Etiopia

Munduko Elikadura Programak giza laguntza eten du Etiopia iparraldean

Erakundeak salatu du Tigrayko matxinoek eraso egin dietela bi biltegiri, eta gehitu du giza laguntzako kideek «muturreko larderia» jasaten dutela. 400.000 lagun daude gosez herrialdean.

Etiopiako errefuxiatu kanpalekuetako emakume bat, MEPek emandako ura edaten. LENI KINZLI / HANDOUT/ EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko abenduaren 9a
11:14
Entzun

Etiopiako egoera okertu egin da: MEP Nazio Batuen Erakundeko Munduko Elikagaien Programak bertan behera utzi ditu herrialdeko iparraldeko bi herritan zituen giza laguntzarako misioak, elikagaiak zeuden bi biltegiri eraso egin eta gero. Erakundeak salatu du elikagai ugari ostu dituztela; horien artean, malnutrizioa jasaten duten haurrentzako ehunka produktu. NBEk berak onartu du herrialdeko egoera zaila dela, 400.000 lagun baino gehiago baitaude gosez, baina giza laguntza eskaintzen duten taldeek «muturreko larderia» jasaten dutela-eta hartu du erabakia.

Erasoa TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteari egotzi dio nazioarteko erakundeak, baina horrek, oraingoz, ez du bere gain hartu. Horrez gain, MEPek salatu du Etiopiako Gobernuko indarrek giza laguntzako hiru kamioi bereganatu dituztela, beren helburuetarako erabiltzeko asmoz.

Herrialdeko iparraldeko bi herritan egin diete eraso biltegiei, Kombolchan eta Dessien. Bi herri horiek garrantzia handia dute, Addis Abeba hiribururako bidean baitaude. Tigray eskualdetik kanpo daude herriak, Amhara eskualdean. Gerra duela urtebete pasa hasi zen, eta lehen asteetan borrokak Tigray eskualdean soilik kokatu ziren arren, gerora matxinoak beste lurraldeetara era zabaldu ziren. Hain zuen ere, herri horiek TPLFren esku zeuden astelehenera arte; orduan jakinarazi baitzuten gobernuko indarrek herriak bereganatu zituztela. Gainera, badute beste nolabaiteko garrantzia ere: Addis Abeba hiriburura heltzeko bidean daude.

Giza laguntzako kideak, arrisku larrian

Etiopiako iparraldea munduko lekurik arriskutsuenetako bat da giza laguntzan ari diren erakundeentzat; gatazka hasi zenetik, duela urtebete, mota horretako erakundeetako 28 kide hil dituzte lurraldean. Beren biziak arriskuan jartzeaz gain, beste mota batzuetako zailtasunak ere izan dituzte erakundeek, eta hilabeteak eman dituzte Etiopiako Gobernuari burokrazia gutxitu eta giza laguntza gehiago baimentzeko eskatzen. Horrez gain, salatu dute erregai eta diru murrizketak jasaten dituztela.

Baina jakin badakite arrisku larrian dauden herritarrak elikatzeko eskaintzen dutena baino askoz laguntza zabalagoa eman beharko luketela; agentziek kalkulatu dute horiek elikatzeko ehun kamioi inguru beharko lituzketela, eta onartu dute kopuru hori ez dela inondik ere betetzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.