Turkia

Erdoganek entzungor egin dio Europako Kontseiluari

Turkiako presidenteak berretsi du ez dituela jarriko Europako Batasunaren erabakiak Ankarako auzitegien epaien gainetik.

Turkiako presidente Rece Tayyip Erdogan, Ankaran. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 8a
15:46
Entzun

Europako Kontseiluaren oharrei entzungor egin die Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek, eta jakinarazi du ez dituela onartuko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hartutako azken erabakiak. Epai horiek agintzen zioten Ankarari preso dituen bi politikari aske uzteko, Osman Kavala enpresari eta filantropoa —2017tik dago espetxean, haren aurkako epai irmorik ez dagoen arren—, eta HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko buruzagi ohi Selahattin Demirtas —2019tik dago preso, epaiketa noiz egingo zain—. Erdoganek, ordea, berretsi du Turkiako justiziak esandakoa beteko duela.

Europako Kontseiluko kide izanik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiak bete beharra du Turkiak, eta hala egin ezean haren aurkako prozedura zabal dezake erakundeak, boto eskubidea ukatuz edota Kontseilutik kanporatuz. Estrasburgon egoitza duen Europako Kontseiluak joan den astean iragarri zuen prozedura zabalduko zuela Ankararen aurka, hark auzitegiaren epaia bete ezean. Erdoganek berehala erantzun zion «erabaki politikoak» hartu izana egotzita, eta atzo berretsi zuen Europako auzitegiaren ebazpenak «baliogabeak» direla, eta beraz «zentzugabea» dela haiek betetzea.

Estrasburgok iritzi dio Kavala «froga nahikorik gabe» atxilotu zutela, eta hura aske uzteko agindu du, Demirtasen kasuan bezala. Ankarak, ordea, «partzialtasunez jokatzea» leporatu dio auzitegiari, eta eskatu dio Europako Kontseiluari errespeta ditzala «auzitegi independente eta inpartzialek» hartutako erabakiak. «Erraza da. Ez ditugu onartzen Europako Batasunak Demirtasi edo Kavalari buruz hartutako erabakiak. Haiek ulertu edo ez. Ez ditugu Europako Batasunaren erabakiak gure justiziaren erabakien gainetik jarriko», esan du Erdoganek, Dohako aireportuan eginiko prentsaurrekoan.

Gaixo dauden presoak
Aysel Tugluk politikari kurduaren egoera salatu du HDPko diputatu eta giza eskubideen aldeko ekintzaile Omer Faruk Gergerliogluk. Tuglukek dementzia du, eta, haren abokatuaren arabera, ez da gai eguneroko lanak egiteko ere. 2016an atxilotu zuten, HDPko presidenteorde zela, «erakunde terrorista bateko kide» izateaz akusatuta. Haren egoerak okerrera egin du 2017tik. Urte hartan ama hil zitzaion, eta, hiletan zela, talde nazionalista bat protestan hasi zen; agintariek, istiluak eragozteko aitzakian, tokiz mugitu zuten Tugluken amaren hilotza, eta beste hilerri batera eraman zuten gorpua. Medikuen azken txostenak jasotzen duenez, Tugluk ez da gai bere kabuz bizitzeko; baina auzitegiek ez dute onartu hura aske uztea.

Gergerliogluken esanetan, Turkiako Gobernuak ez ditu aske uzten gaixo dauden presoak, harik eta haien egoerak atzera-bueltarik ez duen arte; hortaz, aukera dutenerako, beranduegi da inolako tratamendurik jasotzeko: «Heriotza zigor bat da. Laster hilko direla ziur daudenean irteten dira, eta barruan ez dute medikuarenera joateko aukerarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.