Jose Ignazio Munilla

Etorri zen tokian gotortuta

2010ean hartu zuen Donostiako gotzaintza; jarrera atzerakoienekin lotuta zegoela eta, elizbarrutian eta handik kanpo ere asko izan ziren haren izendatzearen aurkako ahotsak. Irmo jarraitu du, beti. Alacantera doa orain.

jarraia206992.jpg
arantxa iraola
2021eko abenduaren 8a
00:20
Entzun

«Beste era bateko norbait espero zuten Gipuzkoan, hori garbi dago». 2010ko urtarrilaren 17an, astebete zeraman Jose Ignazio Munillak Donostiako apezpikutzan, eta elkarrizketa bat eman zion BERRIAri; han, argi onartu zuen bazekiela zer ondoez eragin zuen bere izendapenak Donostiako Elizbarrutian. Gizarteko beste hainbat sektoretara ere hedatu zen, gainera, kritika horien oihartzuna. Eliza katolikoaren sektore atzerakoienekin beti izan duen loturarengatik ezaguna zen ordurako, abertzaletasunari buruzko ikuskeran Espainiako Elizaren adar hertsienen ordezkaria zela ere gauza jakina zen, eta, euskal gatazka konpontzeko urratsekin eta euskal gizartearekin oro har atxikimendua izan zuten bi gotzainek —Jose Maria Setien eta Juan Mari Uriarte— utzitako lorratzaren ostean, are agerikoagoa zen apezpiku berriaren gaineko kezka. Baina urteotan irmo eutsi dio Munillak bereari; katolizismoa ulertzeko duen erari leialtasun erabatekoa erakutsi dio, zarata eginez, gainera: aparteko abilidadea izan du beti goiburuak sortzeko, horiek hedabideetako lehen lerroetara eramateko. Atzo jakinarazi zuen badoala: Orihuela-Alacanteko gotzain izendatu dute (Herrialde Katalanak). Otsailaren 12an hasiko du apezpikutza; astebete lehenago, adio esateko meza bat egingo dute Artzain Onaren katedralean.

Bere erara egin zuen atzo agurra, kazetariei agerraldi baterako deia eginda, eta hasi aurretik ondoan zituen hainbat abaderekin angelusa errezatzeko tarte bat hartuta, katolizismoa ulertzeko bere ikuskeraren erritmoak eta errituak zein diren argi utzita: plaza hori ere baliatuta. Otzan mintzatu zen: «Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari Donostian gotzain egin ditudan hamabi urteongatik». Kazetarien galderei erantzutean, soilik orduan onartu zuen une «zailak» izan dituela apezpikutzan egin dituen urteotan, baina ez zuen nahi izan horien gaineko xehetasunik eman. Ozenago eta harroago hitz egin izan du beste askotan. Eta aparteko temaz gai jakin batzuen inguruan. Abortuaz, adibidez: «Andrearen suizidio psikologikoa, demografikoa eta morala dakar». Edo feminismoaz, ildo berean beti. Baga: «Genero ideologia marxismoaren metastasi bat da». Biga: «Feminismoak deabrua darama barruan». Higa: «Feminismo erradikalak eraso egiten dio emakumeari».

Gatazkaren zurrunbiloan
Eliza katolikoak urteotan izan dituen polemika handienetarikoen atzean egon da Munilla. 2014. urtean, adibidez, Joxe Arregi frantziskotarrak —teologiaren ildo aurrerakoien ordezkari— ordena utzi zuen, eta aurrez adierazi zuen Munillak «erbestera» bidaltzeko ahaleginak egin zituela, eta «ur zikina» izatea egotzi ziola. 2017an, Juan Kruz Mendizabal abadeak egindako sexu abusuen berri eman zuen, eta horiengatik zigortuta zegoela jakinarazi zuen. Abusuak Munilla gotzaintzara heldu aurretik egindakoak ziren, gazteen aisialdian abadeak egiten zituen jarduerak baliatuta.

Oro har, kristau elkarteak «haustera» egin duelako jaso ditu kritika ozenenak Munillak. Eutsi Berrituz elkarteak egin ditu sarri askotan. Era «autoritarioan» jardutea egotzi izan diote, eta «sasi-debozioa» sustatzea: «Debozio sano, heldu eta esanguratsu bat animatu ordez, kontzilio aurreko espiritualismo hura ari da eragiten». Horiez gainera, diru kontu «opakuak» izatea eta «milioi ugariko zorra» eragitea ere egotzi diote urteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.