Osasuna

Jaurlaritzak jakinarazi du 34 eutanasia eske jaso direla, eta hamahiru jada egin direla

Zortzi paziente eutanasia egin aurretik hil dira; hamabi eskea aztertzeko prozedura betean daude, eta pertsona bakar bati eman diote ezezko erantzuna

arantxa iraola
2021eko abenduaren 13a
14:18
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko agintariek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin duten agerraldi batean jakinarazi dute Eutanasiaren Legea ezartzeko prozedurak zertan diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Martxoan onartu zuten legea Kongresuan; ekainean sartu zen indarrean, eta ordutik 34 eutanasia eske jaso direla jakinarazi dute, eta hamahiru pertsonari eman zaiela ja hiltzeko laguntza medikoa. Zortzi paziente eutanasia egin aurretik hil dira, eskea egin zutenerako oso larri baitzeuden; hamabi eskea aztertzeko prozeduran daude orain, eta pertsona bakar bati eman diote ezezko erantzuna.

Esan dute legeak, oro har, osasun profesionalen partetik harrera «positiboa» izan duela, eta 5.000 inguruk propio legearen gaineko trebakuntza egin dutela dagoeneko. Gehienak Osakidetzako profesionalak dira, baina eremu soziosanitarioko beste adarretako langileak ere badira tartean.

Kontzientzia eragozpena
Kontzientzia eragozleen erregistro bat antolatu behar izan dute, eta esan dute soilik fakultatiboen %1,9k eman dutela orain arte izena zerrenda horretan. Oso kopuru «baxua» dela esan dute, eta eutanasia eskeei erantzuteko arazorik ez dela egon horregatik.

Erregistro hori eratzea izan da legea martxan jartzeko urratsetako bat, baina gehiago ere izan direla nabarmendu dute: Berme eta Ebaluazio Batzordea sortu zen aurrena, legean aurreikusitako prozeduren agiri ofizialak diseinatu dira, eta herritarrei informazioa emateko ahalegina egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.