Mendia

Korrikalarien aukeraketan «irizpide gardenagoak» nahi ditu federazioak

Federazioko zuzendaritza taldeak ohar bat argitaratu zuen joan den astean euskal selekzioko korrikalarien adierazpenen harira. Korrikalarien hautaketarako aurrerantzean aintzat hartuko diren irizpideak zehaztu dituzte.

Zigor Egia, Euskal Mendizale federazioko lehendakaria.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 15a
21:22
Entzun

Iragan ostiralean atera zen argitara auzia: mendi lasterketako korrikalari gehienek jakinarazi zuten ez direla berriz euskal selekzioarekin arituko. 2021eko mendi lasterketetako euskal selekzioko korrikalari guztiek sinatutako ohar baten bidez egin zuten jakinarazpena, baita erabakiaren argudioak azaldu ere: «onartezintzat» jotzen dute Euskal Mendizale Federazioak azkenaldian izandako jokabidea. Batik bat, federazioan hautatzaile zereginetan ziharduen boluntario taldea aldatu izanak sumindu zituen kirolariak. Orain, adierazpen horiei erantzun die federazioak. Zuzendaritzak argudiatu du korrikalariak aukeratzeko irizpideak «eguneratu» eta «gardendu» beharrak bultzatu dituela aldaketak.

Ohar bidez aletu ditu Euskal Mendizale Federazioak egindako urratsen zergatiak azaltzeko argudioak. Besteak beste, xehetasunez zehaztu dituzte txapelketetarako lasterkarien selekzioa osatzeko aurrerantzean kontuan hartuko diren irizpideak. Diotenez, asmoa da irizpide horiek «kirol-merituetan, alderdi objektiboetan eta izaera teknikoko beste batzuetan» oinarritzea. Irizpide berrien zerrendan azaldua denez, nabarmen begiratuko diete sailkapenei eta emaitzei. Horregatik, azaldu dute beharrezkoa dela hautatzaileentzat «irizpide teknikoak» ezartzea.

Halaber, federazioko zuzendaritzak nabarmendu du orain arte jardunean izan diren hautatzaileei ez eusteko erabakia hartu izana ez dagoela kirol emaitzekin loturik. Kontrara, argudiatu dute hain zuzen ere irizpideen gaineko desadostasunak direla erabakiaren atzean. Izan ere, «guztiek norabide berean arraun egitea» nahi dute, diotenez.

Gainera, zuzendaritzak adierazi du errespetua dietela korrikalariek hartutako erabakiei. Edonola ere, ohartarazpena egin dute: «Lasterkari onenek beti izango dituzte zabalik selekzio honetako ateak».

Selekzioaren aldeko apustua

Azken astean piztutako eztabaidari erantzuteko argudioak emateko ez ezik, federazioak selekzioaren aldeko adierazpenak egiteko ere baliatu du oharra. «Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, eta, horretan lanean jarraitzen dugun bitartean, helburua mendi lasterketetako euskal selekzioak selekzio gisa funtzionatzea da», azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.