Futbola

Alavesek eta Realak irabazi, Eibarrek berdindu

Emaitza bikainak eskuratu dituzte gaur jokatu duten hiru euskal taldeek. Alavesek Valentziari irabazi dio (3-1), Realak Madrili (1-2), eta Eibarrek Huelvan berdindu du (1-1).

Alaveseko eta Valentziako jokalariak lehian, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 5a
16:37
Entzun

Jardunaldia ez zen nahi bezala hasi euskal taldeentzat (Athleticek 4-0 galdu zuen Bartzelona liderraren aurka), baina emaitza bikainak eskuratu dituzte gaur lehiatu duten hirurek. Bigarren postuan da Reala, laugarrenean Alaves, bosgarrenean Athletic eta hamabigarrenean Eibar.

Sporting Huelva 1-1 Eibar

Eibarrek bisita egin dio gaur mailari eusteko lehian aurkari zuzen duen Huelvari. Azken hiru neurketak galduta, bolada txarrean ziren armaginak. Gaur ere ez dira gauzak nahi bezala hasi: zortzigarren minutuan sartu du neurketako lehen gola Fatoumata Kantehk, eta aurretik jarri ditu etxekoak.

Zorionez, atsedenaldiaren aurretik berdindu du markagailua Ana de Teresak, atezainaren aurkako buruz burukoan asmatuta. Bigarren zatia haizeak baldintzatu du neurketa, eta emaitzari eustearekin nahiko izan du Eibarrek. Ana Junyent entrenatzailearen hitzetan, berdinketa oso garrantzitsua da gaur lortutakoa.

Armaginek, berdinketari esker, denboraldiko hamargarren puntua poltsikoratu dute, eta lehendik Huelvarekiko zuten hiru puntuko errentari eutsi diote. Bost puntura dituzte jaitsiera postuak.

Alaves 3-1 Valentzia

Alaves da bolada onean jarraitzen duena. Garaipen bikaina lortu dute gaur etxean, sailkapeneko hamahirugarren postuan den Valentziaren aurka.

Atsedenaldira hutsean berdinduta heldu dira bi taldeak, baina bigarren zatiaren hasieran erauntsi bat izan da Alaves: hiru gol sartu dituzte 50. eta 67. minutuen artean. Miriam Dieguez, Ohale eta Sanadri izan dira golegileak. 68.enean sartu Altubek valentziarren gola, baina alferrikakoa izan da.

Gauzak hala, sailkapeneko laugarren posturaino igo da Alaves, Athletici aurrea hartuta.

Madril 1-2 Reala

Geldiezin jarraitzen du Realak ere. Gaur partida zaila zuten etxetik kanpo, Madrilen, baina itxura sendoa eman eta denboraldiko hamargarren garaipena eskuratu dute donostiarrek.

Neurketa hasi eta gutxira penalti bat huts egin du Amaiur Sarriegik. 39. minutuan, ordea, Sarriegik berak egin du Realaren lehen gola bilakatu den erdiraketa. Vanegas izan da golegilea. Atsedenaldiaren aurretik aukera gehiago ere izan dituzte kanpokoek, baina ez dute asmatu.

Bigarren zatian bi taldeek izan dituzte gol aukera onak, baina azkenean neurketako protagonista izan da Realaren bigarrena sartu duena: Amaiur Sarriegi, 85. minutuan. Neurketa amaitzear zela sartu du Silvia Rubiok etxekoen gola, 30 metrotik egindako jaurtiketa baten bidez.

Bigarren jarraitzen dute txuri-urdinek 27 punturekin. 36 ditu Bartzelona liderrak, eta 24 Atletico Madrilek, hirugarren sailkatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.