Albistea entzun

Eguraldia

Ibai askok gainezka egin dute, eta hainbat bide urak hartuak dira

Euriteen eraginez, Zadorra, Cadagua, Deba, Arga eta beste hainbat ibaitako ura bere bidetik atera da. Uholdeek korapilo asko sortu dituzte: besteak beste, ezin da Mendaroko ospitalera errepidez ailegatu. Hainbat herri kaltetuak dira. Udalak eta gobernuek zuhurtzia eskatu dute.

Iruñeko Alde Zaharraren etaTxantrearen arteko bidea mozturik, goizaldean.
Iruñeko Alde Zaharraren etaTxantrearen arteko bidea mozturik, goizaldean. Iruñeko Udaltzaingoa Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2021eko abenduak 9

Datu bakar batek eman dezake azken egunetako euri jasaren neurria: Añarbeko urtegiak (Nafarroa) azkeneko hamabost egunetan hartu du urte osoan bildu ohi duen euri guztiaren laurden bat. Metro koadroko 500 litro egin ditu bi astean. Horrek esan nahi du euriteak neurri berean atertu gabe jarraituko balu bi hilabetean egingo lukeela urte osoko euria.

Itsasbazterretan olatuen kezkarekin eta itsasertzeko pasealekuak itxita —Donostiako buia batek 5,8 metroko olatu bat neurtu du—, lurralde ia guztia azpilaino batek irentsita, euria atertu ere egin gabe, eta lurraldearen ekialdean elurrak urtu eta ibaiak gainezkaraziko zituen kezkarekin. Hala igaro zen eguna atzo, eta euriak ez du atsedenik eman gauean.

Zadorra ibaia izan da lehena, Gasteiz inguruko herrietan, eta Cadagua ibaiak jarraitu dio, Gueñes aldean. Arroetako lurrak hartu ditu urak, eta mendebaldetik ekialdera zabaldu da kezka, prezipitazioekin batera. Ibaizabalek Usansolon hartu ditu lurrak beretzat. Txorierrin, erreka batek baino gehiagok sortu ditu putzu handiak, eta errepide ugari itxiarazi ditu. Gobelak ere kezka handiak eragin ditu Getxo aldean. Mungian ere izan dira arazoak, eta, gaueko hamarretan, Butroe ibaiak Gatika aldean alerta gorrian jarraitzen zuen, gainezka egiteko zorian.

Zadorra ibaiarekin agertu du kezka handiena Eusko Jaurlaritzak. Uholdeen krisi mahaia elkartu du arratsaldean, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak kezka agertu eta jakinarazi du gertutik aztertuko dutela. Gasteiz inguruko herrietan kalte ugari eragin ditu. Astegietan gehien. Agurainen ere gainezka egin du ibaiak, bestalde.

Mendebaldetik ekialdera

Gauarekin, kezka ekialdera zabalduz joan da. Ur putzu handiak sortu dituzte ibai gehienek han-hemenka. Urdazuriren arroko herri askotan, ibaiak beretzat hartu ditu soro ugari, eta, Senperen, (Lapurdi) herriko kaleetara ere sartu da ura. Gipuzkoan ere gauean hasi da egoera larritzen. Deba ibaiaren arroaren zati batzuk eta Oriakoaren beste batzuk alerta gorrian zeuden gaueko hamarrak ingurutik, baina Urumea ere oso hazita heldu zen —Goizuetan hasi da irteten, eta Hernanin Landareko zelaiak hartu ditu arratsaldetik, halakoetan ohi duenez—.

Nafarroan eurite handiak izan dira —han pilatu da metro koadroko litro gehien, lurraldearen ipar-mendebaldean—, baina ibaiei hobeto eutsi diete egunean zehar. Gauean hasi da egoera okertzen. Arakil ibaia atera egin da Huarten, eta Arga alerta gorrian jarri da gaueko hamarrak aldetik aurrera. Baztan aldean ere adi erreparatzen ari zaizkio Baztan ibaiaren hazkundeari, eta Malerrekan, berriz, Ezkurrari. Alerta gorrian jarri dira horiek ere. Baita Larraun ibaia Irurtzunen ere. Bidaso ertzeko herriek ere kezkatuta begiratzen diote ibaiari, eta Hendaian eta Irunen neurriak hartu dituzte. Hondarribian, Jaizubiak ere gainezka egin du arratsaldean.

Iruñean, urak hartuak dira Arga ibaiaren ibilbidearen hainbat puntu. Alarmak arratsetik ziren piztuak, eta Udaltzaingoak gaueko ordu txikietan ekin dio ibai ertzeko autoak erretiratzeari, ura gainezka egiten hasia zela ikusirik. Halaber, itxiak dira, besteak beste, Madalena zubiko eremua, Sanduzelai auzotik hiriko zentrora ailegatzeko sarbidea, eta Arrotxapea auzoko ibai ertzeko bideak. Poliziak zuhurtzia eskatu du, bai autoa hartzeko, baita oinez ibiltzeko ere.

Deba, Oria eta Ibaizabal ibaien emariek ere txikitzeko joera hartu dute bart 23:00 ingurutik aurrera, baina egoera aldakorra eta gorabeheratsua da: erreka horien emaria jaisten ari zela, ordu berean, Urumea maila gorriraino hazi da, Ereñotzun.

