Bartzelona 4-0 Athletic

Lehen zatian eutsi ahal izan diote soilik zuri-gorriek

Athleticek 4-0 galdu du Bartzelonaren zelaian. Iraia Iturregiren taldeak lan ona egin du defentsan lehen zatian, baina bigarrenean etxekoek ohikoa duten erraztasuna eta eraginkortasuna erakutsi dute erasoan.

ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 4a
17:59
Entzun

Aurreko denboraldian bezala, Bartzelona nagusitasunez ari da mendean hartzen aurkariak. Bata bestearen atzetik. Athletici ere hala gertatu zaio Johan Cruyff estadioan.4-0 galdu du. Iraia Iturregiren taldeak lehen zati txukuna egin du, defentsako lan on bati esker. Bigarren zati hasieran, ordea, Jeniffer Hermosok aurretik jarri du Herrialde Katalanetako taldea, burukada on bati esker. Hortik aurrera Bartzelona are nagusiago izan da, baina ez du norgehiagoka erabaki azken ordu laurdenera arte. Hermosok berak (76. min.), Claudia Pinak (87. min.) eta Aitana Bonmatik (92.min.) sartu dituzte beste hiru golak.

Erritmo bizia izan du lehen zatiak. Bartzelonak oso goian egin du presioa hasieratik, eta Athleticek zailtasunak izan ditu baloia atzetik ateratzeko. Etxekoei, ordea, ohikoak dituzten argitasuna eta eraginkortasuna falta izan zaizkie erasoan, Athleticek ondo estali baitzituen espazioak. Gainera, zuri-gorriek aurretik jartzeko aukera ona izan duten lehen zatiko azken txanpan. Baina Lucia Garciaren errematea Sandra PaƱos atezainaren eskuetara joan da. Marta Torrejonek, berriz, bi abagune oso garbi izan ditu etxekoei abantaila emateko. Aurrenekoan, Ainhoa Moraza atzelariak ondo atera du baloia, eta bigarrena zutoinera joan da

Bartzelona aurretik jarri zen aldagelatik bueltan. Horrek patxada eman dio. Partidaren erritmoa jaitsi egin zen apur bat, aldaketak tarteko. Blaugranek, ordea, luzeago jokatu dute eta argitasun gehiagorekin aritu dira. Hala iritsi ziren beste hiru golak, eta Athletic esku hutsi irten da Johan Cruyff estadiotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.