Kolonbia

Gobernuaren aurkako protestetan 28 manifestari hiltzea egotzi dio NBEk Kolonbiako Poliziari

NBEren Giza Eskubideen Bulegoak egin duen ikerketaren arabera, 63 hilketaren berri izan zuten apiriletik uztailera arteko manifestazioetan, eta horietatik %76 tiroketen biktima izan ziren.

Kolonbiako Polizia manifestariei oldartzen, uztailean, Boogotan. PABLO RODRIGUEZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 15a
16:31
Entzun

Manifestazioak izan ziren nagusi Kolonbian aurtengo udaberrian eta uda hasieran. Ivan Duque presidenteak bultzatutako zerga erreformak piztu zuen herritarren haserrea, eta hainbat egunez kaleak bete zituzten gobernuaren aurkako aldarriek. Protestak, baina, ez ziren baketsuak izan. Datu ofizialen arabera, 63 manifestari hil zituzten —horiek dira NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoari jakinarazitako heriotzak—; horietatik, gaur-gaurkoz, 46 baieztatu ahal izan ditu nazioarteko erakundeak: 28, Poliziak berak tiroz hildakoak.

2021eko lanuzte nazionala. Kolonbian modu baketsuan biltzeko eskubidea erabiltzeko ikasitakoak izeneko txostena aurkeztu du gaur Giza Eskubideen Bulegoko ordezkari Juliette de Riverok. Bertan jasotzen diren datuen arabera, egiaztatutako 46 hildakoetatik 44 ziren zibilak, eta bi poliziak; horrez gain, hildakoetatik %76 tiroketen biktima izan ziren. «Ikerketa argi, azkar, independente eta sakonak egin behar zaizkie indarkeriaren erantzule guztiei, baita estatuaren aginduetara aritu zirenei ere», esan du Riverok. Horrez gain, Kolonbiako Gobernuari eskatu dio berma dezala biktimek kalte ordainak jasotzen dituztela.

Rivero kezkatuta agertu da manifestazioetan kaleko jantzita eta armak eskuan zituztela manifestarien aurka jo zutenen inguruan ere. «Kolonbian aldatu egin behar da protestak kudeatzeko modua. Estatuak bermatu egin behar ditu giza eskubideak», nabarmendu du NBEko ordezkariak. Txostenak jasotzen duenez, Bogotak ez zituen manifestariak babesteko neurriak hartu, eta, aldiz, «gehiegizko indarkeria» baliatu zuen protestan ari zirenen aurka, kasu batzuetan baita sexu indarkeria ere. Adibide gisa jasotzen du apirilaren 28ko greba deialdia. Egun hartan, Poliziak indarrez desegin zituen manifestazioak, modu baketsuan biltzeko eskubidea urratuz. Alde horretatik, gogora ekartzen du Kolonbiak onartuak dituela indarkeriaren gehiegizko erabilera eragozteko nazioarteko protokoloak.

Nazioarteko araudiaren arabera, protestak indarrez desegin daitezke soilik baketsuak izateari uzten diotenean. Baina legeak zehazten du banako batzuek beste batzuei bultza egitea ez dela indarkeria, eta errepideak moztea ere ez; eta soilik indarkeriatzat joko litzatekeela gehiengo batek herritarren aurka joko balu, inoren aurka gogor oldartuko balitz edota kalte material handiak eragingo balitu. Bide batez, nabarmentzen du ezin zaizkiela manifestari guztiei edo antolatzaileei egotzi gutxi batzuek eragindako istiluak, eta estatuak bermatu egin behar dituela «indarkeriaz» akusatutako horien giza eskubideak ere. Hala, Kolonbiari dagokionez ondorio argia atera du Riverok: «Gutxi batzuek edo gutxiengo batek eragindako istiluek ez dute zuritzen modu baketsuan manifestatzen ari zirenen aurkako indarkeria».

Segurtasun indarrek baliatutako indarkeriaren adibide jakinak ere jasotzen ditu txostenak. Haietako bat da 20 urteko Harold Antonio Rodriguez. Maiatzaren 3an hil zuten gaztea, Siloen, ogia erostera zihoanean. Ez zen manifestazioetan parte hartzen ari, baina tiroz hil zuen Poliziak. Berdin gertatu zitzaion 26 urteko Christian David Castillori ere. Bogotan zen Castillo ekainaren 22an, ESMAD Istiluen Kontrako Eskuadroi Ibiltariak jaurtitako negar-gas jaurtigai batek buruan jo eta hil zuenean. Bi kasuetan, fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen.

Suzko armen erabilera

Dokumentuak ohartarazten du suzko armen erabilerari buruz ere, eta nabarmentzen segurtasun indarrek ez lituzketela horiek soinean eraman behar manifestazio baketsuak zaintzeko. «Norbait hiltzeko arriskua dagoen kasuetan edo pertsona jakinak zaintzeko soilik erabili behar ditu Poliziak suzko armak; inoiz ez manifestazio baketsu bat sakabanatzeko», azaldu du Riverok. Arma arriskutsuen artean sailkatzen dituzte, gainera, negar gasa jaurtitzeko erabiltzen direnak eta tarte motzetan erabilita heriotza eragin dezaketenak.

Hildakoak ez ezik, zaurituak ere eragin zituzten manifestazioek: 1.140 zibil eta 1.712 polizia zauritu zituzten. Baina txostenak zehazten du kopurua askoz handiagoa izan daitekeela, zaurituetako askok ez zutelako erietxera jo, Poliziak identifikatu egingo zituen beldur. Hala, manifestariek eurek antolatutako «larrialdi guneetan» artatu zituzten horietako asko. Nabarmentzekoa da zaurituetako zenbatek galdu zuten begi bat, edo biak. Gobernuz kanpoko Temblores erakundearen arabera, 103 salaketa jaso zituzten uztailaren 20ra arte; horietatik %79, Poliziaren oldarraldien ondorioz. Kasuen %34tan biktimek begi bat galdu zuten, edo ikusmena nabarmen murriztu zitzaien.

Duqueren gobernua, baina, ez dator bat erakundearen ondorioekin. Bogotak jasotako datuen arabera, protestetan 29 pertsona hil zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.