100.000 lagun atera dituzte etxetik Filipinetan, tifoi baten beldur

Gurutze Gorriak ohartarazi du litekeena dela «urteko okerrena» izatea eta milioika laguni kalte egitea. Herrialdeak aurten jasan duen hamabosgarren tifoia da.

Manilako kale bat tifoi bat jasan eta gero. ROLEX DELA PENA/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko abenduaren 16a
11:32
Entzun

Filipinetan ia 100.000 lagun atera dituzte etxetik, Rai tifoiak kalteak eragingo dizkien beldur. Gurutze Gorriaren esanetan, litekeena da 2021eko tifoirik okerrena izatea eta milioika pertsonari kalte egitea. NBEren Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak azaldu du 9 milioi lagunetik gora bizi direla tifoiak gogorren jo ditzakeen eremuetan; horietatik 2,1 milioi, egoera bereziki zaurgarrian. Hala ere, oraingoz ez dute jakinarazi ez hildakorik, ez zauriturik. Aurten izan duten hamabosgarren tifoia da hau.

Rai tifoia heldua da Filipinetara. PAGASA Filipinetako Eguraldi Agentziak jakinarazi du gaur goizaldean jo duela lurra, eta ohartarazi du «oso haize bortitzak» ekarriko dituela: 195 km/h-tik 240ra pasatu dira haizeak. AEBetako Itsas Armadak «supertifoitzat» jo du Rai. Dagoeneko herrialdeko hiru eremutara heldu da: Siargao Uhartera, Ipar Surigaora eta Dinagat Uhartera. Guztiak daude herrialdeko hego-ekialdean, tifoiak gogorren jo duen eremuan, hain zuzen ere. Kostaldean uholdeak espero dituzte, eta mendialdean, lur jausiak.

Gobernuak larrialdi mailarik altuenean jarri ditu zortzi eskualde, eta hogeitik gora dira alarma egoeran daudenak; hala jakinarazi du NDRRMC Hondamendi Nazionalak Arintzeko Agentziak. Erdialdeko eta hegoaldeko uhartedietan daude eskualde horiek, eta guztira 30 milioi biztanle dituzte. Horrez gain, ikastetxeetan eta lantokietan telelana bultzatu dute, baita COVID-19aren aurkako txertaketarako zenbait eremu itxi ere. Horrek kezka sorrarazi die zenbait erakunderi, zaildu egin baitezake larrialdietarako prestatutako aterpetxeetan izurriaren aurkako prebentzio neurriei eustea. Era berean, kostazainek jakinarazi dute itsasontzi guztiak erdialdeko eta hegoaldeko portuetan lehorreratu direla, guztira ia 4.000 bidaiari eta langile. Hegaldi gehienak ere bertan behera geratu dira.

Gobernuak 6,6 milioi dolar bideratuko ditu elikagaiak bertaratzera. UNICEFek ere jakinarazi du kaltetutako familientzako hornigaiak prestatzen ari dela, kalkulatu baitu egoera zaurgarrian 700.000 haur izango direla herrialdean.

Azken tifoitik bi hilabete eskas bete diren honetan heldu da aurtengo bortitzena izan daitekeena. Urriaren erdialdean, Kompasu izenekoak 11 lagun hil zituen. Orduan ere, jendea etxetik atera zuten; orduko hartan 6.500 inguru izan ziren lekualdatutakoak.

Urtero dozena bat tifoi jasaten dituzte herrialdean, NDRRMCren arabera. Iaz, Goni tifoiak ere 20 hildakotik gora utzi zituen. Dena den, 2013an izandako Haiyan da azken urteetako bortitzena, 6.300 lagun hil baitziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.