Baionako ospitaleak Plan Zuria aktibatu du berriz

34 paziente daude koronabirusarekin erietxean, horietako bederatzi suspertze zerbitzuan. Larrialdikoak ez diren ebakuntzak atzeratzen ahalko dituzte.

Baionako ospitaleko langileak, artxiboan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 8a
16:01
Entzun

Baionako ospitaleko zuzendaritzak arratsaldean iragarri du Plan Zuria ezarri duela berriz ere osasun egoitzan. Koronabirusa duten pazienteen kopurua «azkarki emendatu» da azken egunetan, baita suspertze zerbitzuan ere: 25 paziente daude COVID-19aren unitatean, eta bederatzi suspertze zerbitzuan. Egoera ikusita, «ohiz kanpoko osasun egoerei erantzuteko» plana indarrean ezartzea deliberatu dute.

Batetik, larrialdikoak ez diren ebakuntzak gibelatzeko aukera ematen die planak. Horren bidez, ospitaleko zerbitzuak berrantolatzeko baimena dute; kasu honetan, suspertze zerbitzuko ohe kopurua emendatzeko. Bestetik, oporretan dauden osasun langileak lanera deitzeko aukera izango du zuzendaritzak. Segurtatu dute, bestalde, lurraldeko beste osasun egiturekin elkarlanean arituko direla pazienteak behar bezala artatzen segitzeko, hala nola osasun etxe pribatuekin.

Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduko intzidentzia tasa metatua 601 da, zazpi eguneko. Plan Zuria aktibatu zuten azken aldian, iragan agorrilean, 425 zen intzidentzia metatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.