Kalamua

Marihuana legeztatu duen Europako lehen herrialdea da Malta

Banakoek gehienez zazpi gramo kalamu eduki ahal izango dituzte nork bere kontsumorako. Etxean, berriz, gehienez lau landare hazi ahalko dira. Baina debekatuta egongo da jendaurrean edo adingabeen aurrean erretzea.

Kalamu haztegi bat Johannesburgon, Hegoafrikan. KIM LUDBROOK, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 15a
09:19
Entzun

Gaurtik legezkoa da marihuana kontsumitu eta haztea Maltan. Neurria onartu duen Europako lehen herrialdea da hura. Arauak, baina, baditu mugak: norbanakoek ezin izango dituzte zazpi gramo baino gehiago eraman, eta etxean gehienez ere lau kalamu landare hazi ahalko dituzte. Horrez gain, debekatuta egongo da jendaurrean edota haurren aurrean erretzea.

Europan badira antzeko asmoa iragarri duten herrialdeak, besteak beste Alemania edo Luxenburgo; badira erabilera jakinetarako kalamua baimentzen dutenak ere, Herbehereak kasu. Baina uharteko gobernua izan da haren erabilera legez onartzen lehena. Atzo arratsaldean bozkatu zuten lege proposamena parlamentuan, eta aldeko 36 boto eta aurkako 27 jaso zituen. Berdintasun ministro Owen Bonniciren iritziz, onuragarria izango da neurria, kontsumitzaileak «kriminalizatzea» saihestuko duelako, eta droga trafikoa gutxituko, kalamua behar dutenek hura lortu ahalko dutelako ezkutura jo gabe.

Arauak zigorrak ere aurreikusten ditu legea urratzen dutenentzat. Ehun eurorainoko isuna ordaindu beharko dute zazpi gramo baino gehiago eta 28 baino gutxiagorekin atzematen dituztenek. Aldiz, 235 euroko isuna jasoko dute jendaurrean erretzen dutenek, eta 500 eurokoa adingabeen aurrean kontsumitzen dutenek. Kontrolpean izango dituzte kalamu elkarteak ere, eta mugatu egingo diete erosle bakoitzari saldu beharreko kopurua; aldi berean, kontsumitzaile bat elkarte bakarreko kide izan ahalko da.

NBE Nazio Batuen Erakundeak iaz egin zuen lehen urratsa, kalamua erabilera terapeutikorako onartuz. Horren ostean, estatu askok jo dute indarrean duten legedia aldatzera. Italiak iragarri du auziari buruzko galdeketa bat egingo duela datorren urtean, eta kontsumoa legeztatu dutenak ere badira; esaterako, Hegoafrika, Mexiko, Jamaika eta AEBetako hainbat estatu. Uruguai izan zen kalamuaren kontsumoa legeztatu zuen munduko lehen herrialdea: 2013an izan zen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.