COVID ziurtagiria zuzenean webgunetik eskuratzeko aukera egonen dela jakinarazi du Santos Indurainek, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Indurainen arabera, eskaria «oso handia» izan da; hortaz, «aurki» jarriko dute martxan bide hori. Gaur egun, ziurtagiria eskuratu ahal izateko, osasun karpeta pertsonala aktibatu behar da, fisikoki bulego batera agertu beharra eskatzen du horrek, eta, hala, urrats hori egin beharrak ilara mardulak eragin ditu karpeta aktibatzeko tokietan.
Beraz, webgunetik zuzenean deskargatzeko tresna baten bila dabiltza gobernukoak. «Datuak konfidentzialak direnez, ondo erabili behar da ziurtagiria deskargatzeko tresna». Hala ere, oraindik, aldez aurretik ordua eskatu behar da Nafarroako Gobernuak eskuragarri jarri dituen erregistro bulegoetan; 28 dira guztira.