Granada 2-1 Alaves

Aurkari zuzenaren aurka, porrota

Alavesi azken unean egin dio ihes berdinketak Granada aurkari zuzenaren aurka, Los Carmenes zelaian. Javi Callejaren taldea gehiago izan da bigarren zatian, baina ate aurrean ez da eraginkortasunez aritu. Babazorroek bigarren partida galdu dute jarraian.

jarraia206846.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 3a
23:12
Entzun

Bolbora bustita badago, jai dago. Gabezi hori izan du Alavesek Los Carmenes zelaitik hiru punturekin etxeratzeko. Edo bakarrarekin. Arabako taldeak on bidera itzultzeko aukera zuen Granada aurkari zuzenari irabazita, baina esku hutsik itzuli da Euskal Herrira; 2-1 galdu baitu. Hori gutxi ez, eta jardunaldi amaieran jaitsierako postuetan amai dezake Javi Callejaren taldeak.

Callejak Unamiren aurkako Kopako partidan zelairatu zuen hamaikakotik aldaketa ugari egin ditu. Halere, Celtaren aurka jokatu zuen hamaikakotik aldaketa bakarra egin du, atzeko lerroko ezker hegalean: Javi Lopez Ruben Duarteren lekuan aritu da; zigortuta baitago, txartelak pilatzeagatik.

Bizia izan da neurketa hasiera, nahiz eta lehen hamar minutuetan bi taldeek ez duten arriskurik sortu. Granadak baloia gehiago izan du, eta erasorako gogoz egon da, baita gola sartzeko lehen aukera eduki ere. Talde espainiarrak Alavesi lehen abisua eman dio Antonio Puertasek buruz errematatutako jokaldi batean. Baloia gutxigatik ez da sartu Fernando Pachecoren atean. Bigarren iritsieran bai, ordea; Puertasek berak sartu du 14. minutuan. Alaveseko Victor Laguardia atzelariak ahulegi urrundu du baloia, eta Granadako aurrelariak area kanpotik astindua eman eta baloia sareetara bidali du. Babazorroei partida azkar jarri zale maldan gora.

Minutuak aurrera joan ahala, partida narrastu egin da, eta Alevesek ez du argitasunik izan jokaldiak eraginkortasunez sortzeko. Aldian-aldian, Granadaren areara iristen zen Toni Moyaren eskutik, baina jokaldia biribiltzeko garaian jorik ez dute izan Joseluk, Luis Riojak, Edgar Mendezek eta enparauek. Granada ez zitzaizkion ahultasunaren zantzurik antzematen atzeko lerroan. Sendo aritu diria Robert Morenoren jokalariak.

Alavesek sortu duen aukerarik arriskutsuena lehen zatiaren hatsean izan du. Ezker hegaletik egindako erdiraketa baten ostean, Mendezek bikain kontrolatu du baloia, baina gurutzatuegi errematatu du. Gisa horretara heldu da atsedenaldia.

Babazorroen piztualdia

Callejak jokalariei aldageletan belarriak berotuko zizkien; jabetu baitira lehen zatian egindakoa hutsala izan dela. Bada, arabarrak su handiagoarekin zelairatu dira, eta lehen aukera ere eurek izan dute; nolakoa, gainera. Luis Riojak ezker hegaletik behetik egin du erdiraketa, zuzenean Toni Moyaren oinetara heldu da baloia. Alaveseko jokalariak baloia bultza besterik ez zuen egin behar, atea hutsik zuela. Baina, eskuin oina ez du egoki ipini, baloia aurretik igaro zaio. Alaveseko aulkian, Calleja eta ordezkoak ikusitako sinetsi ezinik zeuden.

Alaveseko teknikariak aldaketen beharra sumatu du hamaikakoan; Manu Garcia berdeguneratu du Toni Moyaren ordez, partidari erritmoa eta abiadura sartzeko helburuz. Hain justu, Garciak gatza eta piperra jarri dio jokoari, eta har egindako erdiraketa pozoitsuan Lejeune atzelaria ez da gai izan buruz ongi errematatzeko. Alavesekoak sarriago heltzen ziren Granadaren areara; etxekoak, berriz, atzean zeuden sartuta, baloia euren zelaietik atera ezinik.

Pere Pons buruz buruko jokaldia eginda, erraz egin die hanka Granadako jokalariei. Aurrelariak Joseluri pase bikaina eman dio, baina hark atearen erdi-erdira bidali du. Maximiano atezainak ez du inolako arazorik izan baloia geratzeko. Lanean jarraitu dute Alaveseko jokalariak berdinketaren bila. Luis Riojak aukera ederra izan du, baina Maximianoren erantzuna are hobeagoa izan da. Hurrengo jokaldian ere gola sartzeko abagunea izan dute arabarrek, baina ezin izan dute atea zulatu, harik eta 80. minutuan saria heldu zaien arte. Ezker hegaletik Luis Riojak erdiraketa gaiztoa egin du, eta Luis Abram Granadako atzelariak urruntzeko saiakera egin duen arren, norabide okerra eman dio baloiari, eta bere atean sartu du. Berdinketaren golarekin Alavesekoak indartu egin dira erabat.

Susperraldiak, baina, gutxi iraun die arabarrei. Izan ere, handik sei minutura, Granadak kornerra izan du, eta jokaldi katramilatu baten ostean, baloiak ezker zutoinean jo du, eta aldaratzean Santiago Ariasek ez du barkatu. Erabateko etsipena Alaveseke entrenatzailearen eta jokalarien artean. Hortik aurrera, babazorroek erraiak bota dituzte dituzte gutxienez puntu bat urratzeko, baina haien ahalegina alferrikakoa izan da, eta patrika bete gabe itzuli dira Euskal Herrira. Gisa horretara, Callejaren taldeak bi porrot daramatza jarraian Mendizorrotzatik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.