Sormen beka

‘Barraka’ euskarazko abentura bideo jokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka

Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak eskuratu du 15.000 euroko laguntza, urtebeteko epean bere proiektua garatzeko. Heldu den urteko azokan aurkeztuko du emaitza.

Ibai Aizpuruari beka emateko agerraldia. Ezker eskuin, Nerea Mujika, Ima Garrastatxu, Aizpurua eta Lorea Arakistain. DURANGOKO AZOKA
Ainhoa Sarasola.
2021eko abenduaren 7a
11:44
Entzun

Laugarren urtez banatu du Durangoko Azokak bere sormen beka, Durangoko Udalarekin elkarlanean, eta aurten kultur sorkuntza digitaleko proiektu bat laguntzea izan du helburu. Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaileak eskuratu du; Barraka izeneko euskarazko abentura bideo jokoa garatuko du bekaren bultzadarekin, eta datorren urteko azokan aurkeztuko du emaitza. 15.000 euro jasoko ditu horretarako.

Sortzaileak azaldu duenez, esplorazio bideo joko bat izango da, eta irudi errealak, stop-motiona eta animazio tradizionala nahastuko ditu. Aizpuruak sortuko ditu diseinua, irudiak, animazioak, soinua eta programazioak, eta Gonzalo Sardonek, berriz, musika jarriko dio. Bekaren sustatzaileei eskerrak eman dizkie Aizpuruak. Azken urteotan hainbat bideo joko «proiektu txiki» sortu baditu ere, «laguntza erraldoi honekin aurrerapauso bat» emateko eta bideo joko oso bat garatzeko aukera izango duela adierazi du. Haren asmoa da «edonor erraz murgildu ahal izango den euskarazko abentura bideo joko umoretsu bat sortzea».

Aurtengo bekaren epaimahaiaren izenean, Lorea Arakistain PuntuEUS fundazioko komunikazio arduradunak hartu du hitza, eta adierazi du Barraka «oso proposamen iradokitzaile eta tentagarria» dela. «Haurrentzako fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria sortzen du, begiekin jateko modukoa. Era berean, helduoi barruan ahaztuta izan ohi dugun umea ateratzen lagunduko digu, haur izan garen guztiontzat ezagunak diren bizipen eta erreferentziekin: herri txiki bateko festak, barrakak, gozokiz jositako mundu bat… plazerez betetako mundu bat». Arakistainek gogorarazi duenez, Interneten mugitzen den trafikoaren %8 bideo jokoak dira, eta haien artean «euskararen presentzia anekdotikoa da». Arakistainekin batera, epaimahaiko kide izan dira aurten Diana Franco (Durangoko Azokako Kabi@ gunearen arduraduna), Vanesa Fernandez (Bilboko Zinebi jaialdiko zuzendaria), Rakel Esparza (Azkuna Zentroko programazio arduraduna) eta Iker Fidalgo (Arte Ederretan doktorea eta ikertzaile independentea).

Durangoko Udalaren izenean, berriz, Ima Garrastatxu alkateak ohartarazi du garai zailak bizi dituztela kulturgintzak eta sortzaileek, eta erakunde publikoen aldetik ere babesa behar dutela. Udala horretarako prest dagoela berretsi du.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu du hasieratik sortzaileei plaza eta oholtza eskaintzea izan dutela helburu, eta horretan ari direla gaur egun ere. Gogorarazi du ildo horri jarraituz eta Durangoko Udalarekin lankidetzan sortu zutela sormen beka. Haren xedea dela euskarazko kultur produktu baten sorkuntza bere prozesu osoan laguntzea, hasieratik bukaerara, lehen ideiatik zabalkundera arte, eta horretarako 15.000 euro bideratzen dituztela. Urtero, kultur diziplina ezberdin bateko proiektuak garatzeko deialdia egin dute. Lehen urtean Atopia euskarazko rol jokoa sortzeko akuilu izan zen beka; bigarrenean, Kai Nakai reggaeton abeslariak eskuratu zuen; eta hirugarrenean, aurten aurkeztu duten Bañolet ikus-entzunezko web sailak. Heldu den urteko azokan ikusi ahal izango da Ibai Aizpuruaren lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.