Etxebizitza

AZETek salatu du hiru familia etxegabetu dituztela Bilboko Alde Zaharrean

«Ondasun handiak dituen jabe bat» eraikin oso batez jabetu zen, bertako bizilagunek eta etxebizitza sindikatuko kideek azaldu dutenez, eta hiru familiek alde egin behar izan dute, errenta berria ezin ordainduta.

Etxegabetzeak salatzeko Bilbon egindako agerraldia, gaur goizean. AZET ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Julen Aperribai.
2021eko abenduaren 15a
13:23
Entzun

Bilboko Erribera kaleko 9. zenbakiko bizilagunek eta AZET Etxebizitza Sindikatuko kideek agerraldia egin dute, eta salatu dute eraikin horretan bizi ziren hiru familiak beren etxea utzi behar izan dutela. Azaldu dutenez, udan jakin zuten «gure auzoan hainbat jabetza dituen jabe handi batek gure etxeak erosi zituela». Adierazi dute jabe berriak bloke horretako errentak «errenta altuagoengatik ordezkatu» zituela, eta horrek beren etxetik alde egin beharrean utzi zituela bloke horretan bizi ziren bost familiatik hiru.

Izan ere, «etxegabetzeko modu asko» daudela azaldu dute, eta horietako bat dela bloke oso bat jabe handi bati saltzea, «bertan bizi diren familiak etxetik alde egitera behartuz». Modu hori eta beste zenbait, gainera, «legalak» direla salatu dute: «Gure kasua, Erriberan eman dena, estatistika ofizialetan agertuko ez den etxegabetzea izan da, beste hainbat bezala. Etxegabetze sotilak dira, oharkabean pasatzen direnak, inpunitate osoz gauzatzen direnak eta instituzioen babes osoarekin exekutatzen direnak».

«Espekulazio operazioa» salatzeaz gain, etxebizitzaren jabeari bi eskaera zuzen egin dizkiote agerraldian: «blokean geratzen diren auzokideek lehengo jabearekin sinatutako kontratua errespetatzea» eta «eraikina birkalifikatzeko eta eraberritzeko obra guztiak egungo auzokideekin adostea».

Agentzia, «bitartekari»

Jabea ez ezik, Somera higiezinen agentziak «operazio espekulatibo honetan egindako bitartekari lana» ere salatu dute. Ohartarazi dute ez dela halakoekin «topo» egiten duten lehen aldia, eta gaitzetsi dute halako enpresek «etxebizitzaren problematikan, merkatu espekulatiboan eta auzo herrikoien suntsiketan paper erabakigarria» jokatzen dutela. Izan ere, azaldu dute higiezinen merkatuak «pobreen arteko gerra» sustatzen duela. Horrez gain, «arrazakeria immobiliarioa» ere aipatu dute: «pertsona migrante edo arrazializatuei alokairuak ukatzea», alegia. Higiezinen agentziek desokupazio enpresen eta jabeen arteko bitartekaritza zerbitzua eskaini ohi dutela ere salatu dute. Gentrifikazioaz ere ohartarazi dute etxebizitza sindikatuko kideek, eta azaldu dute higiezinen agentziek fenomeno horri hauspoa ematen diotela.

Etxebizitza eskubidea «oinarrizko beharra» dela gogorarazi dute agerraldian, eta horren aldeko dinamikak txalotu dituzte, etxebizitza sindikatuei aipamen berezia eginda: «Desjabetu moduan antolatzen ari gara, eta horren adierazle da Euskal Herriko hainbat auzo eta herritan etxebizitza sindikatuetatik eraikitzen ari den komunitate politikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.