Etxeberria-Martija 14-22 Jaka-Mariezkurrena II.a

Bigarren garaipena Jaka-Mariezkurrenarentzat

Irabazleek gaizki ekin diote lehiari (9-0), baina irauli egin dute. Etxeberriak Altuna III.aren ordez jokatu du.

Erik Jaka, joan den astean, Lizarran (Nafarroa). IñIGO URIZ / FOKU
2021eko abenduaren 12a
22:29
Entzun

Lautik bi Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenarentzat. Garaipen gazi-gozoa izan da hala ere, irabazleek ez baitute euren jokorik onena egin; hala aitortu du atzelariak neurketaren ostean.

Mariezkurrenari asko kosta zaio partidan sartzea, eta markagailua da horren erakuslerik onena: 9-0 galtzen hasi dira. Txapelketaren hasieratik dabil eskuin eskuan arazoekin Berriozarkoa. Zorionez, ordea, alboan izan du gaur Erik Jaka, arratsaldeko pilotaririk onena.

Hasiera txarraren ostean bikotea bizkarrean hartu du Jakak, eta markagailua irauli dute Baikokoek. Hobeto jokatzen hasi da Mariezkurrena ere. Akats asko egin dituzte, berriz, Etxeberriak —Altuna III.aren ordez jokatu du— eta Martijak; bost tanto soilik amaitu dituzte neurketa osoan. Hala heldu dira 14-15era, eta hortik aurrerakoak erreskadan egin dituzte irabazleek.

Bihar amaituko da laugarren jardunaldia, Urretxun (Gipuzkoa), Ezkurdia-Tolosaren eta Peña II.a-Albisuren arteko norgehiagokarekin. Azken bi postuetan daude, oraingoz, bi bikote horiek. Lehen postuan berdinduta daude, berriz, Elezkano II.a-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta bikoteak, hiruna garaipenekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.