Futbola

Euskal selekzioak ez du jokatuko Gabonetan

Txile edo Nigeriaren aurka jokatzeko saiakera egin du federazioak. "Baina ezinezkoa izan da, Espainiako Ligak egutegian egindako aldaketengatik", adierazi du Javier Landeta presidenteak. Martxoan saiatuko dira berriro.

ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 15a
16:58
Entzun

Azken asteetako zurrumurrua baieztatu egin da. Futboleko euskal selekzioak ez du partidarik jokatuko Gabonetan. Hala jakinarazi du, ohar baten bidez, federazioak. "Azkenera arte saiatu gara. Baina ezin izan ditugu batu halako partida garrantzitsu bat jokatzeko beharrezkoak ziren osagai guztiak. Atsekabetuta gaude; ez genuen hau espero", adierazi du Javer Landeta presidenteak.

"Ahalik eta kalitate handieneko partida" antolatu nahi zuten, eta, oharrean jasotzen denez, hiru irizpideren arabera egin nahi zuten hori: goi mailako jokalarien deialdi bat osatzea, aurkaririk erakargarriena gonbidatzea, eta ahalik eta zale gehien bilduko lituzkeen zelai bat topatzea. "Baina ezinezkoa izan zaigu. Prozesu honetan, erabakigarria izan da Espainiako Ligak egutegian egindako aldaketak". Federazioak bi egun zituen buruan, abenduaren 21a eta 27a. Aurkarien kasuan, Txileko eta Nigeriako selekzioekin hitz egin zuten. Baina datorren astean Athleticek eta Alavesek Ligako partidak dituzte, egutegian izandako aldaketak direla medio, eta ezinezkoa izango da.

Landetak zaleengan jarri du arreta. "Ulertu eta babestu egiten dugu erabaki honek zaleengan eragiten duen frustrazioa. Ez da nahi genuena, eta gogorra izan da onartzea". Hemendik aurrera helburu bat dutela aurreratu du Landetak: "Ea martxoan aipatutako hiru irizpide horiek betetzen diren". Data jakinik eman ez duen arren, martxoaren 24 eta 29 artean izango litzateke, orduan jokatzen baitira Qatarko Munduko Kopan egoteko azken kanporaketak. "Gogor jarraituko dugu lanean, gure nahia baita euskal selekzioa jokalari onenekin, zelairik onenean eta aurkaririk indartsuenaren kontra jokatzen ikustea".

Iazko azaroaren 16an jokatu zuen azken partida euskal selekzioak. Costa Ricaren kontra jokatu zuen, Ipuruan. eta 2-1 irabazi zuen. Unai Nuñezek sartu zuen, luzapenean, garaipenaren gola. Orduan Javier Clemente zen hautatzailea. Baina Barakaldoko teknikariak kargua utzi zuen, berriro ere Libiako selekzioa zuzentzen hasteko. Euskadiko Futbol Federazioak oraindik ez du erabaki nork hartuko duen haren lekua. Bi dira bolo-bolo dabiltzan izenak: Jagoba Arrasate eta Joseba Etxeberria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.