kontrarioak RFEF-ko lehen mailan jokatzen dute. Realari ez dio oroitzapen onik ekartzen Zamorak. Izan ere, 2005-2006 denboraldian Espainiako taldeak kanporatu egin zituen txuri-urdinak. Penaltietan izan zen, eta egungo Realeko bigarren entrenatzailea, Mikel Labaka, hamaikakoan izan zen. Jose Mari Amorrortu zen entrenatzailea. Etxekoak bat gutxiagorekin jokatu zuten 39. minututik. Baina arauzko denbora 1-1 amaitu zen, baita luzapena ere. Txuri-urdinek jaurtitako bost penaltiak huts egin zituzten, eta Zamorak bi sartu zituen. Horrenbestez, Reala kanporatua izan zen.

Lehen Mailan eta Txapeldunen Ligan loria ezagutu zuen aurkaria izango du aurrean Osasunak: Deportivo. Kasu honetan ere aurrekariak ez dira onak. Izan ere, Galiziako taldea izan zen gorritxoen borrero, Kopan elkarren aurka jokatu zuten azken aldian, 2010ean. 2-1 irabazi zuen Deportivok. Nafarren gola Lekicek sartu zuen. Lehen aldiz izango dira aurrez aurre, berriz, Alaves eta Linares. Jaengoa (Andaluzia, Espainia) da taldea, eta ez dabil fin ligan. Hamaseigarren dago bere multzoan.

Aipatu bezala, kontrario gaiztoak egokitu zaizkie Eibarri eta Amorebietari. Gaizka Garitanoren taldeak, dena den, badaki zer den Teneriferi irabaztea. Ligan, denboraldi honetan, 0-1 irabazi baitzuen Heliodoro Rodriguez Lopez estadioan. Gol erabakigarria Alvaro Trejok egin zuen, 75. minutuan. Etxekoek bat gutxiagorekin amaitu zuten partida. Iñigo Velez de Mendizabalenari ere berdin pasatzen zaio. 2-1 irabazi zion Lezaman Espainiako taldeari. Liga honetan lortu zuten lehen garaipena izan zen. Iker Bilbaok eta Koldo Obietak erdietsi zituzten golak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.