1 Formula

Max Verstappen txapeldun 1 Formulan

Red Bulleko gidariak 24 urterekin irabazi du lehen aldiz 1 Formula. Azken urteetako mundu txapelketarik ederrenetakoa izan da, eta belgikarrak Lewis Hamiltoni garaikurra kentzea lortu du bost urte igaro eta gero.

Max Verstappen Abu Dhabin, gaur, podiumean. ALI HAIDER / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 12a
18:32
Entzun

Amaitu da, momentuz, Lewis Hamiltonen aroa (Mercedes). Txapeldun berria du 1 Formulak: Max Verstappen (Red Bull). Belgikako gidariak urteak zeramatzan zaleen ahotan, eta garaipen mordoa ere bazuen zakuratuak. Hamiltonen hegemoniak, ordea, suntsiezina zirudien. Mercedeseko gidariak zazpi bider irabazi du gidarien txapelketa, azken zazpi urteetan sei aldiz. Verstappenek ez zuen sekula eskuratu lehen postua, gaur arte.

Gaur buruz burukoa jokatu dute: sailkapen nagusian berdinduta heldu dira Abu Dhabira, azken lasterketara. Nor baino nor azkarrago Red Bull eta Mercedes; nor baino nor hobeto gaztea eta zaharra. Aspaldian 1 Formularen inguruan sortu gabeko ikusmina sortu du aurtengo txapelketak; hein handi batean, bi txapeldunen arteko lehiari esker. Ez da gutxiagorako izan azken lasterketa ere.

Lehen itzulitik jardun dira mokoka. Lehen postuan Verstappen atera da, baina ez du irteera ona egin, eta Hamiltonek aurrea hartu dio; Red Bullekoa azkar saiatu da postua berreskuratzen, baina Mercedesekoak lehen postuari eutsi dio, maniobra eztabaidagarri bati esker. Epaileek ez dute zigortu. Verstappeni aldapa gora jarri zaio lasterketa; izan ere, pneumatiko bigunekin irten da, eta Hamilton, berriz, gogorragoekin.

Perez eta Red Bull

Estrategia aldatu behar izan du Red Bullekoak. Gainontzean, lan zikina Sergio Perez (Red Bull) taldekideak egin dio: hainbat buelta egin ditu Hamiltonen aurretik, eta hura atzean edukitzea lortu du. Horri esker, zortzi segundotik bira murriztu da Hamiltonek Verstapenni kentzen zion aldea. Beste bien parera iritsitakoan aitortu du txapeldunak taldekidearen lana: «Checo mito bat da», esan du irratitik. Lasterketa erdia zuten aurretik.

Behin Perez paretik kenduta, Hamitonek erritmo bizia ezarri du, Giovinazziren istripu batek segurtasuneko autoa aterarazi duen arte. Pistan jarraitzea erabaki du Mercedesek, eta gurpilak aldatzea Red Bullek. Gurpilak aldatu gabe hamazazpi segundoren aldeari eutsi behar zion azken lau urteetako txapeldunak. Bost itzuli falta zirela, segurtasuneko beste auto bat. Orduan bai: orduan hasi da azken buruz burukoa.

Eta Hamiltonek ezin izan dio eutsi tronuari. Verstappenek pneumatiko berriagoekin jo dio erasoa , eta txapeldun bilakatu da. Ikusteko dago aurrerantzean zer gertatuko den: Verstappenen aroa hasiko ote den, Hamiltonena amaituko ote den, edo bien arteko lehia hasi besterik ez ote den egin. Aurtengoa bezain ikusgarria bada, ongi etorriko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.