Erreskateak eta tren geldiaraziak

Ibai gehienen inguruetan sortu dira arazoak, eta ura sartu da zenbait etxetan, baina ez dute sortu, oraingoz, uholde handirik. Suhiltzaileei eta babes zibileko langileei buruhauste ugari eman dizkie, ordea, eta herritar batzuk larri ibili dira. Gernika-Lumon, ikasle batzuk zeramatzan autobus bat harrapatuta gelditu da ur putzu handi batean, ez atzera ez aurrera. Suhiltzaileek atera dituzte 21 bidaiariak. Astegietan, familia bat erreskatatu dute suhiltzaileek eta ertzainek; autoa uretan harrapatuta geratu zaie. Estarronan, beste familia bat salbatu dute Arabako suhiltzaileek: urak herrestan eman die autoa, eta arbola batzuei helduta gelditu dira haiek, urak inguraturik.

Gasteiz, Mungia, Erandio, Txorierri, Leintz-Gatzaga eta beste toki askotan trabatuta geratu dira errepideak. Eta, gauean, Tolosa eta Anoeta arteko bidea eten du Oria ibaiak; Mendaro eta Deba arteko errepidea ere moztu du Deba ibaiak. Hain zuzen, egoera aski larria da bertan, ezin baita Mendaroko ospitalera errepidez iritsi, uholdeen eraginez. Urak bakartua du zentroa, eta, hala, arduradunek herritarrei eskatu diete ez daitezela joaten ahalegindu, nahiz eta gaurko zehazturiko hitzorduak eduki.

Izan dira suhiltzaileen laguntza behar izan duten kasu gehiago. Ehunka irteera egin behar izan dituzte egun guztian. Baina ezbehar handienak trenbideetan sortu dira, bi luiziren eraginez. Gipuzkoan, Renferen tren bat harrapatu du luizi batek, Gabirian. Ez da inor zauritu, eta onik atera dituzte hamalau bidaiari. Lapurdin, berriz, SNCFren zerbitzua etenda gelditu da, luizi batek Donibane Garazi eta Baiona arteko bidea trabatu ondoren.

Egunak gorabehera asko izan zituen, eta horrela jaso ditu BERRIAk, zuzeneko kontakizunean, gauerdi ingurura arte.

Zuzeneko kontakizuna

20:15

Atzokoa, azken 40 urteko egunik euritsuena

AEMET meteorologia agentziaren datuen arabera, atzoko eguna izan da euritsuena gutxienez 40 urtean, Nafarroako iparralde osoan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

20:04

Ahurtiko (Lapurdi) Udaleko larrialdi batzordea ibaitik gertu bizi diren herritarrak bisitatzen hasi da, haien segurtasuna aztertzeko, eta behar diren kasuetan herriko kanpinean aterpetzeko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:43

Ebroko Ur Konfederazioak arratsaldean jakinarazi duenez, isurialde Mediterraneoko ur guztiak bilduta, Ebroren goraldia goizalderako espero duten Mendabian, eta bihar arratsalderako Castejonen eta Tuteran. Ikusi gehiago hemen.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:22

Olentzeroren etorrera igandera atzeratu dute Baionan

Bihar zen egitekoa Olentzeroren etorrera Baionan, 10:00etan, baina ekitaldia igandera atzeratzea erabaki du udalak. Horrez gain, puxika argidunak askatu behar zituzten 18:30ean, eta hori ere etzi egingo dute.

Gainera, Errobi inguruko taberna eta jatetxeak gaur gauean ixteko agindua eman dute. Izan ere, 22:00etan itsasgora helduko da, eta egoera okertzea espero dute.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:12

Hogei bat pertsona etxetik atera behar izan dituzte Baionan

Jean-Rene Etxegarai Baionako alkateak emaniko informazioaren arabera, hogei bat pertsona etxetik atera dituzte Baionan, uholdeengatik. Eraikin batetik atera dituzte, ez zegoelako hara sartzerik edo handik ateratzerik. Helikopteroak erabili dituzte. Alkateak eskatu die herritarrei ez hurbiltzeko ibaira, eta zentroan ez ibiltzeko bihar goizera arte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:40

A63 autobidea itxi dute Baionarako norabidean. Ezin da hara sartu Pausuko sarreratik, Donibane Lohizuneko bietatik, Miarritzekotik, eta Hego Baionakotik. Donostiarako norabideko sarbideak berriz, zabalik daude.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:20

Arga ibaiaren emaria jaisten hasi da Iruñean

Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, eguerdian hartu du Arga ibaiak garaierarik handiena Iruñean. Segundoko 608,31 metro kubo zeramatzan, 12:40ean, eta ur horrek guztiak ibaiaren maila 4,80 metrora jaso du. Azken 20 urteotan ez da Arga inoiz horrenbeste hazi hiriburuan. Azken orduotan jaisten ari da. Halere, larrialdi mailari eusten diote agintariek.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

17:21

Arabako urtegiek ur isuria ia bikoiztuko dute

Uribarriko eta Urrunagako urtegiek (Araba) segundoko 135 metro kubo ur isuriko dituzte hurrengo orduetan Zadorra ibaira, hau da, orain arte baino ia halako bi. Horrek ibaiaren emaria asko handituko du, eta eragina eduki dezake ibilguan dauden hainbat herritan, tartean Mendibilen, Arroiaben, Urbinan, Duranan, Lukun eta Amaritan.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri dute neurria. Esan dutenez, urtegiek gainditu dute segurtasunez eduki dezaketen ura, eta, hori dela eta, sartzen den adina ur kanporatu behar dutela orain.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:50

A63 autobidea berriz zabaldu dute Donostiarako norabidean. Baiona Iparralde irteeraren (6.a) eta Baiona Hegoaldearen artean (5.a) egon da itxita.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:45

Aturri ibaia 6,24 metroko garaiera heldu da Baionan arratsalde honetan. Parekatzeko: 2018ko ekaineko euriteetan 5,15 metroraino baino ez zen heldu, eta 2014 uztailekoetan 5,05 metroraino.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:40

Baionaren gaurko errugbi partida, bertan behera

Euriteek sorturiko egoera aipatuta, prefekturak bertan behera utzi du gaur arratsaldean Baionak eta Montaubanek jokatu behar zuten errugbi partida. Errugbi Ligarekin hitz egiten ari dira partida noiz jokatu erabakitzeko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:22

Irulegiko Irratiak hainbat bideo bildu ditu, euriteek Nafarroa Beherean eragindako egoera erakusteko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:37

Ipar Euskal Herrian barnean hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamendua alerta gorrian.

