Osasuna

Osasun publikoa indartzeko planik ez izatea leporatu diote Jaurlaritzari

Osasun Publikoa Aurrera eta Babestu Araba plataformek, eta Gasteizko hainbat auzo elkartek «antisozialtzat» jo dituzte 2022rako aurrekontuak.

Eguerdian eginiko prentsaurrekoa, Gasteizen. OSASUN PUBLIKOA AURRERA
Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 9a
14:48
Entzun

«Non daude sosak?», galdetu diote Eusko Jaurlaritzari Osasun Publikoa Aurrera eta Babestu Araba plataformek, eta Gasteizko hainbat auzo elkartek. Denek ere bat egin dute Arabako hiriburuan, gobernuaren aurrekontuetan osasungintzarako eta arlo soziosanitariorako prestatutako plangintzaren «iruzurra» salatzeko: «Ez dute osasun publikoa indartzen, eta, beste behin ere, eremu soziosanitarioa baztertzen dute».

Elkarteek «antisozialtzat» jo dituzte Jaurlaritzaren 2022rako kontuak, argudiatuta «pandemia baten erdian» halako neurriak onartzeak «desberdintasunak areagotu» besterik ez duela egingo. Salatu dutenez, erakunde publikoek ez dute planik egungo egoerari aurre egiteko: «Ez dago Gasteizen bizi garenok zaintzen dituzten pertsonen baldintzak duintzeko planik, ez osasun arloan, ez arlo soziosanitarioan». Kontrara, «boluntariotza zabaltzeko estrategiatzat» jo dute: «2022ko aurrekontuei buruzko eztabaida betean, Eusko Jaurlaritzan, aldundietan eta udaletan planteatzen duten irtenbidea boluntarioek EAEko lehen mailako arretako eta gizarte zerbitzuetako gai soziosanitarioen ardura hartzea da».

Hala definitu dute Jaurlaritzako Gizarte Politiketako eta Osasun sailek aldundiekin batera aurkeztutako Arreta Soziosanitariorako Estrategia 2021-2024 plana ere. Izan ere, gaitzetsi dutenez, hura bideratzeko martxan jarri beharreko zerbitzuak eta jarraitu beharreko kronograma zehaztu gabe daude.

Prentsaurrekoan, kritikatu dute osasun zentroetako beharginen egoera «kezkagarria» dela, «lehen mailako arretaren noraeza eta baliabide falta» dela medio: «Muturreko egoeran daude». Gogorarazi dute profesionalek ere hala salatu izan dutela; besteak beste, lehen mailako arreta ospitaleetan zentratutako ereduaren aurrean «abandonatu» dela esatean.

Elkarteen esanetan, osasungintza publikoak jasandako «utzikeriak» agerian utzi ditu «pribatizazioak jandako sistemaren ahultasunak» eta herritarren osasuna «mehatxatzen duten merkataritza interesak». Horren adibidetzat jo dituzte erakunde pribatuetara jo duten gaixoen kopurua handitu izana eta Araban desgaitasunen bat dutenen %54 beren bizikideen zaintzapean egotea.

Era berean, Gasteizen eta, oro har, Araban osasun zentro berriak eraikitzeari eta daudenak berritzeari uko egin izana leporatu diete instituzio publikoei. Zehazki, Santiago ospitalearen kasua nabarmendu dute, eta herritarrei eskatu diete hura «bigarren mailako ospitale bat» bihurtzeko proiektua arbuiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.