Mauleko erietxea

Mauleko ospitalea, Pauetik zuzendua

EH Baik Mauleko erietxea Baionakoari lotu nahi luke. Olueko zuzendaritza baztertu zutenetik, Pauetik kudeatua dago.

Mauleko ospitalea.
Joanes Etxebarria.
2021eko abenduaren 10a
16:44
Entzun

Mauleko ospitalea kudeatzeko zuzendaririk ezean, azken urteetan Olueko (Biarno) ospitalearekin partekatua zen zuzendaritza. Baina 2021aren hastapenean, ospitaleko langileek kudeaketa arazoak salaturik, hango zaintza batzordeak Oluerekin partekatua zen zuzendaritza kontratua haustea deliberatu zuen. Geroztik, behin-behineko aterabide gisa, Paueko (Okzitania) ospitaleak hartu du Maulekoaren zuzendaritza. Maulera jinen litzatekeen zuzendari bat bilatzen ari da Eskualdeko Osasun Agentzia (ARS, frantsesezko sigletan), baina sei hilabetez ez dute nehor atzeman.

EH Bai alderdiko zuberotar hautetsiek agerraldia egin zuten iragan astean, Mauleko ospitalea aipagai, Baionako ospitalearekin bat egitea eskatzeko; horien artean zen Egoitz Urrutikoetxea Lexantzüko hautetsia. “Gure ustez, lurraldeaz mintzo garenean, behar dugu Ipar Euskal Herriaz mintzatu. Azken urteetan bada lurralde koherentzia bat administratiboki, politikoki eta instituzionalki, eta, gure ustez, osagarri zerbitzuek ere hein bereko antolaketa behar dute”, zioen Urrutikoetxeak, osasun mailan Euskal Elkargoak medikuntza etxeetan duen inplikazioa oroitaraziz.

Mauleko ospitaleko langileen ordezkariak, Jerome Etxemaitek (CGT sindikatua), argiki dio bere iritziz ez dela momentuko erronka zein ospitale talderen esku izan (Paue ala Baiona). “Gero ospitale taldea aldatzea aipatzen bada, ikusiko da, baina, oraingoz, arazoa da denbora osoz zuzendari bat behar dugula”. Paueko ospitaleko tutoretzapean izateak erran nahi baitu, Etxemaitek argitu duenez, oraingoz behin-behineko zuzendari bat igorri zaiela Pauetik, baina erabakiak oro ez direla bere esku: “Zuzendari bat beharko da, deliberoak hartzen ahalko dituena. Behin-behineko zuzendaritza honek ez ditu erabakiak oro hartzen ahal, Paueko ospitaleak hartzen baititu”.

Maule Baionako erietxearen adar bat bilakatzekotan, Frederic Etxebar Mauleko ospitaleko mediku koordinatzailearen ustez, antolaketa administratibo guztia aldatu behar litzateke: “Batetik, Baiona ez da batere interesatua Maulera jiteko; eta gobernatzen gaituzten egitura administratiboak aldatzen ez direino, Mauleko ospitalea ez da Baionari lotua izanen”. Paueko tutoretzaz galdeturik, bestalde, Etxebarrek zehaztu du hastapeneko beldurrak uxatuak izan direla: “Hastapenean denek beldur ukan dugu ospitalea itxiko zela; orain, ez. [Paueko ordezkariek] Erran dute begi bistakoa dela egitura hau salbatu behar dela”.

Donapaleu adibide

Mauleko ospitalaren arta sistema ez da ospitale orokor batena bezain osoa; hainbat zerbitzuren xerka, zuberotarrak inguruko bi ospitaleetara joaten dira: Oluekora eta Donapaleukora. Azken horrek, Baionako ospitaleko parte denetik, ukan duen bilakaerak argumentuak eman dizkio EH Bairi, Urrutikoetxearen arabera: “Ikusten dugu Donapaleurekin ondorio baikorrak ukan dituela, zerbitzu desberdinak han baitira orain. Uste dugu ber dinamikan sartu behar dugula”.

Mauleko mediku koordinatzaileak konfirmatu du mediku espezialista haboro badirela Donapaleuko ospitalean Oluekoan baino: “Baionan mediku berezitu anitz bada, errazki heldu dira barnealdera lan xerka. Pauen, aldiz, lanpetuak dira, eta ez dute Olue edo Orthezera joan beharrik paziente xerka”. Baina preseski Donapaleu eta Izpurako klinika ohiak hartu dituelako, Etxebarren ustez, Baionak ez du interesik ikusten Maulen: “Urrunegi gara, eta jadanik indar handiak egin dituzte beren baitan Donapaleu eta Izpurako egiturak hartzeko”.

EH Baik beste argudio bat aitzinatu du Baionaren aldeko hautuan, arrunt politikoa: “Badugu ahalmen haboro eragiteko bihar Baionari lotua bada, gaur egun ez duguna Pauerekin, gure antolamendu instituzionala Ipar Euskal Herriaren heinean delako”.

Zuberoako eragileen artean balitzateke, bestalde, luze gabe ikertzen ari diren beste bide posible bat ere: Akitania Berriko eskualdeko ospitale lokal guztien arteko zuzendaritza komuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.