Oihana Teyseyre

15:33

Atarrabiako hogei bat biztanle erreskatatu dituzte txalupekin

Atarrabiako Martiket auzoko hogei bat bizilagun txalupen bidez atera behar izan dituzte suhiltzaileek. Haien etxeetan urak metro bateko altuera hartu du. 60-70 etxe inguru argirik gabe daude herrian, tartean udaletxea, eta sorgailuekin ari dira argindarra ematen. Ikusi gehiago hemen.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:08

Gaur gaueko 21:45ean izango da eguneko bigarren itsas-gora. Itsasoan bihar goizera arte lau metro arteko olatuak espero dira.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

15:03

Gipuzkoan bertan behera utzi dute eskola kirola

Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi du bihar jokatzekoa zen eskola kirola. Eguraldiaren iragarpena argudiatuta, larrialdietarako protokoloaren ondorioz hartu du erabakia. Ez da eskola kirolik izango ez kanpoaldean ezta espazio itxi edo irekietan egitekoak ziren kirol jarduerak ere. Erabakia biharko hartu du, baina gaineratu du Aldundiak asteburuan alerta gorria ezarriz gero, eskola kirol jarduera guztiak geratuko liratekeela bertan behera.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

14:33

Azken bi hamarkadetako ur goraldirik handiena izan du Arga ibaiak

Azken bi hamarkadetako ur goraldirik handiena izan du Arga ibaiak: segundoko 508 metro kubora iritsi da. 2000. urtean hasi zen neurketa sistema hori egiten, eta ordutik daude gordeta erregistroak. Pilatutako datu horien guztien arabera, azken egunotan izan du emaririk handiena Arga ibaiak. 2013. urtean izan ziren uholdeetan, aldiz, segundoko 492 metro kubo neurtu zituzten gehienez Burlatako udalerrian.

14:25

Gipuzkoan 47 esku-hartze izan dira atzotik

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak zehaztu duenez, foru suhiltzaileen zerbitzuak 47 esku-hartze egin ditu atzo arratsaldeko seietatik gaur goizeko zortziak arte, eurite iraunkorrengatik. Mendarotik bertatik egin ditu adierazpen hauek, hara joan baita euriteek eragindako kalteak bertatik bertara ikustera. Ziurtatu du egoera "egonkorra" dela une honetan, baina adi egon behar dela nabarmendu du, "oraindik ere ateratzen ari diren baino ur gehiago ateratzeko arriskua baitago".

14:09

Mugikortasuna mugatzeko gomendatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egun hauetako eurite handien ondorioz sortutako uholdeak  mugikortasuna mugatzeko "arrazoi bat gehiago" direla adierazi du. "Pertsona guztien segurtasuna bermatzeko lanean jarraituko dugu", gehitu du.

14:05

"Zuhurtzia eta pazientzia" eskatu du Maria Chivite Nafarroako lehendakariak

Maria Txibite Nafarroako lehendakariak "zuhurtzia eta pazientzia" eskatu die herritarrei: "Oraindik ere ordu eta egun zail ugari geratzen zaizkigu". Momentu zaila dela esan du, eta une oro gertatzen denaren inguruan informatzen jarraituko dutela. Larrialdi zerbitzuen lana ere goraipatu nahi izan du, eta "gogor lan egiten duten langile guztiei" zuzendu zaie.

13:59

250 ibilgailu lekualdatu dituzte Iruñean

Iruñeko Udaltzaingoak urez betetako eremuetan harrapatuta zeuden 250 ibilgailu baino gehiago lekualdatu ditu. Ibilgailu horietako asko Arrotxapea eta Club Igeriketa eremutik eraman dituzte, eta uholdeen arriskurako ingurune seguruetan utzi dituzte. Horrez gain, Udaltzaingoak zazpi esku-hartze eta erreskatatze lan egin behar izan ditu gaur Suhiltzaileen Zerbitzuaren laguntzarekin.

13:40

Sunbillan emakume bat hil da luiziak harrapatuta

Sunbillan emakume bat hil da luizi baten ondorioz. Gaur goizean gertatu da: bizilagun bat izan da abisua eman duena, eta larrialdi zerbitzuei ohartarazi die luizi bat izan dela eta auto bat harrapatuta gelditu dela. Foruzaingoak iritsi direnean gizon bat aurkitu dute autoaren barruan, hilda.

13:35

Hainbat bide moztuta Bergaran

Bergara inguruan ere luizi bat izan da uholdeen eta euriteen indarraren ondorioz. Boluko maldan gertatu da, gaur goizean. Bergarako Udalaren hitzetan, puntu hori da une honetan kezka gehien eragiten duena. Geologoak kalteak zenbaterainokoak izan daitezkeen aztertzen ari dira, eta 57. ataritik 63. atarira artekoek etxetik atera behar izan dute prebentzio neurri gisa.

