Ingurumena

Kooperatiba batek uko egin dio bere egoitza nagusia Bergaran jartzeari, bertan ezarri nahi duten paper hondakinen lantegia dela eta

Paper hondakinak kudeatzeko lantegia ezartzea babestu du Jaurlaritzak, udala aurka dagoen arren. Valogreene Paper BC SM enpresako lantegia Bergaran ezartzeak Larramendi poligonoko beste enpresa batzuk uxatzea eragin zezakeela aurreikusi zuen udalak duela hilabete batzuk, lantegiak askatuko dituen substantzia arriskutsuak direla eta.

Bergarako udalak lantegiaren inguruan urrian emandako prentsaurrekoa. IDOIA ZABALETA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko abenduaren 13a
12:18
Entzun

Valogreene Paper BC SM enpresako lantegia Bergarako Larramendi poligonoan jartzeko arrisku handia dagoela ikusita, bere egoitza nagusia bertan ezartzekoa zen berrehun langileko kooperatiba batek, azkenean, Arrasaten izango du egoitza. Asteburuan iragarri du berria Bergarako udalak, eta Valogreene Paper enpresaren lantegia bertan ezartzeak dakartzan ondorioez ohartarazi du: «Paper industriaren hondakinen planta Bergaran ezarri aurretik, dagoeneko eragin dio kaltea herriari».

Aipatutako enpresak paper industriak sortzen dituen hondakinak kudeatzen ditu. Proiektu berriak zerikusi zuzena dauka Zaldibarko zabortegia amiltzearekin. Izan ere, 2020ko otsailean zabortegia malkartu arte, papera ekoizten duten enpresek hara eramaten zituzten hondakinak. Orain ez daukate hondakin horiek kudeatuko dituen lekurik, eta horregatik egin zuen Valogreene Paper SM enpresak bere lantegia Bergaran zabaltzeko proposamena, paper industriak bultzatuta.

Hala ere, azken hilabeteotan herritarren eta eragile ekologisten susmoak piztu dituen zenbait gertakari izan dira hondakinak kudeatzeko lantegiaren inguruan. Batetik, enpresak udalaren oniritzia lortzeko txostena egiteko eskaera egin zuenean ez zuen zehaztu proiektuaren benetako asmoa, eta karea ekoizteko enpresa bat izango zela esan zuen. Horrez gain, enpresak Jaurlaritzari ingurumen baimen bateratuaren tramitazioa hasteko egindako eskaera aurkeztu zionean, «hondakin ez-arriskutsuetarako jarduera» gisa deskribatu zuen enpresak egiten zuen lana. Udalak, urriaren 29an egindako prentsaurrekoan, jada azaleratu zuen zer arrisku zekartzan enpresa bertan ezartzeak: «Baldintza hauetan enpresa hau Larramendiko industrialdean ezartzeak beste enpresa batzuk uxatuko dituen konfirmazioa daukagu. Ehunka lanpostu daude kolokan epe motzean».

Bere garaian, baieztapen hori horrela jakinarazi zien Eusko Jaurlaritzari eta enpresaren irekiera babestu duten bestelako eragileei ere. «Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paperrek ustez sortuko lituzkeen hamabost lanpostuak herriko kooperatibako berrehun horien gainetik jarri ditu», salatu du orain udalak. Adierazi dutenez, ekintza horrekin Jaurlaritzak eta SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Larramendiko poligonoa «kondenatu» dute.

Hori ikusita, udalak Jaurlaritzari eskatu dio «birpentsatzeko» enpresa hori Larramendin ezartzearen inguruan daukan jarrera: «Aurkeztutako proiektua arautegiaren kontrakoa izateaz gain, hasieratik eragin ditu zalantzak herrian proiektu horrek ingurumenaren ikuspegitik. Eta orain ziurtatu da enplegua suntsitzeko bide ere izan daitekeela».

Ingurumen Administrazioaren Legea

Pasa den astean onartu zen Ingurumen Administrazioaren Legeari egindako zuzenketaren aurka egin du Bergarako Udalak. Azaldu duenez, lege berria onartzeak berekin ekar dezake horrelako egoera gehiago sortzeko bidea «zabaltzea»: «Horren bitartez, herriaren beharren kontra egiteko bidea zabaltzen zaio Eusko Jaurlaritzari, goi mailako interes publikoko proiektuak izendatzen dituzten horiei proiektuak inposatuz». Bergarako Udalak azaroaren 29an onartu zuen lege horren kontrako mozioa, udalen autonomia urratuko duelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.