Reala 3-0 PSV Eindhoven

Aurrera, kapitainari segika

Mikel Oiartzabal, egindako gol bat ospatzen. Hark gidatu du Realaren garaipena. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abenduaren 9a
20:59
Entzun

Realak Europa ligan segituko du. Txuri-urdinek PSV Eindhoveni irabazi behar zioten aurrera egin eta final-hamaseirenetarako sailkatzeko, eta halaxe egin du. Imanol Alguacil teknikariak partidaren atarian esana zuen bazuela konfiantza bere jokalariengan, eta bai asmatu ere. Lan bikaina eginda sailkatu da hurrengo errondarako, Mikel Oiartzabal gidari hartuta.

Lehen zatian, bai Realak, bai PSVk izan dituzte aukerak markagailuan aurrea hartzeko. Herbehereetakoek patxada handiagoz ekin diote neurketari, husnako emaitza baleko zitzaiela jakinik. Realak, ordea, erasora egin behar izan du nahitaez. Erlojuaren aurkako lehia betean izan da, hasieran: zenbat eta gehiago itxaron, gero eta denbora gutxiago gola egiteko.

Hargatik, hasi eta berehala hartu du jokoa bizitzeko ardura. Imanolek ere lan horiek egiteko aukerako taldea zelairatu du; ohiz kanpoko hamaikakoaren alde egin, eta Igor Zubeldia eta Martin Zubimendi kokatu ditu zelai erdia indartzeko. Aurrean, txinparta bilatu du: Adnan Januzajek,Oiartzabalek, Cristian Portuk eta Alexander Isakek osatu dute erasoko jokalarien multzoa.

PSV gertutik zainduz ekin diote, eta presaka aritu gabe baina haien atera begira jo dute sarri. Zortzigarren minuturako, ezker hegalean aldeko falta bat jaurti du Januzajek; bisitariek gisa horretara geratu dituzten seinale. Dena den, txuri-urdinei gatza falta izan zaie Joel Drommel atezainaren aurrean. Isakek buruz buruko aukera ona eduki du 15. minutuan, baina ez du aprobetxatu.

Eidhovendarrak ohartu dira larregi itxarotea kalterako izan zezaketela, eta aurrerako urratsa egin dute. Zelaian indartzea izan dute xede, eta lortu dute apur batean. Orekatzera egin du neurketak, eta Realak tantakatuago egin du erasora. Hori bai, hala egin duenetan, kontraerasora bizi joz eta pase gutxitan antolatutako jokaldiekin moldatu da.

Hala, bi areatan izan dira arrisku jokaldiak. Minutuek aurrera egin ahala, bi taldeetako edozeinek egin zezakeen gola. PSVren aldetik, garai batean Realekoa izandako Brumak estutu ditu Anoetara bildutako zaleak, baloia langara jaurti baitu 36. minutuan. Handi gutxira heldu da zoramen eztanda, ordea: Porturi penaltia egin diote, eta Oiartzabalek ez du barkatu (1-0).

Ordurako, 43. minutua zen, eta Realak abantaila hartu du. Atsedenaldiaren atarian neurketa orekatzeko aukera izan du PSVk, baina Brumaren falta jaurtiketa kanpora joan da.

Bigarren zatian, eroso

Egoera alde zuela ekin dio Realak bigarren zatiari, baina deus lotu gabe. Bisitarien gol batek erabat itxuraldatuko zukeen norgehiagoka. Baina, ordainetan, bere bertsiorik onena erakutsi dute etxekoek. Atzean erabateko sendotasuna ezarri, eta aurkariaren arean zirrikituak bilatzeari ekin diete. Baita lortu ere. Oiartzabalek, kontraeraso bat baliatu du ezkerkada indartsu batez bigarrena egin eta patxada lortzeko. Realak kapitainari segika egin du hurrengo faserako bidea.

Hortik aurrera, eta tarte zabala lortuta, bete-beteko jaialdia izan da Anoetan. PSVk nekez gainditu du etxekoen defentsako horma, eta jabetza gehiago eduki arren, deus gutxi egin du Reala estutzeko.

Aldiz, barealdi ederrean ziren txuri-urdinak, eta garaipena lotuta zutela jakinik, beste gol batekin festa borobiltzeko moduan izan dira. Alex Sorlothek sartu du, arauzko denbora gainditua zela. Norvegiarrak, jokaldi bikaina egin, eta sarera jaurti du baloia. Ordurako aise, nagusitasuna markagailuan islatzeko eta emaitzari distira emateko gola izan da. Otsailean, gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.