13:25

"Gorabehera txikiak" Bilbo eta inguruetan

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak "gorabehera txiki" gisa definitu ditu denboraleak Bilbon eta inguruetan eragin dituen kalteak, eta datozen orduotan etor daitezkeen kalteak ere larritasun "txiki" horretakoak izan daitezen espero du. Esan du Bizkaiko hiriburuko egoera "lasai" egon dela, baina suhiltzaileek eta udaltzainek hogei bat ekintza egin behar izan dituztela. Zehaztu duenez, kasu gehienetan "gorabehera txikiak" izan dira, batez ere ur-putzuek, zuhaitzek eta luiziek eragindakoak.

13:18

Burlata, urak inguraturik

Uholdeen ondorioz nabarmen kaltetutako beste herri bat da Burlata. Hainbat erabiltzaile bertako irudiak jartzen ari dira sareetan, eta ikusgarriak dira guztiak. Bertan da Joxerra Senar BERRIAko kazetaria ere, eta egoeraren erradiografia bat egin du sareetan. Kaleak urez beterik daude, eta auto andana ikus daiteke geldirik, ez aurrera ez atzera egin ezin dutela.

Angel Erro BERRIAko zutabegileak ere zenbait argazki partekatu ditu bere Twitter kontuan. Burlatako Bizkarmendia kalekoak eta Larraintzar plazakoak dira irudiok, eta benetan ikusgarriak dira.

13:07

Donostia eta Okendotegi inguruan ere kalte ugari

Ohi bezala, euriak uholdeak eragin ditu Donostia eta Okendotegi inguruetan, eta Lasarte-Oria eta Zubieta arteko zubia itxi egin behar izan dute. Zuhaitz handi bat ere erori da Josean Gasca kiroldegiaren ondoan: teilatuaren zati batean jo du, eta zertxa baten gainean geratu da.

Eneko Goia alkateak kaltetutako eremuak bisitatu ditu, eta "tirabiratsu" gisa definitu du gaua. Halaber, Okendotegi eremuaren inguruan mintzatu da; izan ere, uholdeak direnean kalte ugari izaten dira inguru horretan: "Beti egoera txarrean dagoen puntua bat da, baina ez da gehiagora joan".

12:47

Errepideetan ere kalteak

Hainbat herri eta kale urez bete dira uholdeen eta eurite indartsuen ondorioz, baina errepide batzuek ere kalte ugari jasan dituzte euriteen eraginez. Eskoriatzatik Bolibarrera bidean, adibidez, errepidearen zati bat ondoratu egin da. Bolibarrerako bideaz gain, Mazmelarako errepidean ere errail bat itxita dago atzo izandako lur-jausi baten ondorioz.

12:40

Gipuzkoan alerta laranja; Araban eta Bizkaian horira jaitsi da

Gipuzkoan alerta laranja dago oraindik, baina Araban eta Bizkaian abisu horira jaitsi da alerta. Egoera apur bat baretu baldin bada ere, hiru lurraldeetan uholdeak izateko arriskuak indarrean jarraitzen du oraindik, eta gau partean ere eurite gehiago espero dira. Gipuzkoan jarri dute arreta bereziki: bihar goizeko bederatziak arte 60 l/m2 baino gehiago pilatu daitezkeela uste dute, bereziki ekialdean.

12:32

A63 autobidea itxi dute Baionan

A63 autobidea hetsi dute, Baiona aldean uholdeak direlako, Bordelera buruz. Ezin da autobidera sartu, eta 5. aterabidean atera behar da nahitaez.

12:28

"Bigarren agertoki bat" finkatzeko bildu da Gasteizko Udala

Gasteizko Udala urgentziaz bildu da uholdeen ondorioak ebaluatu eta bigarren agertoki bat finkatzeko, behin alerta amaituta eta hiriko egoera gutxi gehiago normalizatuta. Oraingoz, Astegieta inguruan izan dira kalte gehien: bart zazpi lagun atera behar izan dituzte etxetik, ura atarietako koadro elektrikora iristeko zorian zegoela. Bilera horretan, "bigarren agertoki" horri erantzungo dieten neurriak zehaztu dituzte, eta jarraian abian jarri beharrekoak egiteko koordinatu dira.

12:17

Gutxienez 2.600 lagun argirik gabe gelditu dira Nafarroan

Europa Press berri agentziaren arabera, Iberdrolaren 2.600 bezero inguru argindarrik gabe gelditu dira Nafarroan uholdeen ondorioz. Iruñean bizi dira horietako asko eta asko, 800 bezero inguru, eta Arrotxapean bizi dira 800 horietako asko. Enpresaren hitzetan, Landabengo azpiestazioan ari dira lanean kalteak konpondu nahian.

12:10

Mendaro, garbiketa lanetan

Mendaro da uholdeek kaleak hartu dituzten Gipuzkoako herrietako bat. Goizean goizetik zabaldu dira bertako irudi ikusgarriak, eta Irati Urdalleta BERRIAko kazetariak ere bidali ditu zenbait. Irudi horietan, garbiketa lanetan ageri dira zenbiat herritar eta bizilagun. Ikusima sortu du testuinguruak, eta kazetariak aipatu duenez, azken orduotan nabarmen jaitsi da ura zenbait eremutan.

11:59

Hogei errepide itxita Araban

Dagoeneko hogei baino gehiago dira Araban itxi dituzten errepideak. Ihurreko lotura ere bi noranzkoetan dago itxita, eta ibilgailauk A-1 autobiatik eta Gamarrako lotunetik desbideratzen ari dira.

11:52

Arruazu, inkomunikatuta

Inguruko herriekin komunikatu ezinda gelditu da Arruazu, Nafarroako Sakana eskualdean. Arakil ibaiak gainezka egin duelako gelditu da egoera horretan, eta herrira sartu edo irten ezinik gelditu dira bertakoak ere. Horixe jakinarazi du Foruzaingoak bere Twitter kontuan, eta kontuz ibiltzeko deia egin die A10 errepidearen inguruan dabiltzenei, bi noranzkoetan putzu handiak sor daitezkeelako.

