IRAK

AEBek Iraken izan duten borrokarako misioa bukatu da, Bagdaden arabera

Irakeko Gobernuak esan du EIren aurka aritutako nazioarteko koalizioak herrialdean segituko duela, armada «entrenatzen eta formatzen»

AEBetako armadako soldadu bat Kirkuken, iazko martxoan. MURTAJA LATEEF / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 9a
18:20
Entzun

EI Estatu Islamikoaren kontrako ahaleginean nazioarteko koalizioak, AEBak buru, Iraken izandako borrokarako misioa bukatu da, Irakeko segurtasun nazionalerako aholkulari Qassem al-Aarajik gaur iragarri duenez. Behin duela bi urte pasa EI ofizialki garaituta, Joe Biden AEBetako presidenteak eta Mustafa al-Kadhimi Irakeko lehen ministroak jakinarazi zuten, joan den uztailean, helburu zutela aurtengo abenduaren 31rako misioa bukatutzat ematea. Nolanahi ere, nazioarteko koalizioak eta Irakek lankidetzari eutsiko diote aurrerantzean ere, eta, Al-Aarajik Twitterren adierazi duenez, nazioarteko tropetako kideek «prestakuntza, aholkularitza eta formakuntza» emango diete Irakeko armadako soldaduei. Urtea amaitu aurretik egin asmo dute «trantsizioa».

Koalizioak 3.500 bat soldadu dauzka Iraken, eta AEBetako armadakoak dira horietatik 2.500 inguru. Borrokarako misioa bukatutzat eman arren, ez da espero soldadu kopurua murriztea, baizik eta haien egitekoa aldatzea. Dena den, ofizialki orain iragarria izan den arren, nazioarteko soldaduak iazko udaberritik ari dira Irakeko soldaduak entrenatzen.

Irakek erabakiaren berri eman du, AEBetako Gobernuarekin izandako elkarrizketa saileko azken bilera egin ondoren. «Iraken subiranotasuna eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuz bermatzen da haien [nazioarteko tropen] presentzia», esan zuen segurtasun nazionalerako aholkulariak, Irakeko Ina berri agentziak jaso zuenez. Koalizioaren eta NATOren misioaren tropak «babesteko konpromisoa» hartu du, gainera, Irakeko Gobernuak. Izan ere, erasoak pairatu izan dituzte.

Irakeko eta Irakeko Kurdistango funtzionarioek zenbait hedabideri azaldu dietenez, AEBak buru dituen koalizioak Iraken jarraituko du, Irakeko armadak behar duelako, besteak beste, aire bidezko babesa EIren helburuen aurka egiteko, baita AEBek emandako armamentua zaintzeko laguntza ere.

Bost urteko borrokaren ondoren, YPG Herriaren Babes Unitateak, YPJ Emakumeen Babes Unitateak eta Siriako Indar Demokratikoek (SDF) garaitu zuten EI fronte militarrean, nazioarteko koalizioaren laguntzarekin. Azkenaldian, baina, Irak iparraldean areagotu egin dira EIren erasoak. Pasa den asteburuan, esaterako, EIren kideek lau pexmerga
—borrokalari kurduak— hil zituzten, Irakeko iturri ofizialen arabera. Muturreko islamistek herrixka bat bereganatu zuten, baina 24 ordu geroago, astelehenean, pexmergek eta Irakeko armadaren soldaduek berreskuratu zuten.
Bestalde, datorren astean, hilaren 18an, hain zuzen, beteko dira hamar urte Irakeko gerra ofizialki bukatu zenetik. 2003an hasi zen, AEBek herrialdea inbaditu zutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.