Ikus-entzunezkoen legea

Kontseiluak «adostasuna» eskatu dio Eusko Legebiltzarrari ikus-entzunezkoen legearen inguruan

Galiziako Parlamentuan egin moduan, eskarietan bat etor daitezela eskatu die alderdiei. Lege proposamena ez du nahikotzat jo, eta edukien kopuruan nahiz finantzaketan «berdintasuna» falta duela salatu.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, gaur, Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Julen Aperribai.
2021eko abenduaren 13a
17:29
Entzun

Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berriaren inguruan Euskalgintzaren Kontseiluak duen jarreraren berri eman du Paul Bilbao idazkari nagusiak, Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean, eta lege horren inguruan hizkuntza gutxituen aldeko beste zenbait eragilerekin batera egiten ari diren lanketa azaldu du. Legearen aurreneko lanketan aktiboki parte hartu dutela zehaztu du, eta hainbat «ekarpen» egin dizkiotela lege proposamenari. Alabaina, horietako «bat bera ere» ez dutela aintzat hartu deitoratu du.

Kontseiluak adierazia zuen aurrez ere testuan jasotzen diren urratsak ez direla inolaz ere nahikoak, beste hainbat gizarte eragilerekin egindako agerraldi bateratuan, eta hala berretsi du gaur Bilbaok: «Kuota txiki bat jarri dute ekoizpenari dagokionez, baina gobernuak berak azaldu du ez diela plataforma guztiei eragingo. Legeak berak ez du berariaz aniztasuna aitortzen, eta euskararen kasuan, horren garrantzitsua den bikoizketaren gaiak ez du bermerik». Horrenbestez, legea, tramitatu bitartean, «nabarmen hobetu» beharko dela adierazi du.

Aldi berean, Bilbaok dei egin die Legebiltzarreko alderdiei gaiaren inguruan «adostasunera» irits daiteze. Horretarako, Galiziako Parlamentua eredutzat har dezate gonbidatu ditu, zeinean alderdi guztiak bat etorri baitziren oinarrizko zenbait puntutan: «galizierazko eta gaztelaniazko gutxieneko edukiak eta ehunekoak berdindu beharra bikoizketan, azpitituluetan eta audio deskripzioetan, bai eta telebista kanal eta plataformetako ikus-entzunezko ekoizpenen finantzaketa aurreratuan ere». Eskaera partekatu hori «aurrerapauso itzela» iruditzen zaio Bilbaori, eta alderdiei galdetu die ea han posible izan dena zergatik ez den posible Legebiltzarrean.

Bilbaoren esanetan, «berdintasuna eskatzeko» ados jarri dira Galizian, eta, hain justu, legeak printzipiotzat berdintasuna hartu behar lukeela defendatu du, hizkuntza gutxituen aldeko gainerako gizarte eragileekin adostutakoa oinarritzat hartuta. Gutxieneko edukietan eta finantzazioan, bietan, islatu behar litzateke hori, azaldu duenez: «Legeak aniztasunari erreparatuko badio, lehenik, estatuko hizkuntza guztietako edukiak eta gutxieneko ehunekoak berdindu beharko ditu bikoizketan, azpitituluetan eta audio-deskribapenetan. Eta, bigarrenik, estatuko hizkuntzetako ikus-entzunezko ekoizpenak finantzatzeko betebeharrak ere berdindu beharko ditu, plataforma digitaletarako zein telebista-kanaletarako».

Aitortzarik eza

Berdintasunik ezaren oinarrian dago, Bilbaoren ustez, legeak hizkuntza aniztasunari «berariazko aitortzarik» egin ez izana. «Ulergaitza egiten zaigu, jasota baldin badago berezko hainbat hizkuntza daudela estatuan, alegia hizkuntza aniztasuna dagoela, zergatik ez den horren isla ematen onartzen diren legeetan», esan du.

Aipamen berezia egin dio, halaber, legean jasota dagoen formulazio bati: «erkidego autonomoetako hizkuntza ofizialen batean». Ohartarazi du gaztelania ere badela hizkuntza horietako bat, eta, horrenbestez, aurreratu du argitzeko eskatuko duela «berezko hizkuntza ofizialen inguruan ari den». Zehaztasuna eskatu du, eta eskaera horrekin lotuta kezka agertu du streaming plataformei ezarritako hizkuntza kuoten inguruan. Izan ere, Espainiako Gobernuak albiste agentzia bati baiezatau zionez, Espainiako Estatutik kanpo sortutako streaming plataformek ez dute edukiaren %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izan beharko —hala adostu zuen ERC Esquerra Republicana de Catalunyak, hasiera batean, Espainiako Gobernuarekin—.

Hitzartzearen amaieran, Bilbaok gogoratu du legearen inguruko eskaera zehatzak egingo dizkietela alderdiei etzi, Madrilen, hizkuntza gutxituen alde jarduten duten beste zenbait eragilerekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.