11:46

Ura sartu da Forondako aireportuan

Azken orduko eurite indartsuen ondorioz, ura sartu da Gasteizko Forondako aireportuko terminalean. Oraingoz, ez dute jarduera eten behar izan, baina adi daude ea zer bilakaera izango duen denboraleak. Garbiketa zerbitzuko langileak buru-belarri ari dira lanean euri bizien ondorioz sartu den ura ateratzeko.

11:41

Hiru pertsona erreskatatu behar izan dituzte Araban

Euriteen eta uholdeen ondorioz ibai bazterrean harrapatuta gelditu ziren hiru pertsona erreskatatu behar izan zituzten atzo gauean Araban, Estarrona inguruan. Familiako bereko kideak ziren hiruak, eta haur bat zegoen tartean. Arabako Foru Suhiltzaileak joan behar izan ziren laguntzera, eta soka baten laguntzaz atera zituzten handik.

11:25

"Euriak aurreikuspen guztiak irauli ditu"

Euriteek ekarritako egoeraren gaineko adierazpenak egin ditu Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek. Ez du ezkutatu kezka, eta onartu du egoera «bereziki sentibera» dela. «Azken orduetako euriteek lehendik eginiko aurreikuspen guztiak irauli dituzte», aitortu du. Halaber, azaldu du «gogor eta era koordinatuan» ari direla egoerari aurre egiteko lanean, eta argitu du kalteak ahalik txikienak izan daitezen dela lehentasuna. Hain zuzen, kalteei dagokienez, presidenteordeak argitu du oraingoz ez dela zauriturik izan, nahiz eta dagoeneko hainbat pertsona erreskatatu dituzten.

Ohartarazi duenez, Nafarroaren iparraldea eta Iruñerria dira gaur egun egoera kezkagarria dutenak. «Arga ibaiaren inguruak bereziki kezkatuak gaitu, hari lotuak ditugu begiak».

Hain zuzen, Arga ibaiaren ingurumarietan da Joxerra Senar BERRIAko kazetaria. Twitter bidez ari da egoeraren berri ematen:

Gainera, Remirezek argitu duenez, Nafarroako Gobernua harremanetan dago, besteak beste, Lesakako, Berako, Baztango, Azkoiengo eta Faltzesko udalekin ere, besteak beste. Izan ere, aitortu duenez, datozen orduetan herri horien inguruetan izan ditzakete arazo gehien denboralearen eraginez.

10:59

Mendaroko ospitalea isolatua da goizaldetik, zentrora iristeko bideak urak hartuak baitira. Ordea, Osakidetzak berriki jakinarazi du «normaltasunez» ari direla arta ematen. Argitu dute bertan behera gelditu diren hitzordu bakarrak arta endokrinori, otorrinolaringologiari eta kardiologiarekin eta erreumatologiarekin loturiko ahalegin probak direla. Are, zentroko arduradunek nabarmendu dute COVID-19aren kontrako txertaketan aurreikusi bezala ari direla ziztak ematen. 
Gainera, zehaztu dute zentrora iritsi ezin eta beraz hitzorduren batera joan ezin direnei beste ordu bat esleituko dietela aurki.

10:01

Larrialdi mahaiak elkartzekoak dira gaur goizean, bai Eusko Jaurlaritzarena, bai Nafarroako Gobernuarena. Iluntzean beste fronte bat sartuko dela eta euri zaparrada gehiago izango direla espero dute. Ez dira azken 24 orduotako euriteak bezain handiak izango, dena den.

10:00

Bizkaian eta Araban, baretzen

Bizkaian eta Araban ostegunean gertatu ziren egoera larrienak, Zadorraren ertzetan Araban, eta Cadaguaren arroan Bizkaian. Ibaizabal ere hainbat herritan atera zen, Usansolo eta Galdakao aldean adibidez. Gernika-Lumo aldean ere putzu handiak sortu ziren, baita Bizkaiko ibai gehienen inguruan ere, Getxo, Mungian, Erandion... Gauerako egoera baretzen eta ibaien emaria jaisten hasia zegoen Bizkaian. Gauerditik aurrera Butroek sortu ditu putzu handiak haren arroan, Gatika aldean batez ere.

09:44

Seaskak bertan behera utzi du Bordeleko protesta

Murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio bat antolatua zuen Seaskak gaurko Bordelen (Okzitania), baina bertan behera utzi du deialdi hori, euriteen eraginez.

09:22

Nafarroan, ipar isurialdea gainezka

Iruñean, azken hamarkadetako uholde handiena sortu da Argaren inguruan, eta ipar isurian ere oso beteta heldu dira ibaiak.

—Arga ibaia eta haren ingurukoak oso beteta heldu ziren bar gauean, eta gauerditik aurrera atera dira urak. Iruñerriko hainbat herritan atera da Arga, eta zenbait herritar euren etxetik atera ezinik daude. Gainera, denboralearen eraginez, argindarrik gabe gelditu dira zenbait karrikatako etxebizitzetan. Bideei dagokienez, halaber, Itxiak dira, besteak beste, hiriko ertzetako auzoetatik Alde Zaharrera joateko zenbait: Madalena zubiko eremua, Sanduzelai auzotik hiriko zentrora ailegatzeko sarbidea, eta Arrotxapea auzoko ibai ertzeko bideak.

