Koronabirusak 500 milioi pertsona utzi ditu muturreko pobrezian

Osasun arta ordaindu behar izateak hondoratu egin du milaka familien ekonomia. 1930etik izandako krisi ekonomiko larriena dela ohartarazi dute OMEk eta Munduko Bankuak.

Talde bat janaria banatzen Kuala Lumpurrren, Malaysian. AHMAD YUSNI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 13a
11:40
Entzun

Koronabirusaren pandemiak ondorio ekonomiko larriak izan ditu munduan, 500 milioi pertsona muturreko pobrezian uzteraino. OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta Munduko Bankuak 1930eko finantza krisiarekin konparatu dute osasun arta ordaindu behar izateak eragin duen krisia. «Ezin da denborarik galdu. Gobernu guztiek ahalegina egin behar dute euren herritarrei osasun arreta eskura jartzeko. Horrek esan nahi du inbertsio gehiago egitea osasun eta gizarte arloetan», nabarmendu zuen atzo Tedros Adhanom Ghebreyesusek, OMEko idazkari nagusiak. Osasun Arreta Unibertsalaren Egunean plazaratu zuten bi erakundeek oharra.

Lehendik ere milioika milioika herritar zeuden muturreko pobrezian osasun gastuen ondorioz, baina pandemiak larriagotu egin du egoera, jende askok lana galdu baitu eta ordaindu beharreko osasun zerbitzuak ugaritu egin baitira. Munduko Bankuko Osasun, Elikadura eta Herritarrentzako Bulegoko zuzendari Juan Pablo Uriberen esanetan, pandemia bera baino lehen mila milioi pertsonak bideratzen zuten euren irabazien %10 osasun zerbitzuetara. Nekazaritza eremuetan egoera okerragoa da; izan ere, askok kilometroak eta kilometroak egin behar dituzte medikura joateko.

AEBak dira herrialde aberatsen artean doako osasun artarik ez duten gutxietako bat. Han gogor jo du pandemiak azken hilabeteetan, eta are zaurgarriago bilakatu du osasun aseguru pribaturik ez duten herritarren egoera. Indian ere, Pew Research zentroaren arabera, pandemiak klase ertainetik kanpo utzi ditu 32 milioi herritar —egunean bederatzi eta 17 euro artean irabazten dutenak leudeke klase ertaina deritzon horretan—.

Dena dela, osasun krisiak adingabeei eragin die gogorren. Unicefek zabaldutako datuen arabera, bi urteotan ehun milioi haur geratu dira pobrezian, 2019an baino %10 gehiago. Erakundeak ohartarazi du zazpi eta zortzi urte artean beharko direla, onenean ere, pandemia aurreko egoerara itzuli ahal izateko. Krisia sakonagoa da garapen bidean dauden herrialdeetan; han bizi diren adin txikikoen erdiek gutxienez hutsune bat dute oinarrizko beharrizanetan, dela hezkuntzan, osasunean, elikaduran edota etxebizitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.