— Oraingoz ez dute jakinarazi zauriturik, baina, emandako informazioaren arabera, Foruzaingoak hainbatetan esku hartu behar izan du urak harrapatuak ziren herritarrei laguntzeko. Besteak beste, bi emakume erreskatatu dituzte Burlatan. Onik dira.

—Baztan eta Bortziri aldean egin du azken 24 orduetan euri gehien, eta hango errekek ere sortu dituzte kalte batzuk, gainezka egin baitute leku batzuetan. Luiziak ere izan dira eskualde horretan. Onin errekak bart egin zuen gainezka Lesakan.
 

—Irati ibaiak ere gainezka egin du Aribe aldean. Nafarroa ipar ekialdean, urtutako elurrek gainezkatu dituzte ibaiak. Orbaizetarako bidea itxita dago, eta Oroz-Betelu aldera ere bidea moztu du ibaiak.

—Ega ibaiari arretaz begiratzen ari zaizkio, oso betea heldu delako hura ere.

09:16

Ipar Euskal Herrian, errepide asko itxita

Atzo arratsalderako Urdazurik bere arroko zelai asko hartu zituen, eta Senperen herriko kaleetara ere heldu zen. Gauerditik aurrera, egoera okertu baizik ez da egin.

—Aturri ibaiak gainezka egin du Baionan, eta zenbait dendatan sartzen hasi da. Oso betea heldu zen ibaia atzoz geroztik, eta goizeko bederatziak aldera hasi da ura gainez egiten.

—Urdazuriren urak leku ugaritan atera dira: Azkainen, Bidarten, Ezpeletan, Saran, Senperen, Urruñan... Bigarren mailako errepide ugari itxi dituzte inguru horretan, urak hartuta daudelako, baita Nafarroa Beherean ere: Baigorri eta Ortzaize artekoa eta Donibane eta Bidarrai artekoa, besteak beste.

 

—Uhaitza ibaiaren emaria arretaz jarraitzen ari dira, Maule inguruan.

Dozena bat errepide baino gehiago itxita daude Ipar Euskal Herri osoan, eta Itsasun luizi batek trenbidea moztu zuen atzo arratsaldean. Donibane Garazi eta Baiona artean ez dabil trenik.

09:08

Gipuzkoan, gainezka ibai guztiak

Herrialdeko ibai nagusiak gainezka eginda daude, eta erreka txikiagoak ere bai. Atzo gauean larri zeuden ibai asko, eta gauerditik aurrera atera dira

—Deba ibaia hainbat herritan atera da, eta Mendaroko ospitalerako bidea itxita dago. Eskatu dute ez joateko ospitalerako, txanda eduki arren. Bergaran bertan ere kale batzuetan sartu da ibaia.

—Oria ibaia ere harrotuta heldu da. Villabona-Amasan, Lasarte-Orian, Usurbilen, Andoainen... Leku askotan atera da. Tolosan eta Beasainen ere estu begiratzen diote ibaiari. Hainbat kale itxi dituzte.

—Urumea ibaia atzo arratsean atera zen Hernanin, Landareko zelaian. Gauerditik aurrera Ereñotzun eta beste puntu batzuetan atera da. Goizuetan ere atera zen atzo (Nafarroa), eta Goizueta eta Lesaka arteko bidea itxita dago.

—Bidasoa ibaia ere atera da. Itsasadarrean lehenbizi, eta hazten segitu du beste toki batzuetan ere. Irunen goizaldeko lauak aldera egin du gainezka urak, eta urak kalte ugari eragin du Behobia auzoan. Hainbat kale eta industriagunea itxi dituzte, eta, hain zuzen, agintariek herritarrei eskatu diete ez daitezela hiriko zentrora ibilgailuarekin sartu.

—Urola ibaia ere betea heldu da, baina ematen du oraingoz ez duela gainerako ibaietan adinako kalterik sortu.

00:19

Maila gorrian dauden ibaiak, gauerdian

Gauerdia jota, ibai batzuen emariak apaltzen hasi dira, baina beste batzuenak harrotzen, Gipuzkoan eta Nafarroan. Ordu honetan, Gipuzkoan, emaria maila gorriraino hazita daukate Urumea ibaiak Ereñotzun, Deba ibaiak Altzolan, Bidasoaren arroak Jaizubian, eta Oria ibaiak Lasarte-Orian. Nafarroan, berriz, Ultzama ibaiak gainezka egin du Atarrabian eta alertan daude Arga ibaia Iruñean eta Etxaurin, Larraun ibaia Irurtzunen, Ezkurra ibaia Elgorriagan, Baztan ibaia Erratzun eta Bidasoa ibaia Endarlatsan.

22:48
22:43

Arabako suhiltzaileek familia bat erreskatatu dute. Urak autoa eraman die, eta arbola batzuei helduta gelditu dira.

22:37

Arga maila gorrira iritsi da Iruñean

Ibai guztiak datoz hazita, baina itsasgora pasatu da 21:00etarako, eta arintzera egin dute emari gehienek. 22:30 direnean, Nafarroan handitu da kezka: Arga ibaia Iruñean alerta mailara igo da, baita Ezkurra ibaia Elgorriagan ere, eta hala jarraitzen du Larraun ibaiak Irurtzunen (Nafarroa).

Bestela, ordu honetan maila gorrian daude Zadorra ibaiaren emaria Araban, Deba ibaiarena (San Prudentzio inguruan) eta Oria ibaiarena Gipuzkoan, eta Butroerena Bizkaian, Gatika aldean. Urdazuri ibaiaren egoera ere larria da Lapurdin.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:53

Prezipitazio handienak

21:00ak arte, leku hauetan neurtu dituzte prezipitazio handienak: Eskasen (Oiartzundik Artikutzarako bidean, Nafarroan), metro koadroko 108 litro bota ditu; Iñarbegin (Nafarroa), 101 litro; Beran (Nafarroa), 85 litro; Urkiolan (Durangaldean, Bizkaian), 84 litro; Etxalarren (Nafarroa), 79 litro; Goizuetan (Nafarroa), 78 litro; Abadiñon (Bizkaia), 78 litro; Gorbean (Bizkaia), 76 litro; Añarben (Nafarroa), 74; Ilarduian (Araba), 73; Iurretan (Bizkaia), 71; Donezteben (Nafarroa), 70; ZIgoitian (Araba), 70 litro.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:12

Astegietan, Gasteiz inguruan, suhiltzaileek eta ertzainek auto batetik atera dituzte hiru pertsona, haietako bat ume bat. Ur putzu batean harrapatuta gelditu dira, eta handik atera dituzte.

Gernika-Lumon, berriz, ikasle batzuk zeramatzan autobusa geratu da uretan harrapatuta. Poltsa pneumatiko batzuk erabilita atera dituzte autobusetik 21 lagun:

21:07

Arga inguruan ere hasi dira kezkatzen ibaiaren emariarekin, Iruñerrian.

21:05

Pixkanaka jaitsi egin da ibai gehienen emaria, eta maila laranjan daude gehienak. 21:00etan, emaria maila gorrira igota daude (uholdea sortzeko arriskuarekin beraz), Bidasoa ibaia Endarlatsa parean (Nafarroa), Arakil Urdiainen (Nafarroa), Larraun Irurtzun parean (Nafarroa), Butroe Gatikan (Bizkaia), Deba San Prudentzion (Gipuzkoa) eta Baia Sarrian (Araba).

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

20:57
Baso Biziak plataforma kexu agertu da, basoen monolaborantzak eta horien mozketak lurrari egiten dioten kaltearengatik. Irudiotan erakutsi du euriteek nolako eragina izan duten baso mozketa hori egindako lekuetako batean.
19:32

Hendaiako Udalak indarrean du zaintza plana

Txingudi ertzeko kale batzuk eta zenbait parke ere itxi egin ditu Hendaiako Udalak, eta zaintza plana abiatu du.

19:30

Senperen ere (Lapurdi) atera dira urak kanpora, eta hainbat belaze hartu dituzte, errepideetan arazoak sortu ere bai. Herriko kaleetara ere iritsi dira urak.

19:29

Irunen (Gipuzkoa), Txingudi Ikastolako jolastokira sartu da ura.

19:22

Beste luizi bat trenbidean, Donibane Garazi eta Kanbo artean

SNCFren trenbide sarean ere kalteak eragin ditu euriteak. Luizi bat gertatu da Donibane Garazi eta Kanbo artean, Itsasu parean (Lapurdi), eta moztuta dago bidea eta tren zerbitzua ere bai. 18:00 inguruan gertatu da ezbeharra. Bidaiariak autobusez ari dira eramaten, baina Baiona eta Donibane Garazi arteko zerbitzuak etenda daude momentuz.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

19:07

Goizueta aldean ere harrotuta dago Urumea. Hernanin ere atera da ura, Landareko zelaian, askotan egin ohi duen moduan.

18:35

18:15 zirenean, uren emaria maila gorrira igoa zeukan Ibaizabalek Lemoan eta Cadaguak Alonsotegin, biak Bizkaian. Baztan ibaiak ere bai, Erratzun (Nafarroa).

Itsasgora 20:52 aldera gertatuko da, eta ez da espero ostiraleko 15:00ak aldera arte euriteak aterraldi nabarmenik egitea, hortaz, gaur gau partean gerta liteke egoera kritikoena ibaien arroetan.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

18:18

Gasteizko Udalak krisi mahaia antolatu du

Astegieta aldean bidetik atera da Zadorra ibaia, eta herritar batzuek beren etxeak utzi behar izan dituzte. Gasteizko Udalak jakinarazi du krisi mahaia antolatu duela. Urak kalteak egiten ari diren lekuetara joan dira alkatea eta udal zerbitzuak. «Egoera kezkatzekoa da», esan du Gorka Urtaran alkateak, «arroak ezin duelako euri ur eta urteko emari gehiago irentsi». Astegietako eta kaltetutako beste lekuetako herritarrei udalaren babes osoa adierazi die. Adierazi du, baita ere, Abetxuku eta Gamarra artean Zadorra bideratzeko egindako lanak emaitza onak ari direla ematen, eta beste leku batzuetan nola jokatu ikasteko eredu baliagarria izan litekeela.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

18:04

Urteko eurien laurdena, bi astean

Añarbeko urtegiak metro koadroko 500 litro euri hartu ditu azkeneko hamabost egunetan. Alegia, urtegiak jasotzen duen euri ur guztiaren laurden bat. Donostialde urez hornitzen du urtegiak, eta Aguas del Añarbek kudeatzen du, baina Nafarroan dago berez, Goizuetako lurretan.

Urtegiaren jabeak hogei milioi metro kubo ur askatu ditu azkeneko egunetan, gainezka ez egiteko. Urumea ibaiak horretarako aukera ematen duenean egiten ditu badaezpadako hustuketa horiek. Urumearen ur emaria alerta horiko mailara iritsi da 13:40an, eta orduan eten dute hustutzea.

Deba eta Urola ibaien arroetan ere alerta horira iritsi dira eguerdian.

Egoera okerrena Bizkaiko ibaien inguruan ari da sortzen, ordea. Ibaizabalen ur emaria maila gorrira heldu da arratsaldean, eta Galdakaon gainezka egin du. Cadagua Alonsotegin, Nerbioi La Peñan eta Arratia ibaia Lemoan ere maila gorriraino goratu dira.

Araban ere ez da egoera lasaiagoa. Zadorra ibaiaren emaria maila gorrira iritsi da Otxandion, eta Astegietan, Abetxukun eta beste zenbait tokitan gainezka egin du.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

17:55
17:39

Getxoko Udalak babes zibileko plana aktibatu du

Larrañazubi aldean gainezka egin du Gobela ibaiak, Getxon.

17:37
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi du 16:00etan 200 gertakari artatzen ari zirela larrialdiko eta babes zibileko zerbitzuak.
17:35

Haize bolada indartsuak ere izan dira gaur, euriarekin batera. La Cerrojan (Karrantza, Bizkaia), orduko 127 kilometroko haize boladak neurtu dituzte, eta Matxitxako lurmuturrean (Bizkaia), 122 kilometrokoak. Jaizkibelen (Gipuzkoa), orduko 111 kilometroko haize kolpeak neurtu dituzte.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

17:31

Txorierri aldean ere arazoak sortzen hasi dira arratsalde honetan, Aikor-ek jakinarazi duenez. Sondikan, Larrabetzun eta Zamudion bide batzuk itxita daude, eta erreka zein ibaiek gainezka egin dute hainbat lekutan.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

17:29
17:28
17:22

Muxika ibaiak ere gainezka egin du, Muxikan (Bizkaia), eta ur poltsa handiak sortu dira inguruan. Gernika-Lumo aldean ere oso beteta heldu da.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

16:19

Oria ibaiak gainezka egiteko arriskuaz ohartarazi du Andoaingo Udalak

Andoaingo (Gipuzkoa) Udalak herritarrei jakinarazi die litekeena dela datozen orduetan Oria ibaiak gainezka egitea, eta hori dela-eta, autoak aparkatzeko alternatibak egokitzen ari dela. Martin Ugaldeko eta Kale Txikiko herritarrei egin die ohartarazpena. Etxebarrieta, Algodonera eta Goiko Plazan autoa uzteko aukera izango dute herritar horiek, behin-behinean.

16:15

Alerta egoera ezarri dute, prezipitazio iraunkorrengatik

Datozen orduotan prezipitazio iraunkorragatik abisu laranja indarrean jarri dute Euskalmetek eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, eta ohartarazi dute Kantauri Isurialdeko hainbat tokitan litekeena dela metro koadroko 80 litro baino gehiago pilatzea. Bihar arratsaldeko 15:00 arte izango da indarrean alerta egoera laranja. Nafarroa iparraldean ere alerta laranjan dira.

16:06

Elur arriskua amaitutzat jo du Jaurlaritzak

Atzo eta gaur goizean erruz egin du elurra Araban, Nafarroan eta Pirinialdean. Goizean, baina, gora egin du tenperaturak, eta elur arriskua aldendu egin da. Modu horretan, Eusko Jaurlaritzak bukatutzat eman du elur arriskuaren abisua, eta orain uholde arriskua da erakundeak kezkatzen dituena. Elur denboralearen ondorioak oraindik agerikoak dira errepide sarean. Besteak beste, Herrera, Opakua eta Urduñako mendateak itxita daude oraingoz. Nafarroan kateak behar dira Izabatik Biarnora doan errepidean, Aralarko San Miguelera doan bidean eta Larraineko eta Artesiagako mendateetan. Errepide sare nagusia irekita badago ere, tentuz ibiltzeko eskatu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.

15:56

Autoak uholde eremuetatik kentzeko eskatu du Gasteizko Udalak

Uholde arriskua eta urek eragin ditzaketen kalteak prebenitzeko, autoak urak har ditzakeen eremuetatik kentzeko eskatu die Gasteizko Udalak herritarrei. Bereziki Zadorrako ibarrean da larria egoera, eta jadanik urak hartu ditu inguruko hainbat bazter. Udalak egoeraren jarraipena egiteko mahai bat osatu du. Mahai hori koordinatuko da Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak antolatu duen krisi mahaiarekin.

15:51

Luizi batek tren bat harrapatu du Gabirian

Euriteek eragindako luizi batek tren bat harrapatu du Beasain eta Brinkola artean (Gipuzkoa). Horren ondorioz, tarte horretako trenen zirkulazioa etenda dago, eta Renfek autobus zerbitzuak antolatu ditu tarte horietatik pasatu beharko liratekeen bidaiarientzat.


Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Julen Aperribai

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda, Donostiara iritsiko da lasterketa. Ikusi egunez eguneko ibilbidea eta ordutegia albiste barruan.

Joan den urtean ere egin zituzten osasun publikoa indartzearen aldeko mobilizazoak. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bizkaiko Medikuen Elkargoa urtarrilaren 23ko mobilizazioetara batu da

Jone Arruabarrena

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatu dituzte mobilizazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iganderako

Aitor Elexpuru (Uema) eta Agurne Gaubeka (Behatokia), atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Nafarroan euskaraz egin daitezkeen tramite telematikoak, %25etik behera

Ion Orzaiz

Administrazioak «euskaldunen eskubideak urratzen» dituela salatu dute Uemak eta Behatokiak

 ©BERRIA

«Ospitale publikoa egonaldiak saltzen dituen enpresa bilakatu da»

Oihana Teyseyre Koskarat

Figura mediatikoa da Grimaldi. Urteetan, barnetik bizi izan du ospitale publikoaren egoera, eta argi du okerrera egin duela. Jomugan ezarri du Frantziako Gobernuaren murrizketa politika, pandemiak azaleratu dituen egiturazko arazoak